« Aniztasunaren inguruan | Kontakizun bitxiak »
Samurai berria / Josemari Velez de Mendizabal / Elkarlanean, 1998
Mac Guffin eta beste istorioen inguruan Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1999-04-24
Gurean, mundu literario honek normalizazioa lortu nahi badu, profesionalizazio orokorraz gain, irakurleen eta salmenten igoerarekin batera, oraindik lortu behar dituen beste erronka batzuk ere baditu.
Horien artean, nire iritziz, gaien, istorioen eta generoen zabalkundea eta orijinaltasuna da erronka bat. Egia da, halaber, askotan aurkako ideia defendatu dudala, hots, bai literaturan eta bai zineman, adibidez, istorioek ez dutela hainbesteko garrantzia, istorioak kontatzeko moduak baizik.
Gai honen inguruan, eta zehazki filmen argudioei buruz, orain dela hilabete batzuk, filmetan hogei bat argudio besterik ez direla sakontzen azaldu dute liburu batean Kataluniako bi ikertzailek. Urtero ehunka film egiten badira ere, argudioak eskuko hatzekin kontatzeko adinakoak omen dira. Kontraesana dirudi.
Baina bizitza bera ere askotan halaxe agertzen da, kontraesanean, eta iruzkin hau ere oraingoan honela egiteko asmoa dut. Hau da, hasieran istorio desberdinak eskatu badizkiot ere euskal literaturari, azken batean istorioak ez direla hain garrantzitsuak eta benetan garrantzia duena argudioak azaltzeko eta kontatzeko modua dela esanez amaitzeko asmoa dut. Hori nola egiten den? Mac Guffini esker.
Espioitzaren inguruko istorioak
Josemari Velez de Mendizabal ikertzailea ere bada, baina ezagunagoa da gurean idazle bezala. Bere produkzioa znbait genero eta esparrutatik igaro da, eta literaturan hiru eleberri ere argitaratu ditu. Baina bere berezitasuna, egin duen bideagatik baino gehiago, eleberrietan jorratutako generoagatik heldu zaio: espioitza liburuak idazten ditu, eta ez edonolakoak.
Velez de Mendizabalen eleberrietan protagonista nagusia euskalduna izateaz gain, argudioak egungo historia garaikidean murgildurik daude. Hala, bere lanetan egunkari, irrati eta telebistetan irakur, entzun eta ikus ditzakegun arazo politikoak aurkitzen ditugu. Askotan, gainera, gai hauen inguruko azalpenaz gain, trama hauen korapilo nahasien emaitzak edota balizko erantzunak ere eskaintzen zaizkigu. Alde horretatik, bere liburuak bikainak dira.
Gainera, bere aurreko bi eleberrietan egin zuen bezala —Yehuda eta Moskuko gereziak— oraingoan ere Velez de Mendizabalek gaiekin batera beste herri, kultura eta pentsamenduak hurbiltzen dizkigu. Oraingoan, nahiz eta istorio nagusia Estatu Batuetan gertatu, izenburuan adierazten den bezala japoniar herriaren kultura eta pentsamendua ere islatzen dira. Horregatik guztiagatik idazle hau eta bere eleberriak behar ditu euskal literaturak, salmentaz gain gai desberdinak, irakurle gehiago eta haize berritzaileak ekar baititzake. Askotan, kalitatearen izenean irakurleaz eta bere gustuaz ahazten garela ematen baitu.
Mac Guffin
Eta irakurleez, entretenimenduaz eta asperraldiaz hitz eginez, Velez de Mendizabalen liburuan argudioa eta gai politikoak alde batera uzten baditugu, eleberria herren gelditzen dela sentituko dugu. Hau da, istorioari aitzakia, espioitzaren trama, kentzen badiogu, beste argudio guztiak behera egiten duela ohartuko gara.
Ez pertsonaia nagusia, ez beste pertsonaia laguntzaileak, ez beraien arteko harremanak eta ezta istorioa garatzeko modua ere, ez daude espioitza tramaren mailan. Badirudi Velez de Mendizabalek aurreneko traman elkartu dituela bere indarrak, beste alderdiak baztertuz.
Eta azken buruan, oro har, eleberri bat ez da oinarritzen istorioaren aitzakian, tramaren deskribapenean, baizik eta pertsonaietan, haien arteko harremanetan eta beraien bilakaeran. Espioien eleberriak bai behintzat, gehienetan. Aitzakia, aitzakia besterik ez da.
Istorio, trama eta aitzakia desberdinen funtzioak Alfred Hitchcock zuzendariak oso ongi adierazi zituen Mac Guffinen adibidearekin. Hitchcockek horrela deitzen zien bere filmen aitzakiei edo lehenengo tramei. Hots, pertsonaiak mugimenduan jartzen dituzten istorioei. Eta gehienetan, haren filmetan, aitzakia hauek gero ez zuten inongo garrantzirik eta, berez, orain haren lanez oroitzen bagara, gutxitan gogoratuko ditugu nolakoak ziren, filmaren barnean ere askotan kontraesanetan erortzen bagara ere.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez