kritiken hemeroteka

8.528 kritika

« | »

Radiobiografiak / Harkaitz Cano / Elkar, 1995

Enbidoari eutsi, baina jokurik ez Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1996-02-17

Radiobiograiak izeneko liburu hau Elkar etxeak zabaldutako Enbido txikira sailari dagokionez, bi konturen inguruan jardungo naiz hitz hauetan. Sail honen eta antzekoen inguruan batetik, eta Canoren lan honetaz bestetik.

Bere garaian Erein etxeak Milabidai sailarekin bezala, liburu txikien aldeko enbidoa bota digu orain Elkar-ek ere. Liburuaren formatoa zabalera hamar zentimetro inguru eta luzera hamabost zentimetroduna da. Euskal Herritik kanpoko beste argitaletxeei antzekorik ikusia bagenien ere lehendik, erabat berria izan da hau gurean azken urte hauetan. Euskal irakurleok enbidoari eutsiko diogu, nik behintzat hala egin dut. Eta ez naiz batere damutu. Etxe bateko zein besteko liburuska hauek jaso beharreko tantuak izan dira orohar, merezi izan dutenak. Baina gure irakurlearen mesedetan izango delakoan, egin duten akatsa begien aurrean jarri nahi nieke enbido hau jo duten argitaletxeei, marketinaz ezer gutxi badakit ere. Esan dudanez, merezi du enbidoari eustea, baina jokurik izan gabe hitz egiten hasi dira argitaletxeak. Jokuan sartu gabe. Liburu hauek bereziak dira, formato eta prezioz behintzat —literaturaz hala ez badira ere—, eta kalean jartzeko orduan ere tratamendu berezia behar dute. Liburu hauek ohiko liburudendetan aurki ditzakegu, baina ez dut oraindik bat bera ere ikusi geltokiko dendan, kaleko kioskoan, etxe inguruko saltokian eta antzeko lekuetan. Hots, ez ditut liburuok edonon ikusi. Eta hori da bi sail hauen akats nagusia, formato eta prezio berezidun liburuei tratamendu arrunta eman zaiola. Ez direla edonon aurkitzen, erosle-irakurlearen eskura, antzeko formatoa duten erdal liburuak aurkitzen diren modura. Horra nire lehen oharra, kontutan hartuko delakoan eta jokuan karta hobeekin sartzeko ahaleginetan.

Bigarren oharra Harkaitz Canoren lan honi buruzkoa da, noski. Radiobiografiak izena du liburuskak eta egileak azken bi urteotan Euskadi Irratiko Goizean Behin saioan irakurritako kolaborazioak biltzen dira. Bertan, pertsonaia ezagunen hainbat eta hainbat biografia fikzionatu irakurri zituen, eta lan honetarako, haietarik hamalau aukeratu ditu. Liburuan bertan azaltzen den modura, errealitatearen eta fikzioaren, egiaren eta gezurraren arteko mugan dabil Cano. Bien arteako jolasa bihurtzen du idazketa eta ez dugu jakingo bertako pertsonaiak errealak diren, ezta beren pasadizoak asmatuak ala gertatuak diren ere. “Ondo kontatutako gezurrak beti iraungo du errealitate gezak baino gehiago” onartzen da liburuskan bertan.

Bizargorri, Joseph Ignace Guillotine, Frederic Chopin, Paulov, Lumiere anaiak, Harry Houdini, Federico Rolin, Margaret Astor, Cesare Pavese, Frida Kahlo, Charles Bukowski, Abdel Kader Zaaf, Andrei Chikatilo eta Lupe Velez hartu ditu Canok mintzagai eta era berean bizia eman die. Egia hutsa dira kontakizun batzuk, irudimenaz asko josiak besteak eta bien arteko loturan ganbelatuak gehienak. Bi hitz soilik esan behar banitu kontaketa hauetaz, ironia eta umorea hitzak hartuko nituzke oinarri. Umorea eta ironia dira hamalau narrazio hauen osagairik garrantzitsuenak. Lasai esan dezaket orrialde bakoitzean irri bat sortzeko zerbait aurkitu dudala eta irakurleari gisa bera gertatuko zaiola. Ohi bezala, eta hurrengorako egilea akats berdinetan eror ez dadin hau ohartarazi nahian, liburuan zuzendu beharreko gauzak bilatzen hasi naizenean ez dut ezer aurkitu. Gehienez ere, ez dela inolako loturarik pertsonaien artean eta adierazgarria dela hamalau radiobiografien artean euskaldunik ez izatea. Baina honek zuzendu beharreko akatsekin zerikusi handirik ez duela irizten diot.

Azken batean, trenean, autobusean edota tarte txikiren batean irakurri daitezkeen narrazio laburrak dira, bakoitzak gehienez ere hiruzpalau minutu behar eskatzen dituenak irakurketan. Autobusean bera bakarrik barrez doan eroak eskuartean eduki dezakeen liburua zalantzarik gabe.

Azken kritikak

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Auzo madarikatua
Felix Urabayen

Jon Jimenez

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Amaia Alvarez Uria

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Joxe Aldasoro

Bisita
Mikel Pagadi

Mikel Asurmendi

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Asier Urkiza

Eresia
Goiatz Labandibar

Nagore Fernandez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren

Mikel Asurmendi

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Jon Jimenez

Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide

Paloma Rodriguez-Miñambres

Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak