kritiken hemeroteka

8.768 kritika

« | »

Ez da gaua begietara etortzen / Felipe Juaristi / Erein, 2007

Zirkuitu itxia Iratxe Esnaola / Gara, 2008-04-05

Mario Benedettiren poema bat etorri zait gogora liburuan sakondu ahala: “De vez en cuando es bueno / ser consciente / de que hoy / de que ahora / estamos fabricando las nostalgias / que descongelarán / algún futuro”. Denboraren ikusmolde lineal honek oraina, iragana eta etorkizuna bloketan banatzen ditu. Benedettik idatzitakoaren kontrara, ez da ezer onik zatikatze horretan, ustezko biharko begiekin oraina nahastean edo oraina iraganik gabe ezin bizi daitekeela pentsatzean. Aldaketa esfortzu guztiak alferrikakoak izango dira denbora modu horretan ulertzean eta zirkuitu itxi bat izango da denbora.

Felipe Juaristik Intzentsua lurrean bezala, Arinago duk haizea, Absalon eta Airezko emakumeak idatzi ostean, laugarren nobela honetan iraganaren gaineko gogoeta egiteko modua bilatu du. Aipatutako denboraren nozioak definitzen dituenez protagonisten gogamenak, iraganari begira ajetuak daude eta itxaron besterik ez dute egiten. Iragana zama bat da; arazoen iturburua. Oraina ezin uler dezakete iraganik gabe; oraina ezin bizi dezakete iraganeko kontuak kitatu gabe.

Kontakizuna gertakizun bakar baten inguruan osatu da: ETAk gizon bati tiro eman zion orain bi urte eta Lope Iraurgi protagonista haren lekuko izan zen. Ordutik hura gainditu ezinik dabil eta, hori gutxi balitz, hilik zela uste zuen aitaren berri izan du. Guztiak egiaren beldurrez alderrai ibiltzera darama. Itsututako pertsonaia, bere minean aztarrika begirik biltzea lortzen ez duela, iraganaz damu edo iragana segika duten beste pertsonaiez inguraturik aurkezten da. Bere intentzioa oroimenaz gogoeta egitea zela adierazi zuen idazleak. Gogoeta egin du, baina hori harilkatzeko istorioa hankamotz geratu da tarteka. Donostian egun bakarrean orduz ordu egindako ibilbideak —hiriaren kronikan hotelak eta kafetegiak, tren geltokiak—, Lope Iraurgik ezagun ditu zerbitzariak, pasieran ikusten dituen hiritarrak. Jendea topatu eta haien berri ematean, aurrean ikusten den guztia deskribatu beharrez, narrazioa estropozuka doa. Kontu sakabanatuak, loturarik gabeak, badira eta figura erabiliek “Ondorioz, sinesmena jauzi egin zitzaion, hain zuzen, mendi batetik behera jausten den harkaitza balitz bezala” eta kakotxa sarriegi erabiltzeak, moteldu egiten dute irakurketa aldika. Alderantziz, hilketaz eta haren ingurumari eta ondorioez hausnarrean interesgarri gertatzen da. Mina iritzi publikoa bideratzeko arma dela esatean kasu, erakusgarri jarria asmo zehatzen zerbitzura: “Mina erdibitu ezin dutenez bitan banatu dituzte minduak, batekoak eta besteak (…). Nor bere erlijioko minduekin geratu da”. Eta proposamena ere luzatu du: “Min guztiak min bakarrean bildutakoan, hondarra esku kuskuiluan bezala, berdinduko dira”. Bitxia da gogoeta pertsonaia eta ekintzen gaindi nagusitzea, berez hilketaren nondik norakoek aitzakia izan nahi baitzuten barne paisaiez arduratzeko. Arrazoibideekin jarraituz, ETAk ez duela ezer ahazten eta hori ezertaz ez akordatzea bezain kalterako dela esango da. ETA denboraren zulo beltzean sartuta dago eta ez du handik atera nahi. Badirudi paralelismoa intentziozkoa dela, pertsonaien egoera definitzen baitute hitz horiek. Zeharkako bide hori da interesgarri, eta are metaforaren interpretazio ireki bat ere; Lope Iraurgik ezin du begirik bildu eta horregatik ez da gaua begietara etortzen. Orduan lorik eza, denbora bezala, zuloa da.

Amaieran ezkutuan ziren kontuak agerian jartzea edo arrastaka zetozenak albo batera uztea erdietsiko dute pertsonaiek. Iraganetiko liberazioa lortzeaz batera itxaropen ukituz amaituko da narrazioa. Idazlearen arabera: “Norberaren baitatik irten eta zauriak itxi behar dira, bai oroimenean daudenak, baita fisikoak ere. Hori egiten dute pertsonaiek”. Baina nago azaleko aldaketa besterik ez ote den. Zabalik uzten den orain berriak biharko nostalgia eta damuei emango die jaten denboraren zirkuitu itxian.

Azken kritikak

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak