kritiken hemeroteka

8.588 kritika

« | »

Mailuaren odola / Aingeru Epaltza / Elkar, 2006

Akzioa ere bai Aritz Galarraga / Gara, 2007-03-10

Gerra fikziorako motibo garrantzitsuenetarik dela esan bazuen norbaitek, arrazoirik ez zaio falta. Urrun joan gabe, gurean badira gerra zibilean edota karlistaldietan girotutako literatur lanak. Gero eta ugariago euskal drama garaikide honi erreparatzen diotenak. Ez da hain ohikoa akaso, Nafarroako erresumaren konkista urteetara gerturatzea. XVI. mendeaz ari gara, noski, 1512az eta ondorengo hamarkadez. Eta batzuek gaztelarren konkista itun bidezko anexiotzat aurkeztu nahi duten arren, ezin uka garai gatazkatsua soilik ez, odoltsua ere izan zela XVI. mendeko Nafarroa. Historiaren aro zehatz horretan girotutako nobela dugu beraz, Aingeru Epaltzaren azkena, Mailuaren odola.

Baina eskuartean dugun lanak aro gatazkatsu hori berreraikitzen duela egia bada, ez da faltsuago esatea ez dela horretara soilik mugatzen. Hasiera batean bai, garai historikoaren aukeraketak harritu eta irakurketan zehar txundituko du irakurlea. Baliteke, bizi dugun orainaldi hau orduan hasi zelako zehazten. Baliteke, giroa maisuki harrapatu duelako Epaltzak. Baina berehala konturatuko gara eszenatokia baino, garrantzitsuago direla garaiaren argi-ilunak, baita pertsonaienak ere. Orriotan zehar kanoikadak, gerra zelaiak, bortxaketak eta heriotzak aurkituko baditugu ere, ez da hori bakarrik Mailuaren odolak eskaintzen duena, ez eta garrantzitsuena seguru asko. Nobela historikoa da bai, eta nobela historiko onek bezala akzioa eskaintzen du, baina nobela historiko eskasek ez bezala gogoetarako parada ere bai.

Joanes Mailu da liburuko protagonista nagusia: “Albret eta Borboi. Borboi eta Albret. Izen handiak, biak, gure erresuman. Horietarik fitsik ez naiz, ordea. Zuzeneko haziak ernaldu ninduen. Baina okerreko sabelak umetu. Ez Albret ez Borboi. Joanes Mailu erraten didate. Bastarta naiz, sasikoa, eta sasikoen ondorengo. Bi aldiz sasiko. Bi aldiz bastart”. Kritika feministak ernalketaren gaineko hitz horietaz esango lukeenaz aparte, aipagarria da Epaltzak narrazioaren pisua eramateko aukeratu duen pertsonaiaren antiheroitasuna. Nahiz eta errege odola izan, gutxi dute epikotasunetik Joanes Mailuren ibilerek eta hala eta guztiz ere, fidel zaio bai erresumari, bai eta fedeari ere. Eta ordainetan edozer, odolkiak izan ezik.

Mailurekin batera egingo du, beraz, irakurleak XVI. mendeko Nafarroan barrena bidaia, gaztelarren konkistatik hasi, Nafarroa Beheretik erresuma osoa berreskuratzeko saio usteletaraino, tartean erlijioen arteko gerrak nabarmen geratzen diren bitartean. Eta bertan ikusiko dituenak zerikusi gutxi dute euskaldunon iruditerian hain erroturik diren pasarte heroikoekin: erresumari egindako etengabeko traizioak, ordaintzen duenaren itzalean borrokatzen diren gerlariak, Errege-erreginen gobernatzeko ezintasuna, erlijioen ustelkeria, gerraren basakeria neurrigabekoa… Zentzu horretan, inolako epikotasunik erakusten ez duen gerturatzea proposatzen digu Epaltzak, hainbat unetan ironikoa izateraino.

Horrez gain, ezin aipatu gabe utzi beste bi kontu gutxienez, labur bada ere. Bata euskal kulturako garai hartako protagonistak liburuko pertsonaia bihurtzearena. Eta bestea, kontakizun osoan zehar Epaltzak darabilen hizkera, soka sobera tenkatu gabe, kontatzen dena erabat sinesgarri egiten duena. Erresuma eta Fedea izenpean trilogia agindu du Epaltzak. Mailuaren odola litzateke lehen emaitza. Besteen esperoan geratzen garen bitartean, biziki gomendatzen dugu eskuartean duguna, aspaldi honetan irakurrita txukunenetarik baita.

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Asier Urkiza

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Amaia Alvarez Uria

Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain

Jon Jimenez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Paloma Rodriguez-Miñambres

Lakioa
Josu Goikoetxea

Mikel Asurmendi

Lur mortuak
Nuria Bendicho

Irati Majuelo

Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"

Paul Beitia Ariznabarreta

Akabo
Laura Mintegi

Joxe Aldasoro

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Nork gudura haroa?
Patziku Perurena

Mikel Asurmendi

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Asier Urkiza

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Aiora Sampedro

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak