« Itxaropena eta etsipena | Ez da posible »
Izendaezinaz / Tere Irastortza / Pamiela, 2008
Erran ezina ere mintzo Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-01-11
Gai erlijiosoak erlijiosoki landuak ez dira irakurle honen arreta erakarri ohi dutenak. Alta, erlijioei guztiz interesgarriak deritzet fenomeno historiko, kultural, sozial gisa, are antropologiko gisa ere, gure mundua nola edo hala ulertuko badugu.
Erlijioen muinean jainkoak ditugu (Jainkoa, kultura monoteistetan), non gizabanakook eta gizarteek kontzentratu egin baitituzte beldurragatik-edo izendaezin suertatzen zaizkien sentimenduak, bizipenak, desioak eta ziurgabetasunak. Izendaezinaz saiakerak muin hori (Jainkoa kontzeptuak islatzen duen bizi-magma hori) eta haren izendaezintasuna (gure mintzamenaren zailtasunak) ditu aztergai. Hain muin izendaezina, non behin eta berriz parentesi arteko hutsune baten ikurra, ( ) alegia, izanen baitu baliabide argiena horren ideia adierazteko irakurleari. Hutsune hori ez da ezerezarena, ez da “zerbaiten aurkakoa”, ezer edo zer bat (deus bat) baizik; halako moldez non, funtsean, Deus bezala, “Dena ere izan zitekeen Jaungoikoaren izena”. Kitzikagarria, benetan, Tere Irastortzaren hizkuntz espekulazioa, zergatik egin ote zioten uko euskaldunek Deus izenaren maileguari, euren magma izendaezina kristautu izan arren.
Kontziente da, oso, egilea zein aipaezina den jainkoaren gaia “adierazpen askatasuna oinarritzat duen gizarte eta aro batean”. Horrela hasten da, hain zuzen ere, liburua, hala-holako desenkusak eskainiz ni bezalako irakurleoi. Baina saiakera leitzen hastera animatzen dena laster konturatuko da Irastortzak ez duela erlijiotik landu gaia, jainkoa ardatz izan arren, baizik eta bertze zentzu gizatiarrago batetik, berak hasieran ere aitortzen duena: “Jainkoari buruzko galdera batekin hasi, eta hausnarrean agertzen diren beste galdera batzuei bide emanez sortu da” liburua, “beldurraz, heriotzaz eta amodioaz esaten duguna eta jakin gabe esanarazten zaigunari buruzko hausnarketa bat harilkatuz”. Erranen nuke sen poetiko propioa duen pertsona baten gogoeta filosofikoak direla. Izan ere, poeta dugu batik bat Tere Irastortza bere sormen lanetan.
Sen poetiko horrekin dihardu egileak filosofia liburu honetan. “Zer da Jainkoa” du galdera lehen zatiak, izendaezinaren multzoan gero sartzeko bideak prestatzen. “Ni naiz” dugu bigarrena: izendaezinaren multzoa kontzentratzen duen Ni Naiz biblikoak ni eta bertzea bereiztea dakar (“Ni hori ez baita DENA”), are ni ukitu- eta izenda-ezina ere, eta, hortaz, debekua, agindua eta beldurra. Hirugarren zatian, “Hura da”, beldurraz eta heriotzaz erran ezin dugunaz ari da, hurrengo “Gu gara” izenekoan jainko bakartzailearekin kontraerranetan dagoen amodioaz solasteko. Azkenik, “(G)izadia” atalean, hizkuntza, solasa, nola izan daitekeen irtenbidea: “izendaezinik badela ukatu ez eta izendaezinaz mintzatzeari uko egin ez”, hots, “denaz mintzatu”.
Irakurketa anitz izan ditzake liburuak, hala nola Xabier Leterena, liburuak daraman “Gibel solasa”koa alegia. Nik, dena dela, profanoago honekin gelditu naiz funtsean: mintzoa dugula edonola ere izendaezinaren magmarekin bizikidetza lortzeko, beldurra, amodioa, heriotza bera ere, gure ezinbertzeko bizipen mota guztiak, bizigarri egiten saiatzeko.
Sorpresaz beteriko bide bat, kitzikagarria azken batean, hartu du Tere Irastortzak, aldi berean poeten lanabes eta lehengai den mintzoaren balioen alde berriz ere agertzeko, Blas de Oteroren antza “me queda la palabra” gogoangarri hartan. Eta egitura txukuneko liburua, non, gainera, atal labur bakoitza iradokizunez bordatu izanak edertu egiten duen osotasun biribilaren lorpena.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi