kritiken hemeroteka

8.514 kritika

« | »

Gabriel Arestiren “Bernat Etxepare” idazlanari buruz ohar bi / (Liburu zehatzik ez)

Gabriel Arestiren “Bernat Etxepare” idazlanari buruz ohar bi K. Agirre / Anaitasuna, 1971-06-30

Ezer baino lehen esan beharko dut, Aresti euskal idazle argiaren lanari buruz erizpide sakon bat egiteko gai ez naizela. Haren eta ene ezagumenduek ez dute elkarren arteko alderatzerik. Hala eta guztiz ere, neure eritzi apala ematen arituko naiz.

Zorigaitzez, ez dut Aresti aurpegiz ezagutzeko zoririk ukan. Entzunez eta beraren euskal lanen bidez aski ezaguna dut. Ez da harritzeko, Arestiren izena sonatua izatea. Izan ere, nork ez du ezagutzen, euskal kulturaren muinean nolabait murgildurik aurkitzen bada bederen? Haren literatur lana handiegia ez bada ere, handi xamarra da, euskara eta euskal kulturarentzat arras onuragarria. Euskararen alde zeharo emandako gizon bat da Aresti.

Ez pentsa gero, laudorio guzti hauekin Aresti zurikatu nahi dudanik, bere lanean jarrai dezan, adorerik ematea bano. Harek egindakoa baino mila bider lan ttipiagorik egin bagenu, euskal kultura ez legoke dagoen bezala, askozaz aurreratuagorik baizik.

Arestiren izakera azaletik apurtto bat ezagutzekotan, kontura gintezke, betidanik ukan duela euskaldun berri izatearen konplejua. Horrengatik, behin baino gehiagotan ikusi ahal izan dugu haren idazlanetan honako galdera hau: — Ea euskaldun berriok bigarren mailako euskaldunak ote garen… Ba liteke, humore txarrez beteriko bekaizti hoietako batek zentzu horretan Arestiri zerbait adieraztea.

Nik ez dakit, besteen eritzian, euskaldun berriak bigarren mailako euskaldun izanen diren; baina, nirean eta buruz pixka bat pentsatzen duen batenean, bigarrengo ez baina lehendabiziko mailako euskaldun izan beharko lukete, zeren, ene eritziz, askozaz merezimendu gehiago daduka euskara ikasten saiatu izateak, hartarako batere egin gabe amaren ezpainetatik ikasteak baino. Euskaldun zaharrak askotan erdeinatzen du bere jatorrizko hizkuntza, euskaldun berriak sekula ere ez, edo oso kasu bakanetan behintzat, bere izerdiaren fruituz irabazi baitu. Arestiren lanak oso kritikatuak izan dira eta izanen aurrerantzean agian, ongi egindako lanak zeresaterik asko ematen du eta.

Haren idazteko era oso berezia izan da. Ikus “Euskal Harria” poema liburua, eta konturatuko zarete horretaz. Ni ez nengoen batere ados harekin, eta ni bezala asko. Ene eritziz, pertsonalegi jokatu zuen Arestik garai hartan. Beharbada, ez zuen euskara batuan idatzi, beraren idazkeraren anarkiaz kontura gintezen. Ba liteke, horrela izatea.

Orainaldian, ordea, nahiz eta euskara batuaren arauetara makurtu, beste idazleekin konparatzen badugu, behingoan ohartuko gara, haren artikuluak eta besteenak ez direla berdin. Guztietan, ez dakit nondik ateratako esaera eta hitz bakan pila batzuk eskaini ohi dauzkigu. Nik, izen edo izenorderen argitasunik gabe jakin nezake, artikulu hon Arestirena den ala ez.

Beraren lana epaitu baino lehen, kontuan izan beharko dugu, bera izan dela euskara batuaren alde saiatu diren aitzindarietako bat. Lapurdiko euskara omen du gogoko, eta, nola gaurko euskara batuak Lapurdi eta Nafarroako euskararekin zerikusirik asko duen, esan baitezakegu euskara batua hango euskara bera dela, biziki ongi deritzat Arestiren jokabideari.

Kontuan izan beharko dugu. Arestik euskal literatura zaharra ederki asko ezagutzen duela, eta, askotan, gehienetan, haren idazlanak ulertzea neketsua egiten bazaiku ere (maizenik, azken orrialdean den hiztegiari behatu behar izaten diogu), haren jokatzeari interesgarri deritzat, horrek gehiago ikasteko abagadunea ematen dauku eta. Hala gertatzen da haren azkenengo idazlanean ere.

Utz ditzadan jadanik inguru-minguruak, eta lot nakion artikulu honen mamiari. Atsegin izan dut, bere lana azaltzeko izan duen aukera, era aparta. Nola erdietsi du Arestik, orain 400 urte hil zen Etxepare apaizarekin elkar hizketan ihardukitzeko egokiera? Horretarako, adimen handiren jabe izan behar. Oso atsegin izan dudan gauza, zuketa erabilkeraren era jatorra. Penagarria da, alferkeriaz edo dena denez hemen galtzen uztea. Uste dut euskararen hondasunak aberasteko, oso ona izanen litzatekeela, zuketa indartzen eta zuzpertzen saiatzea, ahozko hizkuntzan ezeik, idazkietan ere.

Elkar hizketan erabili dituen galde-erantzunak, pikardia eta zirtoz beteak izan dira. Artikuluaren luze-zabalean eskaini dauzkigun aditz erak, oso ederrak eta, euskal aditz batua egiteko orduan, kontuan hartzeko dinak.

Guzti hau aztertu ondorenean, atera dezakegun ondorioa hauxe da: Arestiren lanak irakaspen handikoak dira, zerbait berezi dutenak dira, zeresaterik asko nonnahi sortzen dute, eta irakurleok ba dadukagu nondik ikas.

Azken kritikak

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Asier Urkiza

Paziente isila
Alex Michaelides

Nagore Fernandez

Eromenaren laudorioa
Erasmo Rotterdamgoa

Aritz Galarraga

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Mikel Asurmendi

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Jon Jimenez

Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz

Amaia Alvarez Uria

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Aitor Francos

Urrats galduen hotsa
Luis Garde

Jose Luis Padron

Simulakro bat
Leire Ugadi

Ibon Egaña

Bigarren sexua
Simone de Beauvoir

Mikel Asurmendi

Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz

Maddi Galdos Areta

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Aiora Sampedro

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Asier Urkiza

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak