kritiken hemeroteka

8.810 kritika

« | »

Basabürüko ipuinak / Junes Cazenave-Harigile / Izpegi, 1997

Euskal mundu magikoaren isla Antxon Gomez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-07-04

Junes Cazenave hainbat pastoralen eta Zuberoari buruzko lanen egilea dugu. Besteak beste, hizkuntza klasikoko irakasle, Donapaleuko Etxekopar eskolako buru, maisuen heziketa iraunkorreko arduradun eta pedagogi aholkulari izan da, AEK-ko euskara-irakasle eta Altzaiko parrokiako arduradun izateaz gain. 1980an eta 1992an Euskaltzaindiaren Toribio Alzaga antzerti saria irabazi zuen euskaltzain urgazle honek Basabürüko Ipuinak honetan, Cazenavek euskal Pirinioetako natura eta mitologia aurkezten dizkigu estilo fresko eta arin batekin. Liburu laburra da, hamar ipuinez osatua. Zubereraz idatzia egoteak euskalkia menperatzen ez dugunontzat zailtasun batzuk badakartza ere, ipuinek ahalegin txiki bat egitea merezi dute.

Liburuaren hainbat pasartek ia euskaraturiko Miguel Torga portugaldarraren Piztiak liburua ekartzen dute gogora. Tras-os-Montesko eskualde mitiko eta mitozalean, Zuberoako Bortuetan bezalaxe, baserritarrek modu berezian bizi izan baitute duela gutxi arte naturarekiko harremana.

Cazenavek Basabürüko bizilagunen eguneroko bizitza ezagutzera garamatza. Baina, bertan, gizakiaz gain, etxeko zein basoko abereak ere auzokoak dira. Hartzetik hasita etxeko katuraino. Eta bakoitzak bere istorioa du.

Lamina bidean ipuinean udazkeneko Basabürüko bagadi gorrituek, mendi eta arroilek marko magiko bat osatzen dute, non goiz-goizean uso ehizara abiaturiko ehiztariek herriko emazte bat lamina batekin nahasteari ia arrunta deritzogun.

Arroil batetik ateratzen diren marrakek inguruko baserritarrengan ezinegona sortu dute. Herensugea ote da? Istripua izandako lagunaren aienekak? Santa-Grazitarrak atakara beheratu arte ez da misterioa argituko.

Pierrainiren Arrabita, berriz, Pirinio guztian barrena hedatua dagoen kontakizunaren aldakia da. Musikari baten arrabitaren soinuak otsandu edo izututako otso saldoarena, alegia.

Hango herritarren ehizarekiko zaletasunaz barre pixka bat egiten du idazleak Bi ürxaintxak kontakizunean, ehiztari gazteak zuhaitz batetik zintzilikaturiko zapata parea bi kattagorriekin tronpatzen duenean.

Txomin Peillen euskaltzainak Animismoa Zuberoan liburuan (Haranburu, 1985) Euskal Herriko mendebaldeko Pirinioetan orain dela gutxi arte bizirik iraun duten sinesmen animisten berri eman zigun. Cazenavek animismo zuberotar hau modu literario batean aurkezten digu. “Gu Ziberoan, ardüra so eta behar gira txorien norat doan ürzoaren bidea, noiz agertüko den behibideetako Andere Xuria, zein eder den errexiñularen txiunta, zer mixterio basoilarraren kantoriak”.

Basabürüko Ipuinak naturarekin lotura handia izan duen eta desagertzear dagoen euskal mundu magikoaren isla literario xume bezain ederra da.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak