« Hazia ereiten duen gezia | Ana Urkizaren “Gela ilunetatik” »
Hauta-lanerako poemategia / Gerardo Markuleta / Erein, 1999
Zer den infernu Aingeru Epaltza / Nabarra, 2001-04
Poesia idazlearen oinazearen adierazpide. Lehen behakoan ez dirudi arras originala Gerardo Markuletak bere Hauta-lanerako poemategian egiten digun proposamenak, minaren gainean eraiki baitu idazle oñatiarrak orain artean plazaratu duen hirugarren poesia liburua.
Berbamina, lehenik. Zer nola erran, idazle ororen zorabio: izan ere / zer kanta dezake / apo soinujole eder batek / labirintoz ekibokaturiko / basurde iheslari batez?
Herrimina, bigarrenik, inguru gorrotagarri batean bizi baita poeta. Agindu zenidan herria, baby, / ez dut inon ere aurkitzen. / Zuk bidalirik nabil, / erromes galduen legez. Edota: Oi, zeinen gogaiturik nagoen / lur koldar, zahar, basati honetaz.
Eta maitemina, azkenik: Gure amodioaren / garagardo upel / presiozkoa / azkenetan dun, / bits apar hutsetan.
Liburua ez da, ordea, egilearen pairamenen zerrenda hutsa. Italo Calvinoren haritik, bizi dugun infernuaren oinazerik ez sufritzeko errezeta batzuk ere badakartza. Funtsean, bila aritzea, eta jakitea nor eta zer, infernuaren erdian, ez den infernu; eta hura iraunaraztea, eta hari lekua ematea. Mina ere ziztatzaile izaten ahal baita, akuilu.
Xedea hura izanik, poetika propio baten bila abiatu zaigu Markuleta, bere ahotsaren bila. Eta horretarako ez du bertze poeten oihartzun —erantzun— izan bertze biderik. Kanpoko batzuk —Gil de Biedma, Garcilaso, Espriu—, bertze batzuk hemengo —Atxaga, Sarrionandia, Izagirre, Aresti—, eta hango ez hemengo —Juaristi (Jon)—. Oihartzun izatean ageri da noski berezkoen Markuleta. Bertzeek erabili edo iradokitako metaforak bere aldera ekarri eta itzulipurdikatzen ditu, bere ironiaren galbahe bihurritik iraganazita, jantziz eta edukiz berriturik aurkezteko irakurleari.
Oñatiarrak ederki baitaki originaltasunaren kontua zertan den. Zertan, orobat, infernurik infernuenean izan daitezkeen ez-infernu apurrak: zoko bat —lotsarik ez duen denbora ankerrari / garaipen ttipiak ostutzeko irrikaz, / nire lorategi itzaltsu ezkutuak / ttipia behar dik—, eta maitea, zokoaren partaide: …bizirik naun, hik bizi naun, etceterarik gabe. / Eta morez tindaturiko ile xerlo batek / neke guztien gaua argitzen din. Bertzeak bertze.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro