kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Lagun izoztua / Joseba Sarrionandia / Elkar, 2001

Urak dakarren izotza urtzen ikustea… Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2001-12-08

Gizakion gorputzeko osagarri nagusia ura da, zientifikoki demostratua dagoenez; eta urak dakarrena urak daramala dioen esaera aurreko datuarekin batzen badugu, gure bizitzaren iragaitearen metafora bat aurki dezakegu. Gero, egia da, Walt Disney bezalako pertsonaiak agertzen zaizkigu, krionizazioaren abantailen lilura puzten laguntzeko eta urez beteriko gure bizitzaren iragaitearen onarpena zailtzeko. Baina Joseba Sarrionandia ez da Walt Disney, ezta gutxiagorik ere. Eta eskerrak. Marrazkiz osaturiko inperioaren buruak baino askoz ere mundu ederragoak proposatzen dizkigulako, hasteko. Eta lagun izoztu bat aurkeztu digun arren sentimenduen izotza urtu beharra sentiarazten digulako.

Arnasa lasai hartzekoa

Eleberri mardul batekin etorri zaigu oraingoan Sarrionandia. Haren arnasa laburreko lanen maitaleek, ordea, ez dezatela pentsa ito egingo direnik Lagun izoztua hau irakurtzean. Arnasa beti arnasa, erritmoa da garrantzitsuena horretarako lan orotan, eta erritmo egokia paratu dio iurretarrak lan honi ere. Plano, denbora eta narratzailearen aldaketa erritmikoek irakurlearen arreta mantentzen dute liburu osoan. Horrela, Goio Gorria pertsonaia nagusiaren gaztetxo garaiak ezagutuko ditugu Kalaportun, haren jaioterrian. Eskola, etxea eta itsasoaren artean ematen du garai hori Goiok, lagunak aldamenean dituela. Inizioazio bidaia baten hastapenak ditu horiek Goiok. Lehen maitemintzea ere Kalaportun ezagutuko du. Eta Goio Gorria pertsonaia helduago ezagutuko dugu, erbesteratua eta izoztua, urtze prozesuan. Eta maitasuna beste behin. Eta Goio Gorria Antartidarainoko bidaia luze bezain izotzez betean zuritasunaren tonalitateak ikasten ikusiko dugu, itsas animalien odolaren Sinesgarritasuna

Eta Goio pertsonaia maitagarria da aro guztietan. Maitagarria, sinesgarria egiten den aldetik, eta sinesgarritasun horrek ematen dion gizatasunaren ederrarengatik. Ez pentsa, hala ere, liburuan sinesgarritasuna duen bakarra pertsonaia hori denik. Euskal Herritik alde egin eta Kolonbian ezarritako euskaldun zaharra bera ere, irakurleak ezagutzen duenerako hilik egon arren, sinesgarri egiten dute haren oinordekoen hitzek, bizimoduak. Euskaldun diasporaren paradoxa, erbestean bizi diren euskal herritar gazteagoen paradoxaren alboan paratua.

Paradoxok ez dira berriak Sarrionandiaren idazlanetan, ezta ere liburu honetan ageri dituen umorea, gogoetarako gaitasuna, naturarekiko miresmena, herri ezezagunekiko eta zapalduekiko sentsibilitatea eta jardun erraz eta aldi berean sofistikatua. Osagarriok emateko antolatu duen egitura zaigu berria batez ere. Izan ere, bere lumaren ohiko ezaugarriak ez ditu galdu inolaz ere Sarrionandiak.

Gu eta gu ez beste animalien artean paralelismoak egitean eta naturaren pertzepzioa adierazten lortzen du Sarrionandiak, ene iduriko, indarrik gehien. Horrela, pinguino edo bale senti gaitezke bat-batean. Edo iceberg, edo itsasoan ondoraturiko ontzi zaharra. Pertsonaien barne paisaien eta pertsonaiok inguratzen dituen paisaiaren artean antagonismoa bilatzen ere aritu da zenbaitetan idazlea, barne-barnetik sortzen diren sentimenduen latza azpimarratze aldera.

Urtzea zenbaitetan gainezka egitea da, eta liburu honen irakurle bakoitzari dagokio zer nahiago duen erabakitzea, izoztea edo urtzea, idazleak ez baitio alde horretatik mezu moralez beterik ematen. Eskertzekoa da. Liburuaren amaiera da agian harrigarriena, azken uneko orrialdeek irauli egiten baitute istorioaren pertzeptzioa, bai egoeraren, bai narratzailearen aldetik. Izango da amaiera hori bereziki eskertuko duenik. Goioren bidaia iniziatikoa bukatu nahiaren eta ezinaren lekuko pribilegiatu bilakatzen gaituen liburu ederra eta mamitsua da Lagun izoztua hau. Norberak erabaki dezala bidaia hori bukatu ote den.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak