« Ajea du Urturik | Gabriel Arestiren harriak »
Euskal literaturaren historia / Ibon Sarasola / Lur, 1971
Euskal literatura eta soziologia (II) Joxe Azurmendi / Zeruko Argia, 1971-10-24
Garbizalekeriaz
Literatura “aranistak” ez zedukak esplikaziorik politika aranistaren kontrargitara begiratuz ez bada. Hontan ados gaituk biok. Halare garbizalekeriaren hire esplikazioa ez zaidak esplikazio denik batere iruditu.
Problemari buruz zerbait lehenengo, gure diferentzia guztiak gauzari buruzko ordez konzeptu mugaketa zehatzaren gorabehera soiletan gal ez ditezen. Garbizalekeria ez duk euskal gaitz berezirik eta bere diagnosia Euskal Herriaren kasoan ere beste nonahikoa duk agian. Ni behintzat irudipen honekin aritu izan nauk beti nire azterkizunetan, beste lekuetako esplikazioek guretzat ere balio zutelakoan, eta gu bere-benetan salbuespenen bat izatekotan teoria klasikuon balioeza berehalaxe agertuko zelakoan: eta alderatu euskal garbizalekeria beste edonongorekin eta beste edonongoak bezalakoxea kausitzen diat nik. Hire esplikazioa, berriz, beste inongo garbizalekeriari eman ohi ez zaiona duk. Izan ere, gure irakurleak gogoan eduki behar dik garbizalekeria edozein literaturatako problemarik naturalena dela funtsean, eta gure inguruneko hizkuntzarik gehienetan dakusagula. Desarroilo sozial-politikoak berekin dakarren problema duk hau nabariki. Inglesaren aurka bere garbitasuna babesten ahalegiten duen hizkuntza asko zegok egon. Bere barnetik ere desiguala duk garbizalekeria: neologismoak sortu zaleak eta hizkelgietako “zokokeriak” zabaldu edo arkaismoak berbiztu zaleak, garbizale guztiak dituk, baina gehienetan elkarren etsai. (Alemanian XVII mende osoan eztabaidatu hituan gaiok, Leibniz bezalako buru argiak tarteko zirelarik). Areago, eskola liburuetako hiztegiaren, aditz batuaren, etc. arazoak ez zeudek garbizalekeriaren problemarekin zerikusirik gabe, frantses edo alemaneraren kondairetan ere gertaturik dagoen bezalaxe. Baina hizkuntza horietxen kondairak besterik ere erakusten ziguk: alegia, euskal garbizalekeria bide erdira ailegatu baino lehenago jo ta hil zutela, berez, garbizalekeria honen kondairarik ez dagoela, hasi ta burutu egiten duen prozeso osoaren zentzuan behintzat. Bai Frantzian eta bai Alemanian ehun urtetatik gora iraun izan dik garbizalekeriaren aroak. Garbizalekeriaren problemak, hortakoz gutxienez bi alde diferente zeduzkak: hizkuntza garbitzearena, ta hizkuntza modernotzearena. Hizkuntza, edozergatik dela, desarrollo sozial-politikoaren aldean atzera gelditzen den guztietan altxatu ohi duk problema hori. Arazo hau, bada, ez duk klaseren baten propioa, ezta askabide garbizalea ere klaseren baten zientzia molde berezi, ezpada hizkuntzarena berarena, ta, ondoriobidez, nazio osoarena. Jakina, produzio talde nagusiari tokatzen zaiok hurbilenetik askabidea bilatzea, non zeini, haren premiarik larriena ere berak sofritzen baitu.
Arara Goiri, Arriandiaga edo Olabide bezalaxe Azkue edo Orixe ere garbizale dituk. Baina ba zegok makina bat diferentzia guztion artean. Garbizaleleriaz aritzekotan zentzu hertsiagoan hartu ohi duk hitz hau, eta hik eta nik ere hala egiten dugula uste diat. Halare, literatur aro guzti bat juzgatzekotan —“los laberintos / que crea el tiempo”— ez duk inportantziarik gabeko garbizale gogorrak eta bigunak zirkulo konzentrikotan elkarrekin batera, ez elkarren begiz-begi bakarrik begiratzea. Garbizalekeriaren esplikazio historikoak fenomeno osoa argitu behar baitu, ez ertzen bat bakarrik.
Kritika
Argitasun arrunt hoen ondoren nire kritikara pasatuko nauk. Euskal garbizalekeriari hik ez proletargoarena, ezta burgesiarena ere, ezpada nekazalgoaren obra deritzak.
Proletargoarena ez dela bistan zegok. Ez diat ezkutatuko afizio pertsonalen batzuek liluratu hauten susmoa ba dudala. Ni (eta afizio berdinekin, uste dudanez) ondoramen txit ezberdinetara ailegatzen nauk, izan ere. Honek argitasun bat behar dik: proletargoak euskeraren berbizkunde lanetan parte ez hartzearen errua hik parte hartu zutenen bizkarretaratu nahi duela, zirudik. Eta Kataluinako sozialistak aipatzen dituk. (Ezer probatzen ez duen nahasmendu izugarri huts iruditzen zaidak, bestalde, goraite aranistatik kanpora gelditu ziren “ezkertiarren” kasi prototipo antzean zein eta Baroja bat aipatzea, liberal indibidualista, antikomunista porrokatua). Hori bai, garbizalekeriaren problema ez zegok ulertzerik politika jakin bat gabe. Baina Kataluinako sozialistak Europa guztian, eta berriki arte mundu guztian, salbuespen nabarmen bat izan dituk beren jokabidearekin (Bakuninen haziagatik, ausaz). Euskal Herriko sozialisten euskerarenganako arduragabezia, aldiz, sozialistek nonahi erakutsi izandako gizalege klasikoenari zegokiok. Gure sozialisten jokabideak korapilo asko baldin badik, bada, katalanenak ez dik gutxiago, eta kontuz ibili behar konparazio honekin. Euskaldun sozialisten arduragabeziaren errua, izan ere, ez zegok euskal burges edo nekazarien bizkarretan bilatzerik, ezpada haien ideologiaren hutsune batetan, eta hutsune honen “errua” Alemaniako edo Inglaterrako burgesiarenetan agian, gehienik ere. (Hontan beste nonbait luze mintzatuta negok). Kontuz, batez ere, kondairagintza antolegitimazio ta apologetika bihur ez dezagun. Sozialistek, beste edozeinek bezalaxe, hanka sarri sartu diate, eta euskaldunek hontantxe. Beren frakasoaren arrazoi bat hortxe zegok, nire ustez (Dolores Ibarrurik ere halare juzgatzen dik, gainuntzekoan) eta sozialista sentitzen denak —batez ere Marx estimatzen duenak— autokritika hori egin beharra zedukak bere tradizio ideologikoan, partidismoz bere burua gezur-zuritzen gelditu gabe, pentsakera honen berrikuntza guztiak kosmetiko huts izan ez ditezen. Euskaldun sozialistarik bizkorrenak ortodosian jardun izan dituk berriki arte. Ta ortodosia marxistan ez zegoan dinamikarik nazio arazoaz arduratzeko, ezta hizkuntza arazoaz ere hortakoz (Euskal Herrian hau agiri zen gisatakoez behinik behin). Garbizalekeriari zeragion indarra laborariena omen zelarik, edozeinek pentsatuko likek proletargoari ez litzaiokeala hain zail gertatu behar izango problema hura bereganatu eta bere gisara askabideren bat bilatzea. Baina ez zegok holakorik ere. Areago, euskaldun sozialistarik prestuenek katalan sozialista katalan zaleak kondenatu egin zituztean bere garaian. Eta euskeraz ezer egitera ailegatu zirenean ez ziaten beren soluziorik eman, garbizalekeriari atxiki baino. Guzti honek eta gehiagok, ongi eralusten dik euskaldun sozialistek egin zuzen bezalaxe jokatzea ez zeriola zirkunstantzia sekundarioren bati, beren mundu ikuskeraren tankerari baizik: ez dik ezerk kontrariorik erakusten. Ni ez nauk gutxi harritu, hortakoz, harira itzultzeko, hik garbizalekeria “baserritar” deklaratu ondoren nola ezkutatzen duan euskal proletarioek euskeraz egin zuten apur-apurra, komunistek esaterako, beste inorena bezain garbizale amorratu izan zen. Honelako zenbait dato baztertuz bait zegok hire tesia (baserritar zientziarena) eraikita.
Problema hau ikutuz hasi beharra zegoela uste diat, isil samarrean eta itxuraz marjinal antzean egon arren presupostuei adi egonez zentral delakoan. Arazo honetxen dependentzia funtzioan egon bait zitekek hire teoria guztia. Aranismoak astakeria asko zedukak, noski, eta Jainkoak libera nadila osotara aranismoa sozialismoari hobestetik. Baina problema hontan sozialistek arras huts egin zutela, eta zeduzkaten burutapideekin horixe besterik ezin zutela (normaren arabera) konstatatu ostean, garbizalekeria esplikatzeko sujeto sozial bi gelditzen zaiguk: burgesia ta nekazalgoa.
Bigarren: burgesiaren obra ote duk garbizalekeria? Derrigor hire klase eskemaz baliatu behar izatekotan, etsi-etsian baina nik baietz esango nikek. Baieztapen honekin, halare, hire kritikoaren lekuan gelditu nahi diat, eta ez neu kondairagiletara pasatu: hots, ez neure teoriarik eskaini (hortarako garaia ere heldulo al duk).
Hiru argibide
1. Andolin Eguzkitzak zenbait euskaltzaleri galdera hauxe egiten ziola ikusi nian Baionan: inoiz garbizale izan al zen. Berak baietz aitortzen zian bere buruagatik, eta berdin beste gehienek. Denak gazteak hituan, asko euskaldun berri. Nik hor, esaterako, errazago hauteman nezakek beste edozer gauza baserritarkeria baino. Gainera, fenomeno hori nik kezkarik gabe hedatuko nikek beste zenbait esparrutara: kristau berriak, marxista berriak, e. a. “garbizale” izan ohi dituk. Abiagunean mugimendu guztiak agertzen dituk nolabait garbizale, etc. Garbizalekeria beste herrietan ere noiz agiri izan den begiratu ta nazio-zaletasun suharrekin dela ikusten duk. In summa: garbizalekeriaren sustrai sozial sikologikoak ez zaizkidak baserritarkeriazkoak iruditzen.
2. Sozial politiko edo sozial ekonomikoak ere ez: Euskal Herritik kanpora, batik bat, ez duk inon garbizalekeria nekazalgoan oinarritu. Eta haundia huke Euskal Herian, halabeharrez mundu guztian hementxe bakarrik, hala izatea (gure bitxikeriak ez dituk kastatzen). Zer arraiotan pentsatzen egon ote huan gure nekazalgoa Etxeparez geroko guztian XIX-XX mendeen bueltara arte? “Euskal nazionalismoa mugimendu klerikal eta nekazari bat izan” zenik ez diat arras ukatuko. Hori bai, erreparo askorekin eta ez abertzalerik gutxien-gutxien hain zuzen probintziarik nekazarienak eta klerikalenak agertu zirela ohartarazi gabe. Klerikalismoz eta nekazaritzaz gainera beste gauza asko zegoan, noski, euskal txobinista batere ez zen norbaitek “en las Vascongadas las Asambleas, completamente democráticas, no admitían siquiera al clero” (K. Marx) esanez sujeritzen duenez. Eta gero, burgesiaren inportantziari Euskal Herrian ere hik azaldu baino askoz ere haundiago zerizkioat. Abertzaletasun aranistaren euskarri bortitzenak bik ziruditek: laborariak eta erdi mailako hiritarrak (burgesia haundia ta proletargoa erabat baztertu gabe) iturburu teoriko berebat biok diruditen moduan: karlismoa ta liberalismoa, karlismoak lur jo ta liberalismoak porrot egin zuen tokian sortu baitzan aranismoa. Dinamika hiritar txikien kontinjentean zegoela uste diat, eta zenbait eta geroago ta gehiago burgesia haundiaren eskuetan ere: guztiak erdaldun hituan. (Urte gutxi duela; horregatik, deitura garbiak bai, baina ezpainetan erdera bakarrik —aldi berean “garbizale” izaki, noski, euskerari begira—zedukaten kontra egiten zian burruka euskaltzaletasunak). Nire ustez Arana Goiri eta Bilbo erdaldunek biztu ziaten garbizalekeria, abertzaletasunarekin batera. Nolanahi ere Euzko Alderdi Abertzalearen gainean burgesia hiritarrak zedukan eskua ia topiko bilakaturik zegok, eta hori hik heuk ere onartzen duanez, oso bitxia egiten zaidak gero hik heuk burgesia horri “mugimenduaren alde politikoaz baizik arduratu” ez zela baldin baderitzak. Euskal garbizaleria ezik euskal burgesia ere munduan bakarra itzultzen dik hire teoriak. Eta azkenik: non ikusten diok hik orduko euskal nekazalgoari aro guztiaren ezaugarririk nabarmenena sortzeko ta beste produzio talde guztiei ezarri ahal izateko haina indarrik?
3. Garbizalekeriaren erro sozial literario edo intrinsekoak ere begizta genitzakek. Eta hontan ere euskal garbizalekeria beste edonongoen parekotsu ebatziko nikek nik: formalismo-edo gisa. Euskera bere zertan eta batez ere e contrario definitu (inguruko hizkuntzei buruzko diferentzien bidez) eta euskerarik “ez” den zikinkeria oro jorratu. Hau jenero, estilo ta abarretan ere sarri somatzen den gauza duk, eta hizkuntzen arteko gorabeheretan ere euskeraz baina polonieraz, frantsesez, etc.
Guzti hau, nik dakidanez, bi kausetan bildu ohi duk: garbizalekeria, bere barneko egituraren aldetik arrazionalismoaren ondorio da; eragipen sozialen aldetik, ia beti edo beti nazionalismoarena. Eta noizdanik esplikatu dik soziologiak arrazionalismorik edo nazionalismorik (Europan behintzat) nekazalgoarekin?
Zur ta lur utzi ninduan hire erantzunak, ezin oso-osorik aldatzeko tentazioari eutsi: “Aranismoak ez zian literaturan lehen mailako barnekontradiziorik. ‘Aranisten’ logizismo singlea nekez esplikatuko duk mentalitate baserritarra ‘zientzia’ egiten imajinatu gabe”. Nik, aitzi-aitzitik ezer imajinatu beharrik ez zedukat, azterkatu ta konparatu bakar-bakarrik baino, ta arras kontrarioa sinestuta negok.
Aranismoan kontradiziorik ez baldin bazegok jakin nahi nikek nola demonio 1964eko itzulia azaltzen duan, hilargitik jetsiaz ez bada. Aranismoaren kontradizio politikoak utzi, ta literaturako bat, bistakoena agian, honexek zirudik nire ikusmiran: euskal abertzatetasunak (eta, nire ustez, batez ere burgesiak) bere burua ingurunetik berezi ta finkatu behar zian, eta premia honek eraginda inguruneko kutsurik batere gabeko euskera garbiaren “separatismoa” sortu; baina sortu zuen euskera garbizalea ez zegokioan hizkuntza moderno, airoso ta zalu baten (batez ere burgesiaren) premiari. Bi premien kontradizioa horra hor. Burgesia, hortakoz, eta mila bider ikusi zen bezala euskera garbi zale baina erdaldun pijo gelditu huan. Abertzaletasunak adarra jo zioan baserritarraren euskerari, ez ohoratu. Frutuak hor zeduzkagu oraindik: euskera besterik ez dakien askoren euskerarik ez jakite konplejoa. Soziologiarik errazenak esku-eskuan daduzkan problemaotan neurtu ta hire esplikazioak guzti hau nola argitzen duen ezin diat hauteman. Nik uste nire esplikazio dialektiko honek ez duela nekerik.
Gero, garbizalekeria logizistan “zientzia baserritarri” ezin somatu diat nik. Edo-ta, bestela, gure garbizalekeriaren analogoak mundu guztian ere zientzia baserritarrak baldin badituk ez diat zientzia ez baserritarrik ezagutzen. Garbizalekeria, funtsean, arrazionalismo edo logizismo duk. Logizismo piska bat nahitaez edozein literatur teoriak inplikatzen dik, eta zenbait eritzi literatur teoriko aurrez eman behar duenez gero, literatur kondairak ere bai. Honen egia batez ere argi hauteman zitekek, esandako hori arrisku tendenzial bezala ulertuz. Analisiak arau ta lege bila ibili beharra zedukak dato pilaren sintesirik eskuratzeko. Problema hau ez duk literaturazkoa bakarrik, kultura osokoa baino. Ta, uste dudanez, XVI mendeaz gero batik bat (Boileauren L’art poétique ondokorako arrunt ezaguna denez) edozein lurralde europarretako edozein mendetan hiruzpalau aldiz berbizten ikus zitekek artean: logizismo barrokoaren kontra klasizismoa, klasizistaren aurka erromantizismoa, etc. Inglaterran elisabethano ta euphuisten kontra Drydens, Poppe, etc. Hoen kontra erromantizismoa. “Errealismo sobietarra” ere honelakoxe logizismo logizismo forma bat huan, soziologikeriazkoa edo ekonomikeriazkoa. Prozesoak ezberdinak dituk batetik bestera.
Baina edozein artetan nabari ditekean hau askoz ere nabarmenago duk literatur teorietan. Dena den, logizismo hortan koadratu behar duk garbizalekeria, atzo Autore latinoek egin ala gaur Vietnamdarrek. Nolanahi ere arrazionalismo hau euskal literaturak ezagutu duen hainako amorrazioraino oso kondizio historiko berezitan bakarrik ailegatu izan duk: hain zuzen (edo hain oker) izpiritu erromantikoarekin ezkondu izan denean. Eta erromantizismo hau bera ere tankera berezikoa huan: abertzale. Ez abertzaletasunak bakarrik eta ez erromantizismoak bakarrik eraman ohi izan dik garbizalekeria amorratutara, baina bai bien ezkontzako haur arrazionalistak. Hots, “Risorgimento-nazionamoak”. Halaxe Frantzian, Alemanian, Finlandian, Txekoslobakian, Polonian. Egunotan ere sortu dituk hitz arrotzetatik hizkuntzaren kat garbitzeko Akademiak: lurralde arabeetan, Israelen, Vietnamen (eta hain zuzen iparrekoan ez hegoaldekoan). Lehentxeago beste horrenbeste gertatu huan Errusian eta Txinan: Maoren mintzaldien artean ba zeudek txinera garbitzearen aldezko bero-beroak, eta egintza hori abertzaletasunaren eskabide bezala azalduz; errusiera Urriko Iraultzaren ondoren garbitu zela ezaguna duk. Txekiar abertzaleek beren hizkuntza alemaneratik garbitu ziaten, alemanek beren frantzesetik, frantzesek beren italianotik, etc., etc. Denak ote baserritar zientifiko?
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres