« Idazlan guztiak | Eleberri beltza »
Demokratak eta biolentoak / Joxe Azurmendi / Elkar, 1997
Absurdistango Eskualde Autonomo honetaz Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1997-12-06
“Ezer irakurtzen al da herri honetan? Edo ezer ulertzen al da, irakurriz gero? Edota nahi dena eta nahi den bezala irakurtzen da dena, ulertzen da, esaten da, koherentzia ez zait balio interesgarria iruditzen antzeko zerbait, Jon Juaristik Txillardegiri buruz jaulki zigunetik, izan ere dena berdin al da?”, dio Azurmendik bere lan berrian, eta zer hoberik hitz horiek hona biltzea baino iruzkina hasteko.
Jarraitzeko, liburu hau euskal gizarteari txertatu beharko litzaiokeela esango dugu, eskoletan gazteenei bezala, sistematikoki. Absurdistango Eskualde Autonomo honetan bati baino gehiagori begiak irekitzeko balio baitezake. Nahiz eta badakigun herri honetan nahi dena eta nahi den bezala irakurtzen, ulertzen, esaten dela dena. Hemen, koherentzia inork gutxik duela balio interesgarritzat.
Galdera zorrotzarekin hasten da zegamarra: “Zer zarete zuek lehenago: abertzaleak ala demokratak?” eta ez dio betiko listoari ihesean utziko, bera “abertzale demokrata” dela esaten. Gisa bera liburuan barrena. Atarikoaz eta bukaerako bi hitzez gain, bi artikuluk osatzen dute. Lehenenak Mirande du oinarri. Bigarrenak, berriz, Nietzsche eta Jünger ditu hizpide. Guk Azurmendiren hitzak ekarriko ditugu batik bat hona, bere horretan liburuaren nondik-norakoa azaltzeko balio dutelakoan, eta gure laudorioek baino ziurrago bultzako dutelakoan irakurlea liburura.
Historiak eta kulturak oinarritzen dituztela herriak, ez arrazoimen geometrikoak, dio Azurmendik. “Eredu sozial demokratikoa alderantzizkoa da. Ez da mendez mendeko aurrerapide eta esperientzia historiko astikor geldien emaitza polliki-polliki umotua, ezpada kabineteko buru egonezin batzuen diseinua, asmazioa. Arrazoiaren geometria purua da, gizartea eta historia geometriari azpiratzeko ahalegina”.
Bestalde, Azurmendik garbi du kopurua edukitzea ez dela arrazoia edukitzea, “Boto gehiago edukitzea arrazoi gehiago edukitzearekin egin ohi den berdinketa, beste tranpa bat baino gehiago, gezur-sasi bat da”. Honen ildotik aurkezten digu razionalitatearen tranpa: “adostasuna sortzen razionalki ahalegindu ordez, arazoak zuzentzeko, botoen kopuruz erabakitzen da zer hartu arrazoizkotzat. Egia, egiazkoa, arrazoizkoa, iritziaren edo arrazoiketaren kualitatezko determinazioak dira. Baina zaila nola izaten den askotan razionalki ebaztea zuzentasun kualitatibo hori, kuantitatiboki likidatzen da arazoa eta kito”.
Goazen aurrerago. Hots, gehiengoa ala Konstituzioa ote den lehenago. “Gehiengoaren zuzenbideak oinarritzen du Konstituzioa, ala Konstituzioak oinarritzen du gehiengoaren zuzenbidea? Konstituzioarekin eta gehiengoarekin daukaguna oiloarena eta arrautzarena baita”, dio zegamarrak. Erantzuna, liburuan. Eta honekin lotuta nolabait hurrengoa: “Sistema bat zinez demokratikoa izateko, aurren-aurrenik berak bere jatorrian behar du demokratikoa izan. Hau da, elkarte horretan beren gogoz sartuak bakarrik egon litezke”.
Bigarren artikuluan, esana dugun bezala, Nietzsche eta Jünger ditu hizpide Azurmendik, Euskal Herriko Unibertsitateak bigarrena doktore ohorezko izendatu izanak bultzatuta. Atal honetan bildutakoek ere zer pentsatu ugari ematen diote irakurleari. Baina galderak egitea, utz dezagun berriro Azurmendiren esku, maisu baitugu horretan. Hots, “abertzalea deritzon mugimendu baten balio-sisteman, egon ote daiteke bakea askatasuna baino lehenago? Zein modutako logikarekin?”.
Tarteka etsipen printzak iristen zaizkigu Demokratak eta biolentoak honen orrialdeetatik. Aurrera egin beharra ere, ordea, konstantea da: “Alfer-alferrik izango da, baina gure protesta mediatzen jarraituko dugu: jakin arren alfer-alferrik dela protestatzea, eta alferrago euskaraz: jadanik hemen dagoena, ideal guztien merkealdia dela. Printzipio guztien dimisioa, nasaikeria, niri dena bost axola filosofia, desmoralizazioa ela burumakurketa (eta inmoralizazioa), kontzientziaren salmenta dilista espainol plater bategatik, desertzioa (edo errendizioa soil-soil), bakoitzaren akomodamendua, erantzun pertsonalen abandonua eta gehiengoaren artaldean babes-hartzea. Amets guztien ilunabarra”.
Euskal Herriko Unibertsitateak Jünger doktore ohorezko izendatzea dela eta eginak dira gogoetok. Azken batean, Azurmendirentzat, izendapen honekin, “jokoan egon, bi blokeen artean kontzientziako diferentzia sortzen omen duena, baitzegoen: biolentziaren filosofiarena. Eta hortxe egon da hain zuzen paradoxa: bloke biei kasu honetan jokatzea tokatu zaien rolean. Demokratek dute harro-harro Jünger ohorez ohoratu, armen ela konbateen kantaria, biotentoek baketsuki atarian protesta egiten zuten bitartean otzan-otzan”.
Egoerak, ordea —liburuan barrena argi uzten du— ez du harritzen Azurmendi. “Nik uste dut”, dio, “basoko tximuak adarretan bezala, kontraesanetan bizi garela, eskegita. Nahaspilatuta ibili gure arrazoietan, denok gabiltza. Baina orain portaera publiko batzuk bakarrik interesatzen zaizkigu. Bizitza publiko guztia baitabil, ibili ere, kontraesanetan, Absurdinstango Eskualde Autonomo honetan”. Kontraesan hauek, egilearentzat, euskal gizarteak bizi duen momentu eskizofreniko baten ondorioa dira. Izan ere, hurrengo galdera erabat zentzuzkoa da. Hots, “nola etor daiteke inteltigentsia oso bat oso-osorik eta hain agudo, ezker-ezkertiarra izatetik eta halako irakurgaietan debozioz larratzetik, E. Jünger bat ohorezko maisu bezala aitortzera, edo Unibertsitateak halakotzat ofizialki ospatzea txintik protestatu gabe onartzera? Zer pentsa daiteke jende horren seriotasun ela onestasun intelektualaz? Izenak ez naiz jartzen hasiko”.
Aurrera jo eta Estatuaz hitz egiten hasi aurretik, alta, hara beste aizkorakada: “Txoriak ezingo luke kanbiatu basoa nahi adina kantatuta: Baina gutxiago txorimaloak. Aizkorak bai. Hori da problema”. Eta hori argitu ostean hasiko da Azurmendi Estatuaz hitz egiten. “Gizartean biolentziarik baldin badago (politikoa), Estatuaren ahalegin guztia ez da izango beste forma estatal batzuk bilatzea, ezpada biolentzia biolentzia gehiagoz zapaltzea. Eta, horretarako, hura irrazional eta kriminal deklaratuz hastea, Estatuaren arrazoi bakarra publikoki ebidentzia ez dadin”. Honetarako, gainera, “fededunik ez da faltako. Monarkian monarka pulpituetatik legitimatzen zen bezala, demokrazian periodikoetatik elaboratzen da Estatu-Arrazoiaren legitimazioa. Eta ez da nazien alde ezer esatea, naziek berek ez bezalako zinismoa erabiltzen dutela salatzea, demokratek lasai-lasai beren zerrikerien legitimazioan”.
Behin honaino iritsita, irakurlea ohartua izango da Joxe Azurmendiren liburuaren pisuaz. Hala ere, liburuko azken atalak, (In)moraltasun publikoaz hitz egiten duenak, orain artekoak, bezainbeste harritzen du irakurlea, begiak areago zabalduz. Zehatza da Azurmendi azken atal honetan. Demokrazian Estatu-Arrazoiaren legitimazioa elaboratzen duten periodikoen irakurketaz ari dela, sinestea beti pentsatzea baino errazagoa dela gogoratzen digu egileak, “baina arruntik arruntena eta errazen-errazena, periodiko baten inteligentzian eta razionalitatean goizero sinetsiz, geu razionalak eta inteligenteak bihurtzen garela, uste edo nahi izatea da, zalantza gabe”, gaineratuz.
Azurmendirenlzat, “biolentziaren eztabaidak, eta, beraz, gure eztabaida politiko guztiak, inora ez du irtenbiderik, hasieran bertan lurpetarki biolentzietako bal pribilegiatzen bada beti isilpean, eztabaidak eskludituz, begiak, ez balego bezala, itxita edukiz harentzat”. Hau guztia zehatzago garatzen du orrialdeotan, “ulertu ezin izaten dudan komeria da, nola norbaitek biolentzia oro, nondinahi etorri, San Mateok bezain ebanjelikoki kondenatu eta gero, berak, lasai-lasai parte har dezakeen instituzioetan” esanez jarraitzeko.
Bada gehiago ere. Askoz gehiago gainera. Baina Azurmendik berak dioen bezala, “basta, nahikoa. Ez nuen heldu nahi inolako konklusio modutara. Hau ez da tesi bat. Begiratu eta zer dagoen ikusi bakarrik. Denok gaude, eta ni ere bai, nekaturik nago”. Besterik gabe, beraz, esandakoa. Ea noiz txertatzen diguten sistematikoki liburu hau zainetatik.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres