kritiken hemeroteka

8.746 kritika

« | »

Oherako hitzak / Pako Aristi / Erein, 1998

Taberna ireki zuenarena Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1998-06-06

Iaz Castletown argitaratu ondoren, Oherako hitzak poema liburu berriarekin datorkigu aurten Pako Aristi. Duela guk nahi baino urte gehiagoko Iraileko ipuin eta poemak eder haren azal-hegalean gogoratu zitzaigun idazle tremendista gisa ezagutzen genuen hartaz gain, Pako ganberro katxondoa ere ezagutzen genuela, edozein gairi azpildurak bilatu eta gure mozolokeriez barre egiten dakiena. “Orain beste Pako bat deskubritu dugu” jarraitzen zuen solapak, “erdi izkutuan zegoena, eta horrekin batera erregistro ugariko idazlea dela erakutsi”. Castletown-ek baietsi zituen hitz haiek eta, orain, Oherako hitzak berri honek areagotu besterik ez du egiten esandakoa.

Ez dugu ezer berririk esango esatean poesia narratiboa dela Aristik eskaini izan diguna azken liburuetan. Oraingoan, gainera, gure iritzirako, ahalik eta gehien areagotu du joera hori eta poema narratibo horiei ahalik eta singletasun handiena gehitu die. Inolako zailtasunik gabe ulertzen dira poemak eta, batez ere, singletasunaren indar hori nabaritu diogu liburuari.

Postura zaila da era berean single eta indartsu idatzi nahi izatea. Eta idazle onek besterik ez dute lortzen postura irabaztea. Pakok ahalegin horretatik garaile irteten badakiela erakutsia digu, eta oraingoan ere lortu duelakoan gaude. Beste eltze bateko hitzei utzi eta goazen, beraz, oherako hitzetara.

Singletasunez, erraz, korapilorik gabe, baina indartsu eta zer pentsatua emango duten lerroak idatzi nahi izatea ez da idazle onenek ere lortzen duten zerbait. Horrelakorik iritzi diogu urrestillarraren azken poema liburu honi. Hots, gorabeherak atzeman dizkiogu orrialdeotan barrena. Poema batzuk maisulanak dira. Beste batzuk kateatuz, egoera eta giro liluragarriak sortzen ditu. Beste batzuetan, aldiz, ez du erabat asmatu. Castletown indartsuagoa zela esatera ausartuko gara. Oherako hitzak honi, beharbada, biribilagoa izatea falta zaio, gorabeherak leuntzea. Dagoenari helduko diogu, ordea.

Berehala ohartuko da irakurlea poema liburua bada ere Aristiren azken lana, tarteka hitz lauz orrialderen bat edo beste ere agertzen dela. Horietan, Trenekoak atalekoak nabarmenduko ditugu, erabat ederrak iruditu baitzaizkigu. Poemei dagokienez, berriz, Existitzen ez direnak ataleko lehen laurak azken aldiko euskal literaturaren edozein antologiatan eztabaidaezineko lekua behar luketenak iruditu zaizkigu. Atal hori bera utzi aurretik, hala ere, bada beste harribitxirik ere —Lainoen iratzargailua, kasu—. Poemak orduko 140 kilometroko abiadan ataleko olerkiak ere, bere laburrean eta singletasunean, zer pentsatua ematen diote irakurleaki. Hasieran aipatu ondorengo gorabeherarik nabarmenenak,beharbada, Larrua jo ondorenekoak atalean atzeman dizkiogu liburuari. Hemen ere, ordea, olerki ederrak irakurri ditugu —Beltz man, Bidertzeko lapurra, Irune, Gurpil zoroan, Lore gorrien balada, Gabeziaren oroimena…— eta, orobat, gustukoa izan dugu atal hori ere. Lehen aipatu ditugun gorabeherak, beraz, liburuaren biribiltasunari dagozkiola argituta geratuko zen honezkero. Aristiren poemario hau ederra da, gustura irakurtzen da. Baina zerbait falta zaio primerakoa, biribila izateko. Asko eskatzen duten irakurleak garelako izango da ziurrenik. Gustura txikiteatu dugu, hala ere, Pakok ireki digun taberna berri honetan. Ardoa eskilarapekoa ez delako ez dugu grebarik egingo, eta irakurle zintzoaren hitza eman dezakegu Pakok irakurtzen dituen taberna berri guztiak sartuko ditugula, azken aldian bezala, aurrerantzean ere gure ibilaldian.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak