kritiken hemeroteka

8.573 kritika

« | »

Ipuin errotikoak / Karlos Linazasoro / Alberdania, 2001

Oroimenak sufriarazi egiten digu Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2001-06-30

Liburu honetako ipuinak errotikoak direla esatera datorkigu titulua, oinarrizkoak, alegia, filosofiaren eta artearen azterketa literariotik abiatuz. Bi atal ditu aipatu lanak: “Hil artekoak” izenekoa lehenengoa, zeinetan 18 ipuin antzerkitu biltzen diren, eta “Akufenoak” izenekoa bigarrena.

Lehenengo ataleko ipuin antzerkituek, irakurlea eszenan edo testuinguruan sartzeko balio duen sarreratxo bat dute, zeinetan egilea areago arduratuko den irakurlea ikustera helduko den antzezlanaren argazki instantaneoa ematen, pertsonaien edo argumentuaren inguruko xehetasunak baino. Ezustez betetako egoera absurduak dira ipuinotan islatzen direnak, heriotza, ipuin gehientsuenetan tratatzen den gaia, espektakulu bilakatzeraino.

Linazasorok heriotzaren aurrean pertsonaiek nola erreakzionatzen duten ikusi nahi du. Eta pertsonaiekin ez ezik, irakurlearekin ere jolas egingo du. Pertsonaiak kasualak dira. Ez dute izenik. Hauen lanbidea ezagutzen dugu bakarrik. Pertsonaiak euren eguneroko lekuan kokatzen ditu, baina hasierako elkarrizketak, ipuinaren oinarri izango direnak, halamoduzkoak edo zirkunstantzialak dira. Pertsonaiak normaltasun osoz oratzen zaizkie edozein elkarrizketari, absurduaren mundua osatuz.

Absurdutasun horren barruan, aberatsegiak dira, aukeran, elkarrizketak. Zirkunstantzialki biltzen diren pertsonen arteko elkarrizketak aldez aurretik tratatuta dituzten gaien inguruko hausnarketak direla dirudi.

Liburuaren bigarren zatia, “Akufenoak” izenekoa, 58 mikroipuinez osatuta dago. Atalaren sarrera orrian, “akufenoak” hitzaren esanahia dakar egileak eta irakurleak badaki, ipuinez ipuin, Linazasororengan aurkituko duena, min fisikotik haratago doan nahigabea eta ezinegona izango direla. Bigarren atal hau osoagoa dela esan liteke lehenengoa baino: irakurlea areago mintzea lortuko du, baina aldi berean, irakurleari tarte edo mugitzeko aukera gehiago eskainiko dio. Irakurleak interpretatzeko aukera dauka, ipuinak ez baitira itxiak. Azalpenetara jauzi egiten ez duten kritika ironikoak dira akufenoak. Ipuinok irakurri nahi dituztenak bakarrik zaurituko dituztenak. Jakin-mina dutenak bakarrik minduko dituztenak.

Irakurleak ezingo du ekidin Kafka oroimenera ekartzea Linazasoro irakurtzerakoan. Kafkaren irudi obsesionatua, deserri pribatu batean bizi den idazlearena (“T” izeneko leku batean kokatzen ditu Linazasorok bere ipuinak), bere egonezina irakurlearengan errotu nahi duena…

Linazasorok deskribatzen dituen lekuak (gasolindegia, kalea, posta bulegoa, errepidea, plaza, Justizia Jauregia, tren geltokia, jantzi denda, parkea, jangela, bulegoa, kafetegia…) espazio publikoak dira, urbanoak, eta bere obsesioak egunerokotasunean txertatzeko balioko diote.

Ipuin bakoitza bizitzaren atal baten irudi izango du (patua, zortea, obsesioa, sekretua, beldurra, biluztasuna, heriotza, bizitzaren norabidea eta arrazoiak, maitasuna, arauak, normaltasuna…) baina gaiaren tratamenduari dagokionez, berrikuntza gutxi dakarkigu Linazasorok. Idazlearen obsesioak ezagutzen ditu jadanik irakurleak. Badirudi egileak ez diola gaiari erantzunik aurkitu nahi. Gaiari dagozkion irudiak landuko ditu, arazoa saihestuz, arazoa desbideratuz.

Gaiak jantziko dituen elementu obsesibo zenbaitzuk ere lantzen ditu egileak; hauen artean aipagarrienak, beroari eta kolore urdinari egiten zaizkion aipamenak. Ia-ia ipuin guztietan, bero-larriak harrapatzen ditu pertsonaiak, eta itolarriaren sentsazio bera helarazten zaio irakurleari ere. Itolarri honen aurrean, idazleak kolore urdinari egotzi asmo dio bila dabilen lasaitasuna.

Literatura heldua

Deserriaz eta aberriaz mintzatu ohi da Linazasororen liburuez hitz egiterakoan: itxaropena duela deserri eta tristura aberri. Egileari oroimenak sufriarazten dio, horregatik dio, amnesia duena dela zoriontsu eta isiltasunarekin bakean dagoena dela aske. Egileak berak sekula aurkitu ez duen amnesia eta isiltasunaren deskribapena egiten dio irakurleari, irakurleari berari ere, idazlearen antzekoa dela sentiarazi arte.

Linazasororen literatura, literatura heldua da, baina erabilitako gaien deskorapilatzeari dagokionez, ez digu honakoan ez aurrera ez atzera egin. Ez zaigu bere betiko kezketatik haratago joan. Geldituta eta itxita ageri zaigu bere betiko obsesioetan. Ipuinen egituraketari dagokionez ere, egitura bera erabili du ipuin guztietan, irakurlea gainasetzeko arriskuz.

Gaiaren planteamendua ere obsesiboa da, behin eta berriz gai beraren inguruan bueltaka. Irakurleak irtenbideak eskatuko ditu. Erantzun garbiagoak. Maisuki azaldu zaizkion obsesioen gaineko argibideak. Irakurleak ez du idazlearen kezka osoarekin gelditu nahi. Kezkak planteatzetik erantzunak ematerako bidean izan dezake, apika, Karlos Linazasorok bere hurrengo liburuak biribiltzeko edo irakurlea areago asetzeko parada.

Azken kritikak

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak