kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Erremateko tiroa / Marguerite Yourcenar (Josu Zabaleta) / Alberdania, 2007

Adiskidetasuna baino ez? Iratxe Retolaza / Berria, 2007-07-15

Jada euskarara bihurturik ditugu Marguerite Yourcenar idazlearen lan zenbait, eta bilduma hori osatzera etorri da Erremateko tiroa, Josu Zabaletak itzulitakoa. Yourcenarri ospea eman zion Hadrianoren oroitzapenak (1951) nobelaren aurretik idatzirikoa da Erremateko tiroa (1939), eta jada nobela honetan agerian geratzen da Yourcenarrek pertsonaien mundu psikologiak sortzeko zuen gaitasuna.

Oraingo honetan, sakontasun psikologiko hori Eric von Lohmond pertsonaiaren kontakizunean mamitzen da. Nobelaren hasieran, Eric aurkezten zaigu Pisako tren geltokiko tabernan, berrogeiren bat urterekin, trenaren zain eta “bere buruari baizik egiten ez zion aitorpen amaigabean” murgilduta. Pertsonaia nagusiaren egoera aurkeztu ondoren, isilpeko eta barru-barruko aitorpen amaigabe hori papereratzen da. Aitorpen horretan, Ericek atzera egiten du eta hogei bat urte zitueneko istorioen eta harremanen berri ematen digu. Zehazki, Kurlandiako herri bakartuan abiaturiko harremanak kontatzen dizkigu, gerra zibilak astindutako geografia grisean (Lehen Mundu Gerraren hondarrean eta iraultza sobietarraren lehen egunetan). Baina, guda-zelaiko gertaerak ez dira Ericen aitorpenaren hari nagusia. Nobela honetan gerra oihartzun urruna baino ez da, joan-etorrian dabilen oihua, batzuetan pertsonaien bizitzan egoera erabakigarriak sortuko dituena, baina horrela ez denean, aitorpenaren lehen plano horretatik desagertzen direnak.

Aipatu bezala, hari nagusia Ericen psikologia bera da. Conrad eta Sophierekin duen lotura kontatu ahala sortzen da Ericen nortasuna. Conrad Ericen adiskide minena da, eta gazte-gaztetan abiaturiko harreman hori ezinbestekoa bilakatu zaio soseguz eta orekaz bizitzeko. Sophie Conraden arreba da, eta Sophierekin ere Ericek harreman berezia du, ez hain sosegatua, ez hain orekatua, baina beste modu batera bada ere behar-beharrezkoa egingo zaiona. Esan bezala, hiru pertsonaia nagusi hauen nortasuna Ericen hitzek marrazten dute, baina, haren hitzetan atzeman bezala, Ericen nortasuna bihurria da oso, kontraesankorra, koldarra, harroa. Horregatik, bihurria da oso nobela honen diskurtsoa ere, eta batzuetan kontraesan eta esan gabekoen artean galdu samar ibili naizela onartu beharra dut. Batik bat liburuaren lehen orrialdeetan. Gerora, nobelak aurrera egin ahala, diskurtsoaren bihurrikeria hori (datuen arteko kontraesana, sentimenduetan nahasturikoak, eta abar) Ericen nortasun horren erakusle baino ez dela ohartu naiz, gorrotagarri bezain maitagarri egin zaidan pertsonaia bilakatzeraino. Haren diskurtso bihurria, haren Sophierekiko jarrera eta gerran eginiko zenbait ekintzek gorrotagarri bilakarazi dute, baina, haren hitzetan ezkutatzen den oinazea, ezintasuna eta zintzotasuna maitagarri bilakarazi dute.

Ericen nortasun propio horren atzean, gainera, Conrad eta Sophieren nortasuna ere gordetzen da, eta lerro artean, esan gabekoen artean eta kontraesanen artean ezkutatzen diren bi pertsonaia hauen nortasunaren zirriborratze posibleetan dago nobela honen lorpenik handiena. Ericen hitzei eta diskurtsoari kasu eginez gero, lausoa zaigu oso bi pertsonaia hauekin lotzen dituen sentimenduen eta harremanen nolakoa. Adiskidetasuna baino ez da? Maitemina al da? Besteak beste, sentimenduak identifikatu, definitu, bideratu eta adierazteko ezintasun horiek dira Ericen nortasunaren ezaugarri. Anbiguotasun horrek ere, jakina, irakurleon sormen lana eskatzen du, Eric, Conrad eta Sophie ugari baitira nobela honetatik sor daitezkeenak, eta era berean, adiskidetasuna, maitasuna eta maitemintzea ulertzeko moduak ere beste hainbeste.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak