« Minimalismo poetikoa | Gabon »
Intimitatea / Hanif Kureishi (Harkaitz Cano) / Txalaparta, 2008
Esanak esan Beñat Sarasola / Berria, 2008-11-30
Emakumezkoaren genero berdintasunaren aldeko borrokaren ondorioz etorri omen da gizon garaikidearen nora eza. Gizona, orain gutxi arte edukitako familia nahiz gizarte posizio eta botere pribilegiatua ahulduta, jokoz kanpo geratu da, helduleku ziurrik gabe. Gaur egun sarritan entzuten diren ideiak dira honako hauek, eta Intimitatea nobelako protagonistak, Jayk, balizko nora ez hori argi asko adierazten duela esango nuke.
Bere emazte Susan eta haurrak uztekotan da Jay, eta lagun duen Victorren etxera alde egin aurreko orduetan, bere bizitzaren errepasoa egiten du. Hala, bereziki, Susanekin osatutako erlazio eta familia bizitzaren krisiaren azalpena, Jayen azalpena, da liburu hau. Horretarako, testua behin eta berriz burutzen diren analepsien bidez bilbatua dago, denboran atzera-aurrera eginez, bikotekidea eta semeak utzi aurreko orduetatik iraganera, eta alderantziz. Hasieratik dago presente Jayk berak baino ezagutzen ez duen familiaren patua, alegia, denbora gutxiren buruan, etxea utziko duela: “Gaurik tristeena da hau, banoalako eta ez naizelako itzuliko”, halaxe hasten da Intimitatea.
Ni indartsu batek idatzita, duela gutxiko beste itzulpen batekin konparatzearren, Marie Darrieussecq-en Tom hil da nobelako ni narratiboarekin erkatu liteke. Idazkera intimioa, eguneroko baten antzerakoa, apur bat osatugabe, hari sendo gabekoa. Seguruenik bat-batekotasun eta gertutasuna lortzea helburu zuen Hanif Kureishik, irakurlearen belarri ondoan jartzea nolabait, baina aitortu behar dut idazkera eten hori dela kontakizun honetan gutxien gustatu zaidan aldea.
Dena den, nobelako puntu funtsezkoena, arestian aipatu legez, Jayren egoera emozional lazgarriaren adierazpena da. Badirudi Susan eta bere arteko harremanak hondoa jo duela, cul de sac batean aurkitzen da Jay, bere berezko izaera goibel depresiboak bultzaturik —argigarria da, eta psikoanalistak bagina, akaso, erabakigarria, haurtzaroan bere gurasoekin izandako erlazio eta etxe giroa—. Narratzailearen porrot sentimental hori da hasieratik amaiera arte lantzen den gaia. Alde horretatik, idazketa eta generoaren inguruko ohiko aurreiritziak —laburbilduz, gizonezkoek gudarien borrokak kontatzen dituzte; emakumezkoek, beren sentimendu intimoenak— kolokan jartzen ditu testuak, halaber, mundu intimo hori sakontasunez eta konplexurik gabe kontatua baitago (esaterako, hor daude Jayk prostatarekin dituen arazoak). Bestetik, porrot sentimental horren hustasuna da ezaugarri interesgarrienetakoa. Izan ere, Jay eta Susanen arteko harremanaren inguruko xehetasun ugari ematen baditu ere, Jay ez da maitasunak eta zorionak zergatik ihes egin dien zehazki azaltzeko gai. Ezinegon horren atzean ez dago adulterioa (hori, kasu honetan, ondorioa da), ez dago, antza, lan arazoa; ezinegon horren kausa beste zerbait da, zehazgabeagoa, eta lotuagoa dagoena goian aipatutako gizon garaikidearen krisialdiarekin. Jay gizon nahiko arrakastatsua izanagatik (gidoigilea da, etxe eroso batean bizi da), ez du topatzen ezer pizgarririk bere bizitzan. Nina amorante ohia zen halakorik ematen zion bakarretakoa, baina hura ere galdu du. Haurrak ere hor daude, baina, aitortu duenez, alde egin aurreko azkeneko hilabeteetan sentitu du benetan eurenganako maitasuna: “Duela oso gutxi baizik ez naiz umearekin maitemindu”. Eta jada beranduegi da.
Hala ere, egon badago itxaropenerako tarterik. Galdu du emaztea, laster galduko ditu haurrak, galdu du amorantea… Etsipena al da geratzen den bakarra? “Esanak esan, sinesten dut maitasunean”.
Denbora bizigarri baterako
Marina Garces
Irati Majuelo
Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta
Amaia Alvarez Uria
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Ibon Egaña
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Asier Urkiza
Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx
Aritz Galarraga
Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu
Mikel Asurmendi
Denboraren zubia
Iñaki Iturain
Aritz Pardina Herrero
Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños
Irati Majuelo
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Joxe Aldasoro
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Aiora Sampedro
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Mikel Asurmendi
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza