« Poesiaren biztanle bihurtzeko | Klasiko berritua »
Botoiletan / Antton Luku / Maiatz, 1998
Botila mamitsuak Antton Gomez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-12-12
Antton Luku ezaguna da bere antzerki lanengatik. Idazle, taula zuzendari, gazteen animatzaile eta Donostia Hiria sari baten irabazle dena, euskararen kultura berria antolatzen ari zaigu azken urte hauetan. Garazi aldeko lagun batzuekin halako eskola berri bat eraikitzen dihardu.
Luku, oraingo honetan, ipuingintza jorratzera etorri zaigu. Sarrera eta hamaika ipuin, 159 orrialdetan zehar banaturik dituen liburuan. Ipuin motzak dira, baina zirrara eragileak. Zirrara, ezustea eta ezinegona zenbaitetan.
Ezterenzubiko bortuen altzoan kokatzen dira istorioak. Errobi ibaiak bustitako lurretan. Arrantzan ari denean, ibai hartako osin baten ondoan topatuko ditu egileak hamaika botila, eta bakoitzaren barruan ipuin bat dago izkiriaturik.
Asiskoren aintzin solasean esaten denez, mugako pertsonaiak dira Lukurenak. Muga ondoan bizi den jendea delako alde batetik, eta mugako egoerak bizi dituztelako bestetik, muturrekoak. Ipuingintza beltza da Anttonena. Euskal gizarte baserritarraren alde gordinena erakusten digu. Hainbat kaletarri esatea gustatzen zaien legez, Euskal Herri sakona agertzen da liburu honetan. Sakonak euskal gizarte tradizionala esan nahi badu, ontsa. Hura baita orrialde hauetan islatzen dena, eta harekin batera gizarte modernoak eta tradizionalak elkarrekin talka egiten dutenean bertan sortzen diren egoerak.
Gordinkeriarekin batera, etnografia, misterio, umore eta mitologiarako lekua dago liburuan. Ostatuen istoriak, herri txikietako politika, ehizako eta arrantzako pasadizoak, baserrien miseriak eta kontu alaiak, eta umorea, nahiz eta sarritan beltza izan.
Lukuren pertsonaien galeria koloretsua da, askotarikoa, nahiz eta eremu geografiko murritz batean kokatua izan. Pertsonaiak bi edo lau hankakoak daitezke, baina denek dute zerbait kontatzeko.
Santibate fundamentalista narrazioan, Baigorriko jaunttipi frantziazalea gazteen euskalzaletasun eta abertzaletasun haizeek amorrazio patetikoraino eramaten dute. Kaxinta aristokrataren Radjah zakur hozkariaren abenturetan idazleak mendeku ttipi bat hartzen du Chasse Pèche Nature eta Traditions taldeko landes nazkante batzuen aurka. Arrantzale sasikoa eta nekazal-Ranbo bilakaturiko errekazainaren istorioak badauka kronika sozial beltzaren zapore mingotsa. Hemen bi espeleologo gipuzkoarrek ukitu exotikoa jartzen dute Ezterenzubiko bazter hauetan. Xinaurri-jalea ipuinak badauka xarma berezi bat. Euskal ostatu eta Pirinioetako errepide lanbrotsuen errealismo magikoa. Errealitatearen eta liluraren arteko muga bere R-5ean doan baserritar baten begietan.
Hiritik baserrira bizitzera doan jendearen egokitze zaila aurkitzen dugu liburuan ere. Kanpotarra paraje hauetan bizilaguna bilaka liteke, baina nekez bertakoa. Zaila da Lukuk aurkezten digun munduaren izana ulertzea bertan jaio ez denarentzat, txikitatik idazleak bere botilak topatu dituen Errobiren eta bere erreken urak edan ez dituztenentzat. Azken batean kaletarrek Euskal Herri sakonaz mintzatzerakoan zera adierazi nahi dute: baserri mundua ulertzeko duten ezintasuna. Hiria eta baserria. Euskara eta frantsesa, edota euskara eta gaztelera. Lukuren mugako jendea ezagutzeko kanpotarren mugak dira horiek.
Horrela, Bertzetan ipuinean, protagonista bere etxean ostatua hartu duen lagun baionarra basajaunak garbitu izanaren susmoa eduki arren, zuhurki isilduko da jendarmearen eta mutilaren emaztegaiaren aurrean. “Zertara joanen nintzaion nahastera ene basque ixtorioekin?”. Errobi bazterreko basajaunaren ekintzaren ebidentzia baserritar ezjakinen sineskeria bilakatzen da Baionako kaleetan sartu orduko, eta hori bi munduak ezagutzen dituen protagonistak badaki.
Zaila da kanpotarrentzat alderdi hauen izanaren sakona ulertzea. Antton Lukuk pixka bat laguntzen digu bere ipuinekin.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez