kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Olerkiak / Bernat Dechepare / Txertoa, 1968

Bernat Etxepare: Olerkiak N. Alzola / Jakin, 1970

Bernat Detxeparek idatzi eban olerki sorta liburuaren bederatzigarren argitaraldia da hau. Horretan gagoz behintzat. Zazpi argitara-aldikoen aleak ezagutzen geinuzan, eta bat bakarra lehenengokotzat daukagun 1545-garrenekotik. Denbora asko ez dala jakin dogu, beste bat be egin zala Erroanen, hemengoaren alerik orainarte agertu ezpada be.

“Txertoa” sorta barriaren lehenengoko liburua da Detxepareren hau. Mitxelena irakaslearen hitzaurre luze ta sakon bategaz agertzen da oraingo argitaraldia. Ba dauko lodi-betetasuna “Sarrera gisa” honek, eta irakurgarria da benetan. Utsik eta galtzerik ez daukon saioa da. Euskal Jakintzeagaz zer ikusi haundiak daukozan gaiak ikusten dauz. Gure literatura zaharraz eta gaurkoaz, esaten ditu bereak. Astiro astiro irakurri ta gogoan artzeko hitzaurrea da; Mitxelenaren beste saio bat baino geiago be holakoxeak dira: ondo ausnartu eta gogorakizun-bideetan iminten geituanak.

Textu zaharra oraingo ortografi barrian Aita Akesolok iminita dator gero, puntu eta ganekoak bear dan moduan orniduta. Hori, eta gaztelerara Aita Linok berak egin daben itzulpena, ezker-eskuma batera datoz. Eta Rene Lafon irakasleak Frantziako erderara egin daben biurtzea dator, azkenez. Eun eta larogeta amasei horrialde, aurkibidea kanpora, oso dotore eta alegin aundiagaz irartuta Valverdek. Zazpi koloregaz eginiko apaingarri bat arpegi-azalean: Zumeta egile.

Mundu guztiko jakintsuen eskuetara joango da argitaraldi hau, daroazan itzulpenei eskerrak Ordua da, kanpoerrietako iritzi-emoteileen aurrean itzulpen onakin Iminteko gure literatura dana, lengoa eta oraingoa, edo lanik onanak bai behintzat.

Itzulpenen bidez egin bear doguna da hori. Gure artekoak Detxepareren gañean zer esan dabeen badakigu: Urkijo, Schuchardt, Van-Eys, Ziessemer Manterola, Allende-Salazar, Francisque Michel, Orixe, Ariztimuño, Lafitte, Gil-Reicher, Lafon, Veyrin, Estornes, Onaindia, Michelena, Etxaide, Villasante, Akesolo, San Martin, Zaharra, Irigaray, Biriatu, Sarasola,… eta besteak. Itxaron daigun orain zer esaten deuskuen gure kulturatik kanpokoak, edo behintzat gure hizkuntza ez dakienak. Mundu guztiko literaturetako lorasortaetan aipatzeko neurririk emongo ete-deutsee gure Detxepareri? Baietz uste dot nik, bere maila bat ba daukala olerki batzuetan.

Oparotasun haundiagorik agertzen ez jakun bitartean Detxeparek euki eban bizitza ziurtasunez jakiteko, hor daukogu berak idatzi eban olerki-lana, aztertzeko eta ez da arlo estukoa. Gaiez ugaria eta aberatsa da, hain horrialde gitxiko liburutxo batentzako. Noraino da Renazimendukoa Detxepare, eta noraino Erdi-Arokoa?. Noraino, eta zertan bata eta bestea, izate eta esate aldetik?

Hitzez-hitz eta araudibidez aztertu dira hizkuntzaren aldetik “Linguae Vasconum Primitiae”-ko idatziak, baina arduraz eta sakontasunez saiatu gara literaturaren aldetik iritzi-neurritik zuzen eta zorrotz berea emoten lehenengoz agertu jakun olerkariari? Bere denborako eta lehenagoko literatura zaharretako eragiteak noraino ikutu eutsoen? Bere pentsaeraren egitamua be erabagi ta mugatu leike, asmuz baino obeto azalpen zehaztauekaz. Amabost eta amaseigarren gizaldietako literaturalarientzako eginbearra da hori; egin leikeana eta egin behar dana.

Olerki batzuen jatorritasunen auzi arloa be ez dago erabakita oraindinoko, kontuan artzeko iritziak badaukaguz be. Ijak-eta herrikoi-literaturan iraun dabeen L.V.P. liburu honetan agertzen diran kantu batzuen gaiak, zatika bada be, aurkitu diran leku batzuk ba dakiguz, eta uste ta iritziak azaltzeko oinarriak emoten dautzoz gaiari.

Eraketak egiteko modu barriak daukeez artezkariek gaur. Detxepareren olerkietan badago nun arakatu eta gai barriak aurkitu. Gauza batean sinisten dot: Detxepare ezagutzen bakarrik hasi gareala, eta ba dagoala lekua urrengokoentzako, bierra egin gure badabe.

Azken bako urteetarako bizitza opa deutsagu Txertoa Sorta barriari, Euskal Jakintzaren onerako.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak