kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Labirintoaren orduak / Amaia Iturbide / Erein, 2008

Irudimenezko begiratu estetikoa Patxi Sarriegi / Deia, 2008-07-15

Labirintoaren orduak izenburupean Amaia Iturbidek idatzitako azken poesia liburuan zer esanarekin batera nola esana ardura zaiola nabari zaio egileari, hain zuzen, olerkari bilbotarrak idatzitako bosgarrena dagoeneko. Taupadaka idatzitako liburua da, biziminez egindakoa. Bertan, hitza lan tresna iradokitzailea du, hitz jokoen bidez bereziki aberasten duena. Eta hitzak, askotan, irudietatik datozkio, irudigintzak beregan indar handia duela nabaria da behin eta birritan.

Gauaz hitz egiten du bertan, hainbat gauren ikuspuntuaz. “Labirinto tatuatuaz” izendatutako atalean, hain zuzen, gauei buruzkoak deskribatzen ditu, besteak beste, erakusleihoa, ekipajea, islak, alkimia, itzal amaigabea, mihise, urezko estatua, aingeru, hiru neurri, bi ispilu… izendatutako olerkietan. Aurrerago atal desberdinetan, ibiltariarenak, oinaztargiaren grafologia, pantomimen artean, historiaren bi gurpil, elkartasun puskak, begitarteka, liparraren giltzaz… denboraren joana, azken batean. Eta kontrapuntuak: “Hona simetrien abilezia: hildakoen begitarte bizia eta bizien begitarte hila”. Horretaz gain, paisaiak irudikatzen ditu eta bideak, hain zuzen, pinturak diren paisaiak, eta ezinbestean, tristurarekin toparazten gaitu Iturbide olerkariak Labirintoaren orduetan, tristura txatalak, tristura poltsak. Halaxe dio: “Iltzatuak, norbere egitasmoetan, norbere urratsetan./ Iltzatuak katuak bezalaxe, nor bere urruntasunean, nor bere iluntasunean, nor bere erloju orratzean”.

Nabari zaio poetari oroitzapenezko begiratua hainbatetan, 1986an argitaratu zuen lehen olerki liburutik datorkion begiratu etengabea. Olerkiok, askotan, gogoetarako tartea dira, bai Iturbidek bere barrua hustueko erabiltzen duena, baita irakurleak ere maiz sentituko duena… ez al da, bada, poesia, nork bere barruarekin biltzeko aukera ezin hobea? Horixe erakutsi eta frogatzen digu poetak beste behin, patxadaz egin ere.

Hitz eta adiera joritasuna maiz topatu ditugu bertan; baita ederki jorratutako hitz neurtuak ere, betekadarik sortzen ez dutenak. Eta denen gainean, ideia aberatsak, gogoetatzeko gonbite etengabeak, bere laburtasunean ere: “Eskerrik asko ispilu / prestatutako zerbitzuengatik / Eskerrik asko begitarte / ni ez naizena antzezteagatik”. Metaforak gogoko ditu olerkariak, askatasuna eta irudimena daramatzatelako barruan, beste mundu bat islatzeko baliagarriak direlako. Halaxe sentiarazi gaitu Iturbidek, olerkiz olerki, lerroz lerro… irudipenez betetako mundu idiliko batean. Poesiaren zeregina aldarrikatuz, gogoeta espazioak zabalduz. Olerkiok urrats berrien adierazle dira, gizartean txertatzeko poetaren ahalegina

Asko arriskatu du Iturbidek, irudi asko horren lekuko, eta zergatik ez, plazer estetikoa bilatu ere egin behar dela ederki frogatzen du olerkiotan. Eta horretarako hizkuntza aldetik ere goraipatzeko moduko ahalegina egina du egileak, hizkuntza adierazkorra eta konplexurik gabekoa erabiliz. Olerkiok, hain zuzen, irudimenezko ahalegin eta begiratu estetiko horren lekuko dira.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak