kritiken hemeroteka

8.737 kritika

« | »

Gure zinemaren historia petrala / Koldo Izagirre / Susa, 1996

Ezinezkoak erraz dirudi Edorta Jimenez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-01-18

Jakingura maltzur batek eraginda hartu dut liburu hau eskuartean. Nondik nora Gure zinemaren historiaz halako saio bat, ehundik gora orrialde dituena? Liburuaren alderdi bi ez nituen gogoan izan, ostera.

Gure zinema irakurtzean euskal zinema ulertu uste izan nuen nik. Oker nengoen, ezen liburuak gure ezinezko euskal horren historia egiten badu ere, pluraleko lehenengo pertsona horren adierarik zabalean ulertzen du bere helburua. Euskal Herrian zinemak, gizarte gertaera den aldetik, izan duen eta izaten segitzen duen garrantziari ekin dio Koldo Izagirrek.

Nire bigarren akatsa liburuaren egilea Koldo Izagirre dela ahaztea izan zen. Gure idazlearen eskuetan ezinezkoak erraza dirudi. Mendebeteko historiaren hariari bortxakeriarik gabe tira eta bira, saio bikaina osatu du gipuzkoarrak. Akats biok irakurketak zuzendu ditu. Hona hemen hondakinik gabeko liburua, baina bere hondarra utziko duena.

Hirugarren akats bat ere ba bide zuen nire jakingurak, hots, historia hau petrala dela, gure zinemagintza bera ere petrala den hein beretsuan behintzat. Petralkeria hori ironia, zirikada eta are haginakadarako bide ematen dio egileari. Geure buruari barre egiten jakin behar omen dugu, eta Koldok daki, inork jakitekotan, hala egiten. Barrearen ostean burua apur bat argi gordetzen jakin duen irakurleak, aldiz, Koldo Izagirrek gure historiaz, gure nahi eta ezinaren borrokaleku askotaz, duen ikuspegi kritiko eta sakona ezagutuko du.

Suetean egin da sukaldari Koldo Izagirre. Azken urteotan egin den euskarazko filme bakarraren zuzendari eta gidoigile izan denak Euskal Herria zein herri anormala den erakusten digu, irria ezpainetan eta offeko —kronikalariaren— ahotsez. Zinemagintzarik ez dugu eta, herri kolonizatua gara gu arlo honetan beste gehienetan bezala.

Ikuspuntu kritikoak bazterrean utzita eta eroso eserita literatur balioa duen saiakera zorrotz eta euskal senaz idatziriko bat nahi baldin badu irakurleak, hona hemen bila dabilen liburua. Liburu honetako lerro guztiak dira taxuz eta intentzioz idatziak, eta bakar batean ere ez da eruditoaren ase-ezina kontsolatzeko balioko duen daturen bat edo beste. Askotan egileari “luzeago, luzeago!” aldarri egiteko gogoa egiten da.

Bestalde, Koldo Izagirrek arriskatzen ere jakin du, ez baita betiko epelkerietan ibili. Kronikalariari onartzen zaion offeko ahots neutroa alde batera utzi du lantzean behin, eta busti egin da. Ikus beza irakurleak, diodanaren adibidetzako, Ama Lur filmeaz idatzi duen kapitulua.

Ez dut liburu honetan erabili den euskararen laudorioa egingo, hemengo batzuek borreroari, honek zigorraren berri euskara jator-garbian idatzia emanez gero, dena barkatzen baitiote, baita norberari heriotza ematea ere. Koldo Izagirrek keinu luze-xamurra egiten dio irakurleari lehen lerroan bertan hasita, lapurteraren kutsu nabarmenaz blaituz hemengo prosa, lehen zinema saioa Euskal Herrian Miarritzen eta duela ehunen bat urte eman zela gogoan beti.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak