« Nüzü | Argitasuna »
Haize hegoaren aroak / Luis Garde / Pamiela, 2007
Hitzaren taupadak Ibon Egaña / Berria, 2007-07-15
Joseba Jaka burtsari esker hirugarren poema liburua argitara ematekotan dela, eta Oihan nabarra sariztatuaren ondotik, Luis Garderen bigarren poesia bilduma kaleratu du Pamielak: Haize hegoaren aroak. Memoria (eta amnesia) kolektibo eta indibidualaren inguruko gogoetek estu josten duten poema liburu ardatz tematiko ia bakardun eta trinkoa da iruindarraren berriena.
Faulkner-en As I lay dying eleberriko aipu batek zabaltzen du Haize hegoaren aroak: “Eta gero hil zen. Ez zekien hilda zegoenik. Ohatzetik lur iluna bere otoitz mutua ahoskatuz entzuten zuen”. Eta ematen du sarrerakoak liburuak dakarrena interpretatzeko arrastorik: etengabea da liburuan zehar Heriori egindako aipua, baina ez soilik norbanakoaren heriotzak eragindako angustiari buruzkoa; baita, batez ere, kolektiboaren desagertze prozesuari, kolektibitatearen heriotzari ere (dela komunitate linguistikoa, kulturala etb). Heriotzaranzko bidaia ekidinezin horren eta, oro har, liburuaren tonu elegiakoa aurreratzen du Faulknerren aipuak (heriotzaren eta bizitzaren artean), eta hori berresten du liburua W. G. Sebalden Suntsiduraren natur historiaz liburuko aipu batek itxi izanak.
Faulkner eta Sebaldek ireki eta itxitako tarte horretan, baina, euskal idazle batek du protagonismoa eta presentzia (izatez, haren poema atalak dira Garderen kapituluei izena ematen dietenak): Lauaxetak. Memoria kolektiboaren beharraz diharduen poema liburuan, murruaren kontra fusilatutako poetaren gomutak eta gorazarreak garrantzia hartzen dute, eta poemategiaren elegiakotasuna azpimarratzen: “Arrats beherako sotoetan azken ezkribauak / haizean brodaturik geratu ziren/ (…) / Koblari bat hil da. / Azkazaletako bolboraren aztarna usaintzen dut. / Argizko eta oroimenezko arranoek urratuko dizkidate”. Estepan Urkiagaren figura eta poemei egin erreferentziez gain, franko dira 36ko gerraz egindako gogoetak; Ezkabaz esaterako, baina Gernikaz batez ere, eta baita Guernica-z ere (memoria historikoa mantentzea lortu zuen obra artistiko modernoa, Atxagak gogoratzen zuenez).
Badira, halaber, gerra karlistei, bando borrokei, aberriagatiko beste (gaurko?) borrokei egindako keinuak ere. Eta hala, gatazkako eta gerrako semantika da poemategi honetan nagusi: kea, garaipena, heriotza, etsaia… Edonola ere, denbora historikoari eta erreferente errealdun gertakariei aipamen egiten bazaie ere, sinboloaren eta mitoaren denbora ziklikoa da Garderen poemetan gorpuzten eta gogoetarako gai bihurtzen dena, hots, gertaera historiko jakinak traszenditzen dituen denbora mitikoa, jainkozko patuaren denbora ia. Trenaren sinbologiaz baliatzen da behin eta berriro idazlea denboraren gaineko gogoeta bideratzeko: “Tren bat urruntzen delarik betiko urruntzen da”. Ez da trenarena, baina, Garderenean pisua duen sinbolo bakarra; kanpo erreferenteen aipuen bidez bainoago sinboloaren bidez taxutu baitu bere mundu propio eta berezia (hizkuntzaz ere, hautu lexiko zaindu eta propioa lagun): trena, zakurra, Itzalen Ibarra, basoak, haranak…
Sinboloaren indarrean eta errepikapenean oinarritzen da batez ere Garderen liburua, baita hitz joko zenbaitetan gehiegizkoetan ere: “hura hiri hiru ore arre / ura era ari”. Ez da preseski berria kolektiboaren elegiaren gaia euskal poesian (XX. mendearen errepaso azkar batek berehala erakutsiko luke gaiaren etengabeko berragertzea), baina mundu sinboliko oso eta propio bat osatzen asmatu du egileak, nahiz eta motiboen errepikapena eta gaien errekurrentzia errepikakor ere egiten den.
Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Nagore Fernandez
Barazkijalea
Han Kang
Maialen Sobrino Lopez
Beste urte batez
Samira Azzam
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia
Aiora Sampedro
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Irati Majuelo
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Aiora Sampedro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Aiora Sampedro
Esne berriketan
Uxue Alberdi
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Asier Urkiza
Esker onak
Delphine De Vigan
Maialen Sobrino Lopez
Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona
Amaia Alvarez Uria
Jai-Alai
Gaizka Arostegi
Jon Agirre
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Mikel Asurmendi