kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Mundu munduan / Gabriel Aresti / Erein, 1985

Mundu munduan Aitor Etxebarria / Idatz & Mintz, 1986-10

“Erein” argitaletxea azken aldi honetan dabilkigu aspaldion argitaraturiko idazlan interesgarriak berrargitaratzen. Bide honetan, esate baterako, Orixeren Santa Kruz apaiza, Andu Lertxundiren Goiko Kale eta abar.

Oraingo honetan ez hori bakarrik: sekula argitaratu bako Arestiren Mundu munduan eleberria. Bueno, zehatzago esanez, sekula liburu bezala, oso-osorik argitaratu bakoa (1965. urtean EGAN aldizkarian agertu zan-eta atalka, zenbaki ezbardinetan zehar).

Idazlan honegaz argibide edo datu gehiago eskeintzen jakuz ezezagunena dogun Arestiren arloa dala-eta: prosa arloa. Izan ere, Aresti olerkigintzan egindako lanagaitik dogu ezagun, prosaz edo hitz lauz sei bat ipuin, zenbait antzerki lan eta aurreratxoago aitatu dogun eleberri hau baino ez eban idatzi-eta.

Jatorriz Arestik ez eban burutu edo asmatu eleberri bezala, antzerki lan bat bezala baino: 1963. urtean idatzi eban Oilarganeko etxola batean antzerki lana. Eta egia esan, eleberriari antzerki usain edo kutsua dario: alkarrizketak nagusi dira; narrazioa kapitulu bakoitza lekutzeko besterik ez da (antzerkiko eszena edo aktu bakoitzaren hasieran eszenatokiaren deskripzioa etorri jaku gogora).

Dana dala, liburuaren sarreran Karmelo Landak adierazten dauanez, bada alderik antzerki lanetik eleberrira: ezbardintasun nagusia Arestik eleberriari gehitzen deutson lehenengo kapituluan datza: ondorengo sei kapituluak Bilbon eta gaur egun kokatzen badira, gehitutako hasierako kapitulu hori Basaibarko herri fiktizioan kokatzen da eta kapitulu honetako protagonistak ondorengo kapituluetako nagusiak ditugu, baina euren haurtzaroan.

Eleberri guztia lehen kapitulu honetan haurretariko batek, haur taldea jolasten dagoela, egindako erdi-izkutuko profezia misteriotsu baten betetzea dogu, profezia edo igarpen garratza eta gogorra.

Eta egia esan, elebarri osoaren garapena eta eleberri horretako giroa ituna, iluna eta latza dogu: protagonistek ezin dabe alkar ikusi; gorrotoa, ezin-ikusia, norberekeria dira nagusi. “Mundu munduan” kokaturik dagoen eleberria dogu, mundu munduko arazoak agertzen jakuzalarik: senar-emazteen ezin konpontzea, adulterioa, abortoa, marginazioa, errugabeari errua egoztea, mendekantza…, inortxo ere aske geratzen ez dalarik. Giro guzti honek Historia triste bat dakarkigu gogora.

Garai haretan gure herrian eta gure literaturan defenditzen ziran giza balioak eta balio moralak, eta horreitan azaltzen ziran pertsonai-ereduak guztiz lurjota edo alboratuta geratzen jakuz. Hau guzti hau, dana dala, Arestiren izakera, pentsaera eta idaztankerarekin bat dator: Danok dakigunez, erabarritzailea izan genduan Gabriel Literaturan, bai formaz eta edukiz. Gainera ez daigun ahaztu hasiera baten Krutwig eta, batez ere, Miranderen eragina ere izan ebala (Halako nihilismo horren eragin bat, ez ete da nabaritzen Mundu munduan-en?).

Eleberri honetan barriztapen edo nobedade hori ez jako horrenbeste nabaritzen kontaera teknikari, lehen aitatutako balioen deuseztatzean baino. Kontaera teknikari, lehen esan dogunez, antzerki kutsua nabaritzen jako, alkarrizketen nagusitasuna nabarmena dalako eta narrazioari eta deskripzioari toki txikia ixten jakolako. Era honetara, idazlana arina eta bizkorra egiten jaku.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak