« Zaurien edertasuna | Elena Odriozolaren elegantzia »
Etxea / Josu Penades / Alberdania, 2006
Ez al da aipamen eta galdera askotxo? Iratxe Retolaza / Berria, 2006-06-11
Etxea, espazio pribatua. Ezin uka, parekatze hori sinpleegia da. Dena dela, espazioaz jarduterakoan biko bereizketa horixe egin izan da, maiz: etxea=espazio pribatua, kalea=espazio publikoa. Josu Penadesek sorturiko Etxea, ostera, espazio anbiguoa da, espazio pribatu eta espazio publiko horren arteko bidegurutzea. Etxe horretan bildu dira etxeko jabea (Miren), etxe-saltzailea (Xabier) eta erosle posibleak (Maite eta Asier, ama eta semea), salerosketaren protokoloaren lehen urratsa betetzeko: etxearen ikustea/erakustea. Hartara, Mirenen espazio pribatu omen dena, merkatu-espazio edota erakusleiho bilakatu da. Baina, aldi berean, jarduera publikoa (salerosketarena, alegia) kontzientziagune eta gogoetagune bilakatu da, etxean zehar eginiko ibilaldian pertsonaia hauek dituzten bihozkada, oroitzapen, sentimen eta hausnarketak zer-nolakoak diren kontagai direlako, zuzen-zuzenean, pertsonaia horien ahotan, nork bere ahotsez. Eta lauzpabost pertsonaien gogoetak eta intuizioak batik bat espazioaren inguruan harilkatzen dira; espazioa gogoetagune ez ezik, espazioa gogoetagai. Nolanahi ere, espazioaz (etxea eta bestez) jabetzeko nork bere barne-erreferentziak darabiltza, nork bere ikuskera darabil: Maitek matematikaren inguruko erreferentziez eta konparaketez bete du diskurtsoa; Mirenek antropologia eta Afrikaren ingurukoez; Xabierrek neska-lagun ohiaren eta zendu den amaren oroitzapenez; eta Asierrek fisika, filosofia eta estetikaren inguruko gogoeta eta aipuez josi du, besteak beste.
Nire ustean, espazioaren inguruan egiten diren proposamen, hausnarketa eta irakurketa zenbait dira nobela honetako osagairik indartsuenak. Izan ere, espazioaren inguruko aipu, gogoeta eta irudi horiek espazioaren inguruko galdera-sorta ederra eskaintzen dute, espazio(ar)en ikuskera anbiguo, malgu eta erlatiboa(k) sortuz. Baina, hausnarketa eta irudi horietan ere sentitu dut ahulgunerik. Hona hemen hautemandako bi:
Bat: pertsonaia emakumea edo gizonezkoa izan, espazioarekiko eta etxearekiko jarrera ez da bertsua. Maitek hala dio: “Zain egongo da Peneloperen bat. Ni zain nago” (108. or.). Bai, Maite bere senarraren zain da, eta Miren ere Afrikan den senarraren zain. Horregatik, oraingo espazioan —etxean— iraganaren espazioa harrotzen dute, eta etorkizunekoa amesten. Baina, Xabierren eta Asierren espazioarekiko jarrera bestelakoa da, biek bidaiatzea —ekitea— dute gogoan, nahiz eta bidaia mota zeharo ezberdina izan. Lehenak, etortzear den oporraldia du gogoan, Greziarako asmoa du-eta; eta bigarrenak, berriz, leihoaren beste aldera —heriotzara— joan nahi du, eta bidaia horretarako gogo biziak astintzen dio burua. Laburbilduz: emakumeek etxeranzko joera nagusiagoa dute ageri, eta bidaiatzeko (ekiteko) eta etxe kanpoko espazioez jabetzeko asmo eskasagoa, eta gizonezkoek etxetik ihesi (edo ihesi egin asmoz) dabiltzala dirudi. Espazioaren inguruko hausnarketa honetan, beraz, ez da egon anbiguotasunik batere, malgutasunik batere, erlatibotasunik batere.
Bi: esan dut, espazioa gogoetagai eta gogoetagunea da nobela honetan. Eta gogoetagune hori batzuetan erreferentzia eta galdera larregiz bete delako irudipena izan dut. Nire ezagutza ezaren ondorio izan liteke, baina fisika, matematika eta estetika eta abarren inguruko informazio eta azalpenak xehe-xehe emateak nire arreta desbideratu du, sarritan. Eta antzekoa gertatu zait galdera-sortekin ere: halakoetan kosta zait neure kolkora ez biltzea, eta hariari eustea.
Nortasun handiko pertsonaia sortu duelakoan naiz, Asier, baina, ez al da aipamen eta galdera askotxo ordu beteko bisitaldi baterako?
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez