kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Ziutateaz / Bernardo Atxaga / Pott Liburutegia, 1978

“Ziutateaz” eta “Etiopia”: Obsesio berdinez eraikitako bi unibertso Josu Landa / Susa, 1982-01

Interpretapenerako ikaragarri zaila dugu Bernardoren literaturgintza. “Ziutateaz”en hasi eta “Etiopia”raino heltzen den bidea ezin esan loturarik gabeko bidea denik. Osotasunik antzematen zaio hasieratik, baina normalean ezin argitu nondik norakoa den.

Susa-2n argitaratu zen dagoeneko “Etiopia” obraren interpretapen posible bat, Lurdes eta Lidek egindakoa hain zuzen. Derrigorrezkotzat jo behar da berau Atxagaren obra hori ulertzeko. Dena den, urrutirago jo nahi dut nik, aurreko obra ere barnean sartuz.

Bernardok erabiltzen duen lengoaiaren bereizgarriak elementu desberdinetan aurki daitezke, dudarik ez dago. Lexikoaren aukeran bertan, besterik ez bada ere. Nik ez dut ordea ildo horretatik joko. Sinboloetatik abiatuko naiz, imajinetatik. Zeren Bernardoren obretan ageri diren imajinak behin eta berriro errepikatzen dira, askotan obsesiboak bilakatu arte. Gure saioa, beraz, obsesiboki azaldutako sinbolo horietan sakontzean oinarrituko da, gerora behar diren ondorioak ateratzeko.

Esan dezagun bi zatitan banatu dugula lana. Lehenbizi Atxagaren unibertsoa osatzen duten sinboloen azterketa soila eskainiko da, geroago liburu bakoitzean nola ageri diren zehaztearren, azken finean —oso itxura desberdineko bi liburu izan arren— unibertso berdinaren bi adierazpen besterik ez direla ikusteko.

Atxagaren ardatz obsesiboak

Bernardok berak asumitutako obsesiorik garbiena, eta aldi berean errepikatuena, ziutatearena da dudarik gabe. Dena dela, esan beharra dago, bi ikuspegi desberdinen aldetik ukitzen dela ziutatea. Bata, lortu nahi den helmuga ideal hori, eta bestea, sorlekua izanik irauteko desaproposa den beste toki hori. Beti bi erreferentzia horien artean mugitzen dira Bernardoren subjektuak, etengabeko ibilaldi luzean. Eta hemendik irteten dira ondorio gisa beste bi obsesio gehiago: bidaiarena eta apatridarena.

Apatridarena aurrekoaren abiapuntua da, haren zergatia. Bere ingurugirotik deserroturik ageri da beti Atxagaren pertsonaia —eta pertsonaia diodanean zentzurik zabalenean erabiltzen dut—, eremu arrotz baten barnean borrokan eta burua salbatu nahian. Hortik sortzen zaio apatrida denaren kontzientzia, baita ziutate horren jabegoaren bila ateratzeko arrazoia ere.

Bidaiarena aurreko sentimendu apatridaren ondorioa besterik ez da, desterruaren ondorioa: “…eta poesiaren gaia ukitzen duzunean munduaren azken muga ezagutzera abiatuko zara maleta batekin”. Esaldi honek laburtuko luke Bernardoren izkribuei darien “ejira” usaina, usain ibiltaria.

Bestalde, bai bidaiaren bai ziutatearen ezaugarririk atera badaiteke, krudeltasuna litzateke ezbairik gabe ezaugarri hori. Krudeltasunak ematen dio dramatikotasuna prosaren nahiz bertsoaren bilakaerari, eta krudeltasun horrek behartzen du gizakia ere krudela izatera. Gizakia da —inguruak kutsaturik— krudela bilakatzen dena bizirik iraun ahal izateko, eta ez alderantziz. Superbibentzi zentzuak kutsatzen du Atxagaren unibertsoa, eta horren ondorioz krudela izan beharra. Askotan bejetatiboa dirudien bizimodua da, azkenik, ziutatearen populadoreak daramana, krudeltasun hori bereganatuz jo puntu helgaitz horren atzetik borroka gogor eta itsuan.

Krudeltasunak beste pausu bat ematen du, ordea, eta amodioaren hondatzeraino garamatza. Amodioak ez du beste xederik, engainatzea ezik. Amodioa ageri den orotan, tranpa bezala erabilia da. Are gehiago, amodioan sinismenik duena tipo barregarri bezala azaltzen da beti, biziaren legeak ulertu ez balitu bezala, eta ondorioz ziutatean irauteko gauza ez balitz bezala.

Azkeneko pausua eman dezagun oraingoan, eta beti ere aurrekoaren kontsekuentziaz. Amodioaren desmitifikazioarekin batera, poetarena dator jakina. Poeta izan baita beti jendearen inkonsziente kolektiboan amodioaren kontzeptu idealista eta mitiko horren pertsonifikazioa. Poeta —amodioaren apaiza denez— erridikulorik handienak jasango dituena izango da, ziutateko pertsonaiarik miserableena, bizitzea ere merezi ez duena.

Bi unibertsoen arteko berdintasuna eta desberdintasunak

“Ziutateaz” eta “Etiopia”, bi unibertso desberdin. Baina artikuluaren izenburuan bertan esana dut dagoeneko obsesio berdinez eratuak direla bi unibertso horiek. Obsesioak deskribatuak ditugu honez gero. Argi dezadan, bada, beste puntua.

Ziutatearena bi liburuotan konstantea dela, ez dut uste demostratu beharra dagoenik. Bi izenburuek berek horren berri ematen digute. Etiopia ez baita, bigarrenean ziutatearen mitoa hezurmamitzen duena baino.

Bidaiarena ere aski garbi ikusten da, biotan ematen baitzaizkigu giltza garbiak. “Ziutateaz”en garbi aski esaten zaigu ziutate batetatik alde egin zuela Scardenalli delakoak “bertan jarraitzeko indarrak xahutuak” zituelako edo. Helburutzat hartutako ziutatearen grina gerora sortzen zaio, baina dudarik ez dago martxan jartzen dela ziutatea benetako obsesio gisa buruan duela, ez du besterik nahi, ziutatera ailegatzeaz gain. “Etiopia”n, berriz, Pioleten pertsonan mamitzen da giltzarria, “munduaren azken muga ezagutzera…”. Munduaren azken muga hori Etiopia izango da, ziutate mitikoa, ziutatearen mitoa berriz ere. Eta liburuaren egitura bederatzi ziklotan antolaturiko bidaia da azken finean.

Apatridaren obsesioari dagokionez, “Ziutateaz”en bertan Ikaroak hor daude, eta Scardenalli bera uko egindako Ikaro bat besterik ez da. Halere, egilea Ikaroen nahiz Scardenalliren aldeko aukerarik egiten ez badu ere, “Etiopia”n bai ordea, apatridaren aldeko aukera egiten du han, Kain eta Abelen fabula dela medio. Apatridaren aldeko ageri da, beraz, Bernardo, eta eman diezaguke, agian, bere obra eta bere bizitzaren arteko loturak argitzeko lehen giltzarria.

Baina kuriosoa da konstatatzea “Ziutateaz”ko protagonista hasera batetan bihotz onekoa dela, gerora bilakatzen dela maltzur eta gogo txarrekoa: “Eta, zin egiten diot nik ere neure buruari utzi egiten dudala neure zizaregoa eta ez naizela gehiago basauntza izanen. Hemendik aurrera putrea, edota sugea izanen naizela”. Scardenalliren agindupean dagoen ziutatea krudeltasunaren ziutatea da, horra hor “Bilintxi omenaldia” izeneko antzerkia edota barraketako ipuinen exenplua.

“Etiopia”n ere krudeltasun horren aztarnarik aurkitzen da. Piolet pertsonaiak berak, burubotaleak aprobetxatu behar ditu bere poemak ezagutarazteko. Era berean, bi liburuotan ageri den Caryl Chessman-en figura adierazgarri da, baita zineman fokak hiltzen direnekoa ere, edota Katyren heriotzearena. Bizitzaren alderdi krudel hau —eta hortik datorren dramatikotasuna— da pertsonaiak eta subjektuak gehien markatzen dituen faktorea.

Amodioa engainatzeko eta tranpa gisa besterik ez dela erabiltzen begi bistakoa da. Besterik gabe, ikus dezagun zenbat bider ageri den: Joe boxeolariaren kasua eta Bilintxen kasua “Ziutateaz”en, eta bukaerako ipuina “Etiopia”n. Bilintxen kasuan, erridikulua eta barregura sortarazteko besterik ez du balio amodioak. Joe boxeolariaren kasuan, eta baita “Etiopia”koan ere, heriotzera eramatearren engainu gisa besterik ez da erabiliko. Heriotzaz ari garenez, gogoratu era berean Bilintxen amaiera suizidioa dela. Tranpa erridikulu modura ez ezik, heriotzeko tranpa modura ere erabiliko da amodioa soil-soilik.

Tratamendu berdina jasoko du poetaren figurak, goian aipatu arrazoiengatik. Ezin dugu ahantzi poeta ageri den guztietan, amodioa ere tartetik dagoela, gehienetan tratamendu hondatzailea jasoz. Adibideak, aurrekoak aipatu berak ditugu.

Obsesio guzti hauek oinarri bakarra osatu arren, liburu bakoitzean oso modu desberdinez trataturik ageri dira. Hasieratik bertatik, “Ziutateaz” nobela bezala —zentzu zabalean, berriro ere— sailka baitezakegu, eta “Etiopia” batik bat poema-liburua baita. Hortik dator segidan tratamenduaren aldetik bion arteko lehen desberdintasuna.

Bestalde, eta aurrekoan esandakoaren nolabaiteko ondorioa izaki, beste hau letorke: bakoitzean erabilitako hizkera-mota. Esan nahi baita bata eta bestearen ipuinen artean ikaragarrizko aldea dagoela narratzeko eraren aldetik. Esan genezake “Ziutateaz”en azaltzen den idaztankera askoz sinbolikoagoa dela, sinboloak piloka erabiliz eta amets-giroa sortuz. Scardenalliren historia irakurtzerakoan amets batetan garela inpresioa jasotzen dugu: deskripzioetan konkretutasunak ihes egiten du, pertsonaien jazoerak eta enplegatutako sinboloak dira inportanteena, beste guztiak ihes egiten du. Zeren liburu osoa alegoria bat izanik ere, hizkera bera metaforikoa da, metaforen bidez adierazten zaigu giroa. Adierazia ere, sinbolikoa da zeharo.

“Etiopia”n, aitzitik, askoz zuzenago kontatzen zaigu dena: istorioak ez dira sinbolikoak, arruntak eta zuzenak baizik; sinbolorik deszifratu beharrik gabe jakin ahal dugu zer adierazi nahi digun egileak (ipuinetaz ari naiz, jakina). Areago, “Ziutateaz”en irakurleari uzten zitzaion aukera (interpretatzeko, partidu hartzeko) hemen emana zaigu. Egileak berak, aukera hartua dauka Kainen alde eta ez Abelen alde, eta era berean Piolet poetak aurkezten digun modeloaren alde. Eman lezake, gauzak horrela, Atxagak zuzenkiago esan nahi izan diola oraingoan noren alde hartu behar den aukera. Badaezpada “Ziutateaz”en ez zen garbi gelditu, “Etiopia”ren bidez adierazten digu orduan Ikaroen aldeko aukera egina zeukala. Bi liburuon arteko desberdintasunak ere garbi gelditzen dira, beraz (tratamendu aldetik bederen). Azkenik, konsziente naiz honako lerrooi egin dakiekeen kritika batekin, hots, ipuinen sinbologia ukitu dela gehien bat, poemen mundua nahiko aparte utzi dela. Egia da hori, baina horrek ere badu arrazoi bat. Bernardoren poemagintza oso mundu hertsia da ezagupenerako nahiz interpretapenerako. Baina ildo beretik dudarik ez dago poemen giltzarri asko ipuinen bitartez emanak daudela Bernardorenean, eta horiek argituz poemen mundu zailean arma handiagoez sartzeko aukera izango dela. Azkenean, nahita eta konszienteki bilatutako osotasuna duen obra batetaz ari gara, eta osotasun horrek permititzen digu libertate hori.

Ez behin betikoz interpretatuz, interpretapen baten atzetik baizik.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak