« Kutxa bete arrain | Herri tradizioa »
Errekarteko Koadernoa / Xabier Mendiguren Elizegi / Elkar, 2001
Leihotik at, barrura begira Oier Guillan / Gara, 2001-05-19
Xabier Mendiguren bere etxeko leihotik begiratzen ari da, txikitan hamaika aldiz egingo zuen moduan. Kristalaz landa etxe sail handia eraikitzen ari dira, arte luzez izandako bistak estaliz. Autoreak, leihotik begiratzean, bere begien isla topatzen du kristalean, bere begirada propioan murgiltzen da orainatik iraganera, etxeko bistak galduko diren moduan barrukoak gal ez daitezen. Badirudi zenbait gauza galdu arte ez garela ohartzen hor daudela eta, Xabier, aitona eta baserriaren irudien bidez bizimodu bat garai baten ezaugarrietara eta haren interpretaziora gerturatzen saiatzen da.
Lan honek ez digu denbora, nortasun edo historiari buruzko baieztapen ez definitiborik ez zientifikorik eskaini nahi. Bere iragan propiorako bidearen aitzakian, bestelako gogoetak egiteko gonbita luzatzen du Mendigurenek. Hasieratik azterketa sakonen funtsa ekiditen du, gogoetarako hazien amarauna harilkatzen duen sentsazioa sarri sortuz. Bakoitzak bere egiteko moduko ikuspuntuak agertzen ditu, agian irakurleak bere kabuz, bere esperientzia propioetan oinarriturik, osa ditzan. Zeharka zein modu zuzenean gai ugari eta unez uneko hariarekin loturiko autore anitzen aipuak eskaintzen ditu, unez uneko gaiak modu interesgarrian aberastuz.
Saiakera bitxi, ez ohiko eta planteamenduagatik aski interesgarri egiten du hortaz Xabier Mendigurenek Errekarteko koaderno honetan. Bere aurreko lanetan izaniko oinarri bera —hau da, kutsu autobiografrkoko oroitzapenak— duen arren, oraingo lan honek haiekiko etendura nabaria ekartzen du. Bere haurtzarora gerturatzen da Mendiguren aitona ezagutzeko, Errekarte Haundi delako baserria berreskuratu eta gogoan hartzeko. Izan ere, argazki zein oroitzapenetan hutsune bat somatzen duela aipatzen digu Mendigurenek. Lan honek ez digu emango bestelako narrazioek izan dezaketen hari filmikoa, aitzitik, argazki albuma osatzera datorkigu Errekarteko Koadernoa.
Saiakera eta biografiaren artean mugitu arren, ez da ez bata ez bestea. Genero ezberdinen artean mugitzen da etengabe, liburuaren hari nagusitik aldendu eta gerturatuz; oroitzapenak ditu abiapuntu gehienetan orokorrera jotzeko, beste hari batzuetara. Liburuari berari buruzko zalantza jarraiak agerian uzten ditu hasieratik. Zalantzek eta hari batetik bestera igarotzeko abiadurak irakurlea nahastu dezakete ordea. Zaila egiten ahal zaio irakurleari ¡dazleak berak guztiz sinesten ez duen saioari jarraitzea, autoreak, bere saiotik urruntzen den heinean, irakurlea berarekin eramaten du eta. Hasieratik zalantzaren gainean eraikitzen du liburua. Hainbestetan aipatuta, jada ez dakigu zintzotasuna den ala hasieran egiazkoa zena baliabide estetikoa bilakatu den. Edonola ere ez ohiko planteamendua izanik, egitura honen garapenarekiko ikusmiragatik besterik ez bada ere, merezi du amaiera arte jarraitzea.
Ez da erraza jorratutako gaien amarauna oso-osorik aipatzea. Funtsean aitona ezagun-ezezagunaren bizimodutik eta Errekarte Haundi etxearen ataritik abiatuta, Euskal Herriari buruzko gogoetak eskaintzen ditu, aitonak islatzen duen gero eta urrunagoko bizimodu bat, sustraien zentzua eta nortasunaren balizko oinarriak, hizkuntza eta euskaldunen hizkuntz konplexuak. Hala ere, beste gaiez mintzatzean aurkitzen ahal ditu agian irakurleak Mendigurenen aitortzarik gertuenak. Errekarte Haundiren inguruan mintzo denean, ariketa koaderno itxura nabarmena hartzen du zenbaitetan lan honek. Literaturaz edo idazteaz mintzo denean, ordea, autoreak lekukotasun xume eta gertuak erakusten ditu. Irakurri ahala, autoreak berak jarraitutako prozesua agerian geldituko da, sortze prozesu batek izan ditzakeen argi-ilun guztiekin, irakurlearen eskutara iritsitako koaderno edo eskuizkribuaren kutsua nabarmenduz.
Xabier Mendigurenek zer edo zer ezberdina sortzeko saioa egin du Errekarteko Koadernoarekin.
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi
Odola kantari
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins
Nagore Fernandez
Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Mikel Asurmendi