kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Arpoi baten eran / Juan Bautista Agirre / Alberdania, 1996

Plaza berri, eder, bitorea Edorta Jimenez / Euskaldunon Egunkaria, 1996-09-21

“…ipiñi dituzu goakiro dantzatzen, zure plaza berri, eder, bitorean; baita onguicho eta heren nahierara egurastu ere, aspaldiko partez…”, hitzok Juan Ignacio Iztuetak bere Guipuzcoaco Dantza izeneko liburuan eginiko hitzaurrean idatzi zituen. Bada, Klasikoak Alberdanian bilduma berriak hori berori egin nahi izan du, Zaldibikoak Gipuzkoako dantzekin nola, eurek ere hala, Iztuetarenak berarenak eta beste klasiko askorenak ere egurastu, plaza berri, eder, bitorea den sail batean argitaratuz. Hasi ere, Iztuetarekin ekinez hasi dira plazaratzen, Gipuzkoako Kondaira hartako pasarte hautatuak bildurik Ez direlako aketsak izenburupean. Bigarren titulu bat ere atera dute, Arpoi baten eran izenaz, Agirre Asteasukoaren pasartez osatua dena berau.

Bilduma berri hau plaza eder, bitorea dela esan dut arestian, argitalpenaren ttukuntasuna, hots, plaza beraren jite eta kanpo ederra, aipatu behar baita lehenik eta behin. Zorionez, nolakoa kanpokoa halakoa mamia, esan dezakegu oraingoan.

Inazio Mujika Iraola arduratu da orain arteko liburu biek hornituran dakartzaten oharrez eta hiztegiez, Iztuetaren kasuan hitzaurre amoltsua bezain idorokorra ere idatzi duelarik. Mujika Iraolak berak egin du pasarteen hautaketa, bestalde, eta bakardade izugarrian egin ez duela igartzen bada ere, bere lepo gainean hartu du halako lan beti ere eztabaidagarri hauen erantzukizunaren zama. Ez nator ni, ordea, hautaketaren zuzentasuna auzitan jartzera, ezta inondik ere, liburua irakurleari biziki gomendatzera baizik.

Gomendioaren harira argitu, ezen, honelako iruzkinetan labur jardun beharra izaten dugunez, ez naizela ur handitan sartuko; ezta egingo, nahita ere. Agirreren liburua jesarraldi bakar batean irakurri dut, eta hara hor argitalpen honen meritu nagusietako bat. Bestela, Eracusaldiac izenekoen bilduma aspaldi dut nik etxean; orrialde askorik irakurri gabe, ostera. Beste horrenbeste esan beharko nuke Iztueta dela eta, bildumako lehenengoa den Ez direlako aketsak irakurtzean nire atsegin-gozoak bestean baino ederragoak izan direla aitortu ostean, esan ere.

Hara! Klasikoak atseginez irakurtzea, baten batek ezinezko iritziko diona. Argitaletxeak bildumako liburu bietan ezarri dituen hitzetan haratago joan dira, “lotsa gutxiz idazle horiek alberdanian jarri ditugulako” baitiote. Hots, alberdania, argitaletxeko liburuetan askotan irakurri dugunarekin bat, jolasa, txantxa, bereziki lotsagarria edo lohia dela, “klasikoak alberdarnian jarri” horren nondik norakoaz susmoa hartzen has zaitezke, irakurle. Ez direlako aketsak eta Arpoi baten eran ezinbesteko liburu bi dira edozein irakurle literaturzalerenean. Gazteekin irakaskuntzaren arloan dihardutenek, aldiz, huts galanta, gogoan har ez balitzate liburuok.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak