kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Laino guztiek azpitik... ...eta sasi guztien gainetik / J.A. Arze "Hartzabal" / Egilea editore, 1973

Euskal poesia experimentala Edorta Kortadi / Zeruko Argia, 1974-03-03

Harzabalen xoriak ehiztari soil batek ikusiak

Maiz galdatu izan diot neure buruari, arte plastikoetan eta musikan mende honen haseran izen zen iraulketa, poesian ere izan ote den. Artistik mintzaira batzuek eta bestek, zenbait artistik kriterio eta arau ezereztatu dute, egungo gizartearentzat zahartuak, garaituak baitzeuden, agortuak, gastatuak. Deuseztatze honek bide asko zabaldu zien arteei.

Poesiaren alorrean izan den iraulketa ez ezagutzeak eraman ohi gaitu zenbaitetan poesia atzerakoi eta higikaitza dela esatera. Eritzi hau faltsoa da. Ongi aski frogatzen digu hau Harzabalek euskal liburuen merkatuan eman berri dituen bi liburuetan.

Tradiziozko deritzagun arteak ez ei ditu bizitzaren kondizio berriak gogoan hartzen; ezin du mami berririk sartu forma zaharretan. Maiakovskik esanak: “ez da arte iraultzailerik forma iraulirik gabe”, indar berezia hartzen du hemen.

Bestalde, linguistikan, phonetikan eta morfologian, batipat, izan den aldaketak, oso sakonki kondizionatu du poesiaren phenomenoa. XIX. mendeaz geroztik, gero eta poeta gehiago interesatzen da linguistikaz: Hölderlin, Novalis, Arno Holz, Baudelaire, Mallarmé…, poetiko bide iraultzaile bati ekinaz. Typographiak eskaintzen dituen moduak razionalki erabiltzen dituzte, poema bat osatzeko. Poeta, bere poemaren planteamendu kritikoa ekinaz hasten da, izan daitekeenaren alorrean ipintzen du eta poetak berak lehen ezarri dituen arauez neurtzen du.

Futuristek eta Konkretuek egin zuten iraulketa hau. Experimentatze bide honetan dabil Harzabal gure poeta ere, argi eta zintzo, dudarik gabe, Zumeta pintoreak lagundurik.

Euskal Herrian ibili behar litzatekeen bide bat

1950etik 1960 bitartean, munduan barrena han hemenka eta indar handiz poetik mugimendu bat sartu zen, mendu guztira zabaltzen zelarik. Poesia konkretua zen, ikus eta entzuteko tresnen aurrerapena gogoan hartzen zuela. Pignatari eta Gomriger-ek idatzi zuten 1955. urtean, poetak toki bat behar duela gizartean eta haren sorkundea “joku objektiboa” dela. Poetak ditu ezagutzen jokuaren legeak. Forma berrien asmatzaile da. Haren poesia ez dute osatzen sentimendu eta gogoetek bakarrik, zientzia eta batipat soziologiaz zerikusi handia dukeen linguistika sail bat izan behar luke.

Honela, poesia plastikaren eta hotsaren munduaz elkartuz doa eta, pixkanaka, herri guztietan ari dira honelako saiakerak sortzen. Honela ekin zion poesiak bere mintzaira eta poetik objektoa aberasteari; ahal zezakeen guztia atera nahi zien guzti horiei.

Gure Herrian ere hasi ziren horrelako saiakerak. Oteizak, gure eskultore handiak, euskal lehen gizonaren mintzaira eta ezaugarrien azterketa zuen bere obraren funtsa.

1963. urtean eta irakatsi nahiaz, Julio Campal poeta kubanoak eman zuen zenbait agerketa-elkar hizketa Donostian Barandiaran galeria zenean; artista, literato eta kritiko multzo bat biltzen gintzaizkion. Gogor zen mentalizatze lana, baina haren lana heriotzak eten bazuen ere, laster hasi zen gure artean fruiturik ematen: Zaj taldea, musiko aurreralari Juan Hidalgo eta Walter Marcheti-rekin batera Matilde euskaldunak osatua, Nestor Basterretxea bere poema-kartelekin, Harzabal bere poema konkretuekin eta Zumeta, Forkada eta orain idazten ari den hau, horma-iragarki sail batekln; hona hemen urte hauetako euskal poesia konkretuaren adibide batzuk.

Xoriak gora, xoriak behera

Harzabal poetaren lehen liburu “Isturitzetik Tolosan barna” hark oso zirrara ona egin zuen euskal literatoen artean eta, agian, kritikoek ez zioten behar adina jaramonik egin, Juan Mari Lekuona poetak ezik. Jendearen ustez, bibliophilo baten liburu polit bat zen eta betikoak esanaz baztertu zen.

Eta hemen dugu berriz ere Harzabal poema liburu birekin; idurimenez eta gustoz egindako liburuak dituzu, lehen obraren jarraipen. Hauetzaz mintzatuko gara hemen, ez kritiko-literario aldetik (bada jakintsurik gure Herrian, hori egin behar lukeenik), plastiko-esthetik aldetik baizik. Ene ustez, euskal literatur sailak hain beharrezko duen kreazio lan batek merezi duela gure, irakurleen eta kritikoen arreta. Interesgarri da obra hau, eta Catalunyan edo eta Madriden egin diren horrelako lanen mailan dago.

Ikaslek eta intelektualek diotenez, gure egungo poesia Europan egiten denaren mailan dago, sortze aldetik begiraturik. Ez dakit horrenbestekoa izango den, baina bai bide dituzte beren arrazoiak hori esateko. Dena den, gure poesiari experimentazioa, bilaketa eta bide berriak sortzea, literatur forma berriak bilatzea falta zaiola egia da. Bide hauetxen ondoren dabil, bere arrisku eta akatsekin, Harzabalen poesia.

Lehen iduripenak

Harzabalen poesia ez da bat-batekoa, soila eta intuizio azkarreko poesia, landua eta egituraduna baizik, hala nola Le Pare edo Sempereren koadro bat. Harzabalek berak diosku: “Norbait mintzen badut, irakur beza berriro, behin eta berriz, nere hizkiak atsegingarri zaizkion arte”.

Ez dago edozein irakurle honen poesiak duen mintzaera irakurtzera ohitua eta horrexegatik haseran itxuragabeko, xital iduritzen zaio. Baina funtsean, artearen aburu berri bat erakusten digu. Badaki Harzabalek zer esan nahi duen eta mintzaera aurrerakoi eta experimentalez esan nahi du, nahiz eta inoiz haren formakeriak poemen poesi-sena hiltzen duela iduritu. Xori-poemak, gure historiko izatearen zeruan hegan dabiltzanak eta zenbait gai berdin erabiltzen dutenak:

a) Biziari eta lurreko gauzei amodioa.

b) Kreaturetaz gozatzea eta zerura joan nahi eza.

d) Kristautasun historikoak zapaldu dituen gorputz erotikoaren alderdiak altza nahia.

e) Erantzukizunera eta denen partizipaziora deia.

f) Egunoroko gertakizunen azterketa: lana, dirua, sexoa, Miramar, Larraitz, Navas de Tolosa, Jon Mirande…

g) Numeroak hitzaren lekua betetzen duen gizarte bati erasoa, gizarte honetan hitza irakurtezina eta ulertezina gertatzen baita, gizonak ez baitu irakurtzen ez ulertzen: atzekoz aurrera poemak, numeroak eskuz idatziak…

Eta, orobat, tekno-esthetik edo formal alderdian zerbait gai berdin erabiltzen du:

Egia esan, nabarmen da poesia apaingarri-espazialean, ikusteko eta entzuteko poesian aurkikunde gehiago egin duela amoros eta sozial gaietan baino, honetan klasikoago dela. Honelako zerbait esan zuen Juan Mari Lekuonak ere haren lehen obraz.

Hots apaingarrietan ederki asmatu du: “Zatozteeeee!”, “Zori, xori, zorri, sori”, “Edipo berriari”, “Egia, egia” nahiz “Mirimari Mirimari”; hauetan hotsetik esannahira saltoa graziaz eta lirainki emanak dira edo eta poetik eraz eta soilki. Poesia honek, bestalde, sustrai sakonak ditu gure poesi eta lirika-lurrean, Lekuona Zaharrak analizatu duenez. Ene ustez phonetiko bide hau interesgarri da eta esthetik aurkikunde askotara eraman dezake egilea hurrengo obretan.

Phoniko alderdi honetatik sortzen da beste zenbait adierazpen, psalmodiko rytmo edo antzinako oratorio ere: Bakea, bakea. Orobat, elkar osatzen duen zenbait expresio ere:

bizitza <-> heriotza

zerua <-> infernua

zapaltzailea <-> zapaldua

lege zaharrak <-> lege berriak

zuria <-> beltza

garbia <-> zikina

aingerua <-> deabrua

Zail da, batzuetan, poesia mota ezberdinen arteko muga erabakitzea; ikusteko poesia, aburuzkoa, espaziala, phonetikoa; baina, honek berak ematen dio indar eta bizitasun liburuari. Aisa eta nahi gabe ia, poesia phoniko-apaingarri honetatik espazialera iragaiten gara, poema batzuek bereztasunak dituztelarik. Espazioan esegitako hitzarekin ere jokatzen da bi bereztasunak dituztelarik. Honela gertatzen da numero eta hauen rimakin jokatzen denean:

16 63 78 51

– – – –

9 67 52 45

edo numeroak idazten dituenean: “bat, bi, hiru…”, eta une honetan numeroak bere esannahiaren eta ekonomi-zentzuaren garrantzia handitu egiten du. Berebat, goitik behera nahiz alderantziz, espazioan esegitako hitzekin edota negatiboan inprimaturiko hitzekin jokatzen du.

Bestalde, liburu osoa eho eta osatuz doan ikuste alderdiak —nola konposizioan hala Zumetak egin-irudietan— berebiziko indarra hartzen du, hau bezalako zatietan: “Bizi min” (edertasun klasikoz betea), “Koka kola” (ikusiago eta experimentatuago den hildo batean), hizkiz eta zenbakiz —batzuetan gorri eta berde— jokatzen den poesia orotan xoriak formatuz, edo atzekoz aurrera eginik dauden orrialde itxugabeetan, aztikeriaz eta absurdoz beterik dauden grammatik ekuazioetan, halatsu gertatzen baita egunoro bizi ditugun giza egoeretan.

Espazial eta ikuste alderdi honek indar handia du amoros gaia duten poesietan: “Harmarik gabe, luze bezain zabal” eta “Hauzoko gelan eta ohean”, hauetan zeharkako edo horizontal elementuak atseden eta ekilibrio osoa ematen baitio textoari.

Poesia era honetako obrarik nabarmenenak erdi-arkitektoniko diren zatiak ditu: “Ama”, “Aita”, “Umea-mear”, hauetan hizkiak hartzen duelarik garrantzirik handiena.

Ez ditu hain borobilak bere sozial poemak, “Roll Royce”, “Bertold Brechti omenaldia”, “Ama hil zaigu” hiru hauek ezik; amoriozko poemetan halako zakar kutsu bat aurkitu diogu, poesiari sakontasuna kenduz; agian, denboraz eta lasai Harzabalek fruitu ederrik emanen du amorio-erotiko tankera poesian, honen premia ederra baitu gure herriko poesiak.

Humore fina eta zorrotza duela ohartu gara obra guztian barrena, hala nola “Harriaren izenean” delakoan; bai eta herrikoi sena ere: putza, mokordua, kaka, komonera, gantzontziloa, ipurdia, arraultzak (batzuetan neurriz gain); erotismo zentzukor eta alai bat ere badu; irteera xelebre eta itxuragabeak, gure humoristek eta bertsolariek ohi dutenez; eta bertsoak jartzeko askatasuna, sozial gaietan agertzen den bezala: “Roll Royce”, “Nere etxea ez dago hiriburuko karrika nagusian”, batzuetan ulertezineko poesia bat ematen digularik: atzekoz aurrera imprimaturiko orrialdeak.

Harzabalen poesiak, zinez, irakurlearen aldetik indar-egite bat eta eskuhartze bat eskatzen du, poetak berak hutsik utzi poema baten batean eskatzen duenez; haren obra irakurleari irekia da eta irakurtzea baino gehiago eskatzen du herriaren jokaera bat. Zuk, irakurle horrek, ukan dezakezu, zure subkonzientearen kutxan, poema ahazturen bat. Poetak airean atzeman nahi izan ditu xori batzuk; Zumetak ezin egokiago marrazkietan eman ditu: beltzak eta zuriak, luzatuak eta lodiak, kontestatarioak eta erasotzaileak, belak eta kardantxiloak, basatiak eta xotilak, hegan nahiz egonean. Han eta hemen atzemaniko ehundaka xori besterik ez dira. Baina sor dezake askoz gehiago irakurlearen idurimenak. Behar ditu gure herriak. Ehiza hasia da eta Harzabalek hurrengo urteetan ehiztari jarraitzeko asmoa ei du.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak