kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Kresalaren talaiatik / (Liburu zehatzik ez)

Kresalaren talaiatik Garikoitz Berasaluze / Euskaldunon Egunkaria, 1998-07-18

“Euskarak talaia asko behar ditu, eta guztiak dira osagarri, baldin betetzen badute erregela bat, biziak dira hitzak, malguak dira, eta, airearen antzeko, komunikazioaren zirritu guztietatik hauspotzen dute bizitza”. Horiek dira Anjel Lertxundik paratutako Ifrentzuak sailaren azken liburukiaren amaierako hitzak. Letrak kalekantoitik liburuaren ohar bibliografikoan idatziak. Euskarak talaia asko behar omen ditu. Horietako talaia sendo bat eraikitzen lagundu du sail honekin oriotarrak.

Otto Pette mardularen euskararekin gozatu ez zuen euskaltzalerik ez dugu topatu oraindik. Handik hona, euskarazko liburuen irakurzale garenon atseginerako, hizkerari dagokionez Lertxundik bide beretsutik jo du bere liburuetan, eta hori ez zaigu oharkabean igaro irakurleoi. Honen lekuko da Lertxundiren lau liburuz osatutako Ifrentzuak saila eta, orain aste batzuk argitaratutako Argizariaren egunak eleberriarekin sail honenak egin duenez, ez da aitzakia makurra lau liburuak hizpide hartzeko.

Piztiaren izena

Sailaren lehen liburuak harrituta ez ezik, hurrengoaren zain ere utzi gintuen gehienok. Deabrua oinarri hartuta, ahozko tradizioa eta Europako tradizio idatzia uztartu zizkigun Lertxundik orduko hartan. Gurearekin hain lotutako Bettini Txerren edota Akilimarro ezagutzeko aukera izan genuen literaturaren bidez, eta berria zen sail batekiko lilura sortu ziguten liburuaren lehen orriek. Ipuin ezberdinetan, dagoeneko atzeman genuen sail honetan ere Lertxundik gogoko izango zuela narrazio-forma berritzaileak bilatu eta askotariko ikuspegiez baliatuz orrialdeak osatzea. Ipuin batean edo bestean istorioak eta gertaerek eskain ez zezaketen lilura, hizkerak, idazlearen idazmoldeak eskaini zigun eta, beraz, gustura irakurri genituen ipuinok ere. Gainontzekoak, hariari eta hizkuntzaren ederrari kateatuta, zer esanik ez.

Liburuaren azken zatian, demonologiaren inguruko glosak eskaini zizkigun Lertxundik. Harritu gintuen ipuinen ostean halako glosarioarekin iristea idazlea baina, banaka-banaka aurrera egin ahala, berehalakoan desagertu zitzaizkigun inori kontuak eskatzeko gogoak. Piztiaren izenak, animaliak, arima herratuak, erleak, eta abar luzea ifrentzuz jarri zizkigun idazleak bere hitzekin. Bakoitzak bazuen bere istorioa, bere tradizioa, irakurlea zer harritua. Gurean, oraindik ez geunden hain ohituak alfabeto tankeran osatutako literatura moldera —azken urteotan izan dugu nola ohitua—, baina hasieran irakurlearentzat ariketa zaila zirudiena ezusteko joko atsegin bihurtu zen.

Azkenaz beste

Eleberriaren taiukeraz iritsi zitzaigun bigarren liburua: Azkenaz beste. Ezin hilez bizirik dirauten pertsonaia herratuen gora-beherak, izatez, eleberri ederra idazteko osagaiak baziruditen, Lertxundik motz utzi zituen gehienon aurriritziak. Urteak igaro ahala, hainbat liburu berri irakurrita, oraindik gogoan dirauen eleberria eskaini zigun. Literaturan barrena aspaldian egin dugun bidaiarik atseginenetakoa egin genuen Norarekin batera kalesan eta belaontzian.

Azken hamarkadan euskal literatura eraikiz joan den pertsonaien artean, euskal irakurlegoaren oroimenean, ziur gaude leku berezia duela dagoeneko Norak. Izan ere, Lertxundik ez zigun alferrik eskaini Azkenaz beste honetan gurean ezagutu dugun istoriorik ederrenetakoa. Literaturarik gozagarrienetakoa. Euskararik zainduenetakoa. Liburu biribilenetakoa. Gehiegikerietan gabiltzalakoan ariko da beharbada nor edo nor. Ziur, orduan, ez duela hizpide dugun liburua irakurri. Ez da inondik ere huskeria hauspotzen duten horietakoa eta, bada, haatik kontu honekiko aipamenik liburuan. Aipamen hutsa baino zerbait gehiago dena, gainera, gure aburuz: “Bidez bide dabilenak, ostatu asko eta adiskide gutxi; hala dio esaerak, eta bidaia-zaletasunak egin nau, beharbada, hain bakarti. Ez naiz egokitu zaidan garaiaren etsai, baina ez naiz oso adiskide ere, hobe baita arretarik ez eskaintzea erremediorik ez duten gorabeherei. Farfailari ahotsa eman ordez, ahoa itxirik gorde behar dela pentsatzen duten horietakoa nauzue. Besterik ezean, nahiago dut jendeak mutu ote naizen pentsatzea, huskeria hauspotzen nabilela entzutea baino”.

Argizariaren egunak

Argizariaren egunak eleberria aurreko lerroetan aipatu duguna baino hobea denentz eztabaidatu genuen berriki lagun batekin. Hura ere irakurlea, hark baietz temati, guk gure zalantzak genituela eta abar. Aurrekoa biribila iruditu zitzaigula, alegia. Argizariaren egunak ere ederra dela. Ausarta eta hau ere irakurlea hasieratik amaieraraino kateatzen dakiena. Beste eleberriak, ordea, beste xarma bat zuela.

Ez genuen laguna gure bidera ekartzea lortu. Eta hark lerro hauek irakurriko dituelakoan bagaude ere, aitortu behar dugu hein handi batean ez zuela arrazoia bere aurka. Eztabaida ezin dezakegu bideratu bata ala bestea hobea den erabaki ezinean. Biak liburu handiak dira. Denborarekin, gurean arrastoa utziko duten horietakoak. Baina ezberdinak. Eleberrien ohiko taiukeraz nahikoa urruntzen da Argizariaren egunak. Dontsu etxean sarturik duten gaisoa da narratzailea. Kontakizun ugarik osatzen duten eleberria da eta ispilu guztien artean osatuz joaten da liburua. Narratzaileak kontakizun nagusia deitzen duena eta “hartan oinarrituriko eta handik abiaturiko azpinarrazioak” idatziz egituratzen du dontsuak idazlana. Kontakizun nagusian ere partaide izateak, askotariko iruzkinak egiteko aukera eskaintzen dio, gainera, dontsuari. Dontsu etxean egon arren, dontsutik edo erotik ezer gutxi duen literaturzalea da narratzailea —egia esan behar badugu Panerorekin oroitu gara behin baino gehiagotan liburuan barrena, batik bat zuzendariari eta literatur lantegiari buruzko iruzkinetan—.

Narrazio-formari dagokionez, kontakizun nagusiaren eta azpinarrazioen arteko loturaz gain, Carlos Reisen Diccionario de narratología liburua, kristau egutegiko saindutegia, latinez idatzitako esaldiak eta beste zenbait osagai erabiltzen ditu egileak. Nahastu beharrean guztiak antolatuz, eta beste behin hizkuntza garbi eta landuaz baliatuz, euskal literaturak azken urteotan eman duen liburu onenetarikoa argitaratu du Lertxundik.

Letrak kalekantoitik

Ifrentzuak sailaren azken liburukia izanik ere, Argizariaren egunak eleberria baino lehen kaleratu zen hiztegi moduko glosario hau. Letrak kalekantoitik lanean gai eta garai askotariko hitz eta kontuak ditu oinarri idazleak. Umore puntua dute askok eta herri-tradizioari, literaturari, eta esaera zaharrei lotuak daude beste asko eta asko. Idazle handi bat izateko egin behar den bidea —irakurle handi bat izatea— ederki jorratu duela erakusten digu lan honetan egileak. Berak, liburu hau azaltzeko asmoz, ohar bibliografikoan bertan honela dio: “Guztiz ezinezkoa egiten zait azken urteotako irakurketen bidean in margine-ko zehar-lanean jasotako ohar, fitxa eta apunteen berri zehatza ematea”.

Sailaren azken liburukia da hau, eta itxura eta diseinua ere aurreko hirurek ez bezalakoa du. Ia orrialdero Antton Olariagaren esku abilak ilustraturiko testua duena ez da edonolako lana eta, hori, emaitzan nabarmentzen da. Lertxundi eta Olariaga biak kalekantoian. Batak letrak lagun, besteak ilustrazioak eta, irakurlea saridun. Baina ez liburu honetan bakarrik. Literatur balioaz gain, Alberdania argitaletxeak aurreko hiru liburuen diseinua eta liburua objetu gisa zaintzeko egindako ahalegina ere nabarmendu behar da.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak