kritiken hemeroteka

8.768 kritika

« | »

Hotsa eta ardaila / William Faulkner (Maria Garikano) / Ibaizabal, 1992

Mitika Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1993-06-05

Liburu hau 1929an (urte mitikoan) argitaratu zen Estatu batuetan. Hamar urte lehenago “A la recherche du temps perdu”k Goncourt Saria irabazia zuen; hamar urte lehenago ezagutu ziren Estatu Batuetan bertan “Ulysses” en lehendabiziko kapituluak. Eta hots eta ardailik gabe liburu honek aipatutako guzti horiek baina sona handixeagoa lortuko zuen, urteak aurrera joan ahala. Esan nahi dut nobela honekin Proust edo Joyce baino harantzago joango zela William Faulkner. Eta badu horrek zerikusirik denborari buruz duen kontzeptuarekin. Ez da arituko denbora galduaren bila, Prousten gisa, denbora hori, ondoren, gorde eta betiko bihurtzeko. Ez du denbora eraikiko berriro, Joyceren gisa; indargabe utziko du. Faulknerrek asmatzen duen denbora mitikoa baita. Erlojurik gabea.

Halaxe agertzen digu liburuko zati batean: “Zeren Aitak esan zuen erlojuek denbora akabatzen dutela. Esan zuen denbora hilda dagoela erruberatxoek tikitakatzen duten bitartean; soilik erlojua gelditutakoan hasten da denbora bizitzen”. Une horretantxe hasten benetako denbora, denbora erreala, asmatutakoa ez den denbora. Hori dela eta, Faulknerrek ez du erabiltzen kronologia narratibo zehatzik bere liburuan. Barne-kontzientziaren korrontea bai, pentsamendu prozesuaren hausdura ere bai, baina haren nobelan ez dirudi formaz hitzegin daitekeen zerbait dagoenik.

Faulknerren pertsonaiak denbora antzinakoan bizi dira; espazio mitikoan. Kasu honetan, antza, sinonimoak dira “mitiko” eta “benetako” hitzak; denborarik gabeko pertsonaiak baitira, era berean, bene-benetakoak, ez asmatutakoak. Faulknerrek, beste garaikide askok bezalaxe, pentsatzen du giza-banakoaren baranoa neurtua dagoela, aztertua eta agortua jadanik; eta denborarekin horixe bera gertatzen dela. Faulknerrentzat, aurki, denborak ez du, besteok ematen diogun zentzua. Mitikan mugitzen da Faulkner eta mitikan mugiarazten gaitu gainerantzeko guztiak. Baina zer da mitika?

Mitikan ez dago ez barne ez kanpo; ez dago ez aurre ez atze. Bat da den-dena. Irudia eta ikusmena bat egiten dira; fantasia eta errealitatea elkartzen dira haize-zirimolaren indarrez; gauza eta kontzepto abstraktoak konkretasunean bizi dira; objetuek nortasuna dute. Kontraesan guzti horien gainean dago mitika, guztiekin ore gozo eta biguina eginez. Oso irensgarria hala ere.

Egia esan, ez dut uste itzultzaileari erraza izan zaionik liburu hau euskaraz jartzea, baina ondorioak ikusita zorionekoak gara.

Azken kritikak

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak