kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Antzararen bidea / Jokin Muñoz / Alberdania, 2007

Jakin nahi Aritz Galarraga / Gara, 2008-03-01

Jokin Muñozi irakurri nion behin, Bizia lo liburuaren arrakastaren aitzakian, ahalegin handia egin zuela Joan zaretenean nobela taxutzen, lan eta ilusio dosi ederra jarri zuela lan hartan, gero liburua oin-puntetan igarotzeko, igaro zen bezala. Eta, aldiz, haren aldean kasu handiagoa egin zitzaiola Atlantidara biajia kronika liburu asmo gutxiagokoari. Bizia lo liburuari egindako harrera (orokorrean) onak gauza bat lortu zuen, besteren artean: ezkutuxe zegoen idazlea euskal literatur panoramaren lehenengo lerrora ekartzea. Horrek dakarren guztiarekin, jakina, ondorengo lanak zorrotz jarraitu eta epaitzea, besteak beste. Antzararen bidea-rekin, nago, ez ote duen Jokin Muñozek pauso bat aurrera egin literatur ibilbide interesgarri horretan, eta ez ote duen neurri batean aurreko bide guztia laburbildu eta osatu nobela horrekin.

Semea Saloun lehertu berri zaio Lisari, berak jarri beharreko bonba batekin, eta alderrai dabil ordutik hona, lehendik ere nahiko zuzen ez bazebilen ere. Berau dugu Antzararen bidea nobelako protagonista nagusietako bat. Bigarren ildo batean, 36ko gerra garaira egiten da salto, Nafarroako Erriberara, eta garaitsu horietan gertatutako gorrien hilketak ezagutuko ditu irakurleak Jesusen laguntzarekin. Jesus dagoeneko agurea izango da, hain zuzen, bi istorio hauek elkarlotuko dituen pertsonaia, 36a eta 2003a, Donostia eta Trilluelos, gatazka bat nahiz bestea harremanetan jarriko dituena. Jakin-nahiak eramango ditu biak ala biak, Lisa eta Jesus, beren historian sakontzera, bestearen historian murgiltzera, ageriko gertaeren atzean dagoena ezagutu nahi izatera. “Agureak jakin nahi du, zuk bezala”, esango dio narrazioaren une batean Gigi lagunak Lisari. Jakin gosea, ahanzturaren aurkako antidoto gisa ere bai: “halako batean den-dena jakin nahi dugu, inoiz abandonatu gintuena betiko joan ez dadin. Langintza berean ari gara denok, hartara”, Jesusek Lisari zuzendutako hitzetan.

Jakin-nahiak beharko luke baita literatur lan ororen atzean ere, bide berri eta ezezagunak zapaltzeko nahiak, errealitateak sortzen dituen galderak fikzioaren bitartez ulertzeko ahaleginak. Eta zentzu horretan Jokin Muñozen azken liburua ez da salbuespena, galderak pausatzen baititu, erantzunak eman baino, ateak irekitzen baititu, itxi baino. Eta ez dakit hori literatura onaren seinale ote den, susmoa daukat izan daitekeela, baina bada behintzat Antzararen bidea nobelaren bertute nagusietako bat. Indarkeria politikoak eragindako minean (Lisaren minean, Jesusenean), horien erruduntasun sentimenduan, zergatien, galderen, zalantzen tunel beltzean sakontzeko gonbidapena da, azken batean, Muñozen lan berria.

Indartsua da lepoa moztu berri dioten antzararen irudia: “aizto tzarra ikusten du Demetrioren eskuan, antzararen lepoa estutuz, moztu ez moztu. Odol marra bat egin dio aiztoaren aho zorrotzarekin lepoko lumaje zurian”, eszena horrekin ekin dio liburuak. “Lasterka bizian atera da gorputz odolusten hasi berria. Zabuka doa, orain ezkerrera, orain eskuinera”, eta garai hartan haurra zen Jesusek begiak itxi ditu, “horrela, ez du antzara ikusi, txoperaraino iritsita, makal beltz baten oinetan gorpu erori denean, oraindik azken hatsetan bildua”. Bururik gabe, metro gutxi batzuk aurrera egiten dituenaren irudia. Irudi indartsua, metafora indartsua, liburua bera bezalakoa. Azalean dirudienaren aurka, zorrotza baita Antzararen bidea, erraz irakurri bai, baina irakurleari adi egotea exijituko diona. Horrek guztiak egiten du liburua erabat gomendagarri.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak