kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Perraulten ipuinak / Charles Perrault (Genaro Gomez) / Pamiela, 1993

Tradizioa duten ipuinak Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1994-01-29

Bere garaiko gizona dugu Charles Perrault, XVII mendekoa hain zuzen, gauza guztiak, gaurregungoarekin alderatuta, erabat ezberdinak zirenekoa. Puri-purian zeuden, artean, herri kultura eta folklorearen hainbat eta hainbat eredu, beste asko desagertzeko zorian bazeuden ere. Charles Perraultek, hala ere, eta beste herrialdeetan piska bat beranduago hartuko zuten joera asmatuz, bere bizian zehar saiatu zen herri xeheak ahoz-aho kontatu ohi zituen ipuinak jaso eta moldatzen, publiko zabal bati zuzentzeko asmoz, alde batetik; berriro herriari itzultzeko, bestetik, historiaren hauts piloaren aretan gorderik eta ahazturik gera ez zitezen, eta herriak izan zezan ipuinetan zer ikasia. Ipuinen publikoa ez baitzen, orain sinestera lerratu garen bezala, haurrena soilik.

Denbora aurrera joan ahala, ipuin hauek beren lekua irabazi dute eguzkipean, nortasun handikoak baitira, eta askotan, Txanogorritxuren, Bizar Urdinen, Marierrauskinen ipuinak irakurri edo gure seme-alabei kontatzen dizkieguenan, horiexek baitira seguruaski mundu guztiak han-hemen ederkien ezagutzen dituenak, ahazten gara bat batean idazle hartaz, Perraultez, eta geureak bailiren, geuk asmatutakoak, alegia, hartzen ditugu eta, ondorenean, ematen ezagutzera.

Lan ederra egin digu Genaro Gómezek ipuin hauekin. Ondo euskaratu dituela esango nuke, herri euskara eta literarioa uztartuz, literatura definitu eta gauzatzen duen tentsio hori mantenduz, azken hondarretaraino. Aipatu ere behar da, zein edizio ederra eta txukuna kaleratu duten Pamielakoek, jatorrizko irudiak ekarriz orrialdeetara, Gustave Doréren grabatuak, hain zuzen, mende batzuk igarota gero, oraindik, haserako eta pentsatuak izan zireneko indarra gordetzen baitute, denborak haiengan arrastorik utzi ez balu bezala. Ona esan dut dela Genaro Gómezen lana, izanez ere, zenbait ipuin bertsotan idatziak izan baitziren, garai hartako jarrera eta gustoari eutsiz, bestalde, eta horiek ere, euskaraz entzunda, gordetzen dute aspaldiko sena.

Oharrak ere asko dira liburu honetan, ipuin bakoitzari buruzko iruzkinak, Chales Perraulten beraren biografia, bibliografia zehatza, eta abar… Gordetzeko liburu, poliki-poliki dastatzeko, ezti gozoa bezala.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak