kritiken hemeroteka

8.644 kritika

« | »

Gerratearen aztarnak / Fertxu Izquierdo / Pamiela, 2007

Lerro arteko ustekabe militanteak Patxi Sarriegi / Deia, 2007-05-04

Bere lehenengo poesia liburua izan arren, hartzailea oso kontuan hartu duela sumatzen zaio Fertxu Izquierdo idazle iruindarrari, egindako poesietan igorle-hartzaile oreka egokia lortzen duenez. Egilearen kezkak bere egingo ditu irakurleak arazo handirik gabe. Giro urbanoa, egunerokotasuna, sex shop-ak, rock musika, graffitiak, taberna giroa, munduko gatazkak… gaurko gaiak jorratu ditu Fertxu Izquierdok, gaurko ikuspegitik gainera. Txantrea auzoan bertan kokatu ditu batzuetan gertutasunetik isuritako poemak; bestetan, mundu zabalean kokatutakoak idatzi ditu poeta gazteak. Hori bai, gehienetan, modu zuzenean, indartsu jorratu ditu gerrateen aztarna guzti horiek: “Baliteke poemen zainetan odolustea / milaka adioen leherketa artean / ahanzturaren ibai izoztuetan igeri eginez / hirietan izokin itoak izan ginen / eta ur tanta bakarrak bildutako anpulu batzuk besterik ez”.

Badu poetak, hala ere, bere ingurumariatik harantzago joateko nahia, bere poesiei bestelako ikutu unibertsalagoa emateko borondatea. Orduan, atzerriko gatazkei begirako mezuak ageri zaizkio, eta aipamen gordinen artean, lerroen artean ezkutatuta, bestelako irudi eta zentzuak aurkituko ditu irakurleak, esperoko ez dituenak. “Aurreko belaunaldiek ez zituzten egin / eta oraindik odolusten dira mapak gure eskuetan / Txetxenia, Gernika, Palestina geltoki duen trena herdoiltzen ari da / barkatu eragozpenak / baina Falujah metraila zati bat da nire begietan / egin ditzagun bat, bi, hiru… Irak ugari”.

Eta horixe liburuaren lorpenik nabarmenetakoa: mezu nagusien artean ezkutatzen diren bestelako adierak. Irakurlearen konplizitatea etengabe bilatzen baitu egileak, bere inplikazioa poetak. Bigarren pertsona gramatikalaz egiten du gainera: “Esnifatzen zaitut laztanen gramoetan burua galduz / giltzaperatzen zaitut borroka galduetako aberrietan mugak hertsiz / xurgatzen zaitut abenida lizunetako antzokietan begiradak taularatuz / … / eta harilkatzen zaitut nire eguneroko alanbradetan edertasunak xuxurlatuz”.

Gogoeta eta bizipenez betetako unibertsoa da liburua. Kontaketa hutsak gehienetan, autoreak bizi izandako hainbat gertaeren kronika moduan kontatuak. Baina, aldi berean, izaera kritikoa dutenak sarritan, inola ere egileak ez baitio gertaeren iruzkin interpretatiboari muzin egin nahi. Horixe Izquierdoren ekarpena. Mezua bidaliko digu etengabe, bere kezkak irakurlearenak bihurtzeraino. Hitz zuzenak eta mezu oldarkorra; berez datozela dirudi Izquierdoren olerkietan.

Txantrea soineko gorri bat da dio Gari Berasaluzek egindako hitzaurrean. Jarraian, egileak bere iritzi eta mundu ikuskeraren gorabeherak islatzen ditu liburuko bost ataletan: Sasoi ilunen melodiak, Gerratearen aztarnak, Perpaus herdoilduen pintzeladak, Inperfekzioak eta Bonus track: Anpuluen bilduma. Halako etsipena isuri du tarteka, ezinbestean, izan ohi ditugun nostalgien lekuko zorrotza hala ere: “Itzuliko dira arrosak gure eskuetara eta arantzak minaren arrailduretan geldituko dira / itzuliko dira gutunak gure postontzietara eta zigiluak mihi garratzaren urteetan itoko dira / itzuliko dira oroitzapenak gure bizimodura eta irudiak hari mehe baten funanbulistak izango dira / … / itzuliko dira arrosak, gutunak, oroitzapenak… baina agian ni ez naiz egongo”.

Izan ere, utopia eta askatasuna maite dituen sortzaileak badaki gehien irrikatzen dituenak ez direla beharbada beti itzuliko, itzuliko balira ere berandu izan litekeela. Momentua bizi nahi du, momentua bizi beharra aldarrikatzen du poetak bere olerkietan, berandu izan baino lehen. Horixe Fertxu Izquierdoren aldarrikapen nagusia.

Gerrate handien erdian sentiarazten baikaitu, pentsamendu eta ideia nagusien erdigunean. Zapalkuntza eta kalamidadeen errealitate gordina erakusten digu, mezuak helarazten dizkigu etengabe. Olerkiotan, lerro artean, ustekabe militanteak aurkituko ditu irakurleak, ustekabeekin batera kritika gordinak ere.

Poesia egiten jarraitu, Fertxu. Lehenengo liburua izanagatik ere erakutsia baituzu horretarako prestutasuna. Poesiaren auzuneak ameslariak behar baititu, errealitatearen kritika begi zorrotzez egingo duen iradokitzailea. Irakurleari zer pentsatua emango diotenak. Eta azken finean, begirada desberdinez ere, horixe estimatuko du gehien irakurleak. Lerro arteko ustekabe militanteak. Kritika gordinarekin ere sentimenduak ahazten ez dituen poesia, hitzen zirrikuetatik iritzi eta sentimendu agerpen berriak etengabe bilatzen dituen poesia.

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak