« Sarrionandiaren ipuingintza | Umorea eta “kitsch”ak »
Hildakoen entziklopedia / Danilo Kis (Monika Etxebarria) / Alberdania / Elkar, 2005
Beste alderako mugalaria Iñigo Roque / Gara, 2006-05-06
Danilo Kis-ez esan dute Balkanetako Borges dela. Horixe izan daiteke Kisen literatura aurkezteko erarik artezena, baina izan liteke horrela deus ez esatea. Ekar ditzagun, bada, idazlearen hitzak: “Liburu bat prestatzen hasten naizenean, erabiliko dudan teknikak kitzikatzen nau ororen gainetik”. Hildakoen entziklopedia horren erakusgarri da.
Narrazioek Europa erdialdea eta ekialdea dute gertaleku: Serbia, Hungaria, Errusia, Praga, Hanburgo… Ez da erraza, orobat, Kisen jatorria laburbiltzea: hungariar-serbiar judua. Urrutiko kontuak guretzat: bizantziarrak, turkoak, nazien menderaldia, sozialismo erreala…
Bederatzi istoriotan heriotzaren alderdi asko erakusten dizkigu, fisikaren legeak kolokan jarriz. Erlijioa ezinbestez han eta hemen ageri zaigu, Bibliako txatalak eta Koraneko surak. Lehenbiziko kontakizuna, “Simon Aztia”, Jesu Kristo hil ondotxoan girotuta dago, eta nork bere gezurrak sinesteko arriskua erakusten du. Dena den, Kisek ez du mezu argirik nahi, errealitateak ezkutuko kantoi asko baititu. “Lo-egileen kondaira” ipuinean, kasurako, antzinako elezahar baten aitzakian, mendeetan hilda egon ondoren pizten den gazte efesoar baten sentipenak deskribatzen ditu Kisek, bizia, loa eta heriotza bereizi ezinik, pertsonaia mundu paganoa eta kristaua desberdintzeko gauza ez dela. Irakurleak, jakina, ez du hainbeste daturik, eta narrazio osoa ematen du igarri nahian zer gertatzen ari ote den. “Ametsa al da?”, galdetzen dio etengabe gazte piztuak bere buruari. “Hildakoen lo sakonean zeutzan”.
Literaturak berebiziko garrantzia du Kisen bizitzan eta obran. “Gehienetan irakurritakoak agertzen dira nire ametsetan, bestelako bizipenak barik”, aitortu zion behinola kazetari bati; berriro aipu dira ametsak. Ipuin-bildumako bi kontakizun nagusien ardatz dira liburuak. Liburuaren izen bereko narrazioan, esaterako, Kisek hildako guztien bizitzak jasotzen dituen bibliotekara eramaten gaitu (itxuraz liburutegi arrunta, Babelgoaren arras bestelakoa). Bertan andre batek bere aitaren bizitzako gorabeherak ikusi eta entzun egiten ditu, ipi-apa guztiekin, Hildakoen entziklopedia hostokatu ahala. Hiltzean galtzen diren oroitzapenen kezka hori nonahikoa eta noiznahikoa da; Austerren azken liburuko pertsonaia nagusiari ere, esaterako, erasan egiten dio.
Azken aurreko kontakizunean ere, idazleak liburu baten nondik-norakoak aletzen dizkigu (Siongo protokolo ezaguna, izenez mudatua), eta azaltzen nola bihur daitekeen liburu arrunt bat, tiraniaren aurkakoa, gaizkiaren tresna, fanatikoek desitxuratu eta pozoituz gero. Zirraragarria da nolako bidea egiten duen liburuak Europako historian barrena, Napoleon III.aren Frantziatik Hitlerren Alemaniaraino.
Kisen mundua, horrenbestez, errealitatearen hegian dago, egiaren mugaldean. Idazlea jabetuta dago alde batean positibismoa (arrazoimena) dagoela eta bestean haraindikoa (esplikaezina). Hala, azalpen logikorik ez duten istorioetara jotzen du, berripaperetako kronikak eta egiazko hamaika xehetasun sostengagarri. “Post scriptum”ean, hala, bere egiten ditu Nabokoven esanak: “Nik neronek ez nuen sekula ulertu zertarako balio zuen liburuak asmatzeak edo, modu batean edo bestean benetan gertatu ez diren gauzak transkribatzeak”.
Ez dira eskas fatalismoa eta artearen eta moralaren bateraezintasunari buruzko berriketak. Eta “Ohorezko hiletak” kontakizuna benetan ahogozagarria da, okerreko liburuan balego bezala.
Maisulan bakan horietako bat duzue hau, Literatura Unibertsalaren bildumari esker eguneratua.
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta
Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark
Irati Majuelo
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Joxe Aldasoro
Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Patxi Iturregi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria