kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Ezker hanka falta zuen / Lutxo Egia / Susa, 2005

Gerena herrena Aritz Galarraga / Gara, 2006-01-14

Sestao River futbol taldearen kronikak idazten zituen Gerenak. Kazetaria zen, afizioz eta bokazioz, bai “Hierro” egunkarian futbol kronikak idaztearekin, garai oso bateko kronikak idazten zituena. Ezker hanka falta zuen, eta manifestazio batean galtzea merezi izan arren, diabetesak eraman ziola esan behar. Pertsonaia karismaduna, erakusten zuena adina ezkutatzen zuela. Eta bere altzora jende gaztea erakartzeko gaitasuna zeukana. Gerena da Lutxo Egiaren bigarren nobela honen elementu nagusia, kontatzen den istorioa justifikatzen duen arrazoi eta muina. Gerena kazetaria, baina baita Gerena militantea ere. Gerena, ezkerretik huts egiten zuen herrena. Herren horrek eraman zuen gainera, eraman zuen lekura, liburuan irakur daitekeen bezala.

Apenas 104 orrialdeko narrazio honetan bi istorio katramilatzen dira. Lehenak Bilboko itsasadarra du eszenatoki, eta Gerenaren hiletarekin du hasiera. Bigarren istorioan, aldiz, Galiziako paraje hezeak dira protagonista, narratzaileak bertara egindako bilaketa bidaiaren dekoratu. Euskal Herrian garatzen den kontakizunean hiru neska-mutil gaztek Gerena ezagutzen dute, 80ko hamarkadan, eta bera ezagutzearekin batera Ezkerraldeak garai hartan bizi izan zituen arazo sozial eta ekonomikoak ere ezagutuko dituzte, ezagutuko ditugu. Ibaizabal ibaian behera egina dirudien bidaia honetan gainera, hiru gazteen kontzientzia hartze bat kontatzen zaigu, inguruarekiko eta baita ingurukoekiko ere. Hala, maitasuna, traizioa, adiskidetasuna eta miresmena, taberna, ontziola, meategi eta portuekin nahasten dira.

Galizian barrena gertatzen den bigarren kontakizunean, narratzailea esaldi jakin bat argitzeko asmoz doa Gerenaren lehengusu Xenaro Mouro Guerenen herrira, eta bertan “Qué vida” hitzekin hasten den esaldi enigmatiko baten amaiera aurkitu nahian ibiliko da. Baina erantzunak aurkitzeko bidaia zen honetan galdera berriak baino ez ditu aurkituko, eta modu honetan liburuko bi kontakizunen arteko harremana estutuz joango da, bateko galderek besteko erantzunak beharko baititu. Herriak, gainera, badu berezitasunik, Manuel Rivas idazle galiziarraren “A lingua das bolboretas” ipuinaren herria dela baitiote bertakoek. Mundu misteriotsu eta magiko batekin topo egingo du narratzaileak, are gehiago, Rivasek herrikoei ipuin bana kontatu ziela jakiten duenean. Lutxo Egiak hona fikzioratu duen Rivasen mundua presente dago liburuaren zati handi batean, erabat kontrajarriak diren bi mundu, Bilbotik Abrarainoko giro industriala eta Galiziako bailaren lainoa, narrazio berean elkartuz.

Bi istoriook katramilatzen direla zehaztu dugu, benetan hala baita. Ordena jakinik gabe aurrera-atzera eramaten du Egiak irakurlea, saltoka dabil denboran zehar, hariak etengabe korapilatuz. Itxurazko kaos honetan, ordea, aurrera egiten du narrazioak eta hizkera bera ere aldrebes samarra bada ere, egitura orokorra ez da gehiegi nahasten. Modu honetan, azken emaitza itxurosoa aurkezten digu Lutxo Egiak, 2002an argitaratu zuen Paperezko hegazkinak lehen eleberriaren jarraipen estilistikoa den Ezker hanka falta zuen nobela labur honekin. Mundu diferenteak, gazte batzuen kontzientzia hartzea eta pertsonaia berezi eta karismatikoa aurkezten digun liburua da, ezaugarri hauek guztiak eta lehen aipatutakoak biltzen dituen lanak irakurtzea gustuko duenari, denbora tarte atsegin bat iraganaraziko diona, dudarik gabe. Mesanotxean utzi dut liburua, Lutxo Egiak seguru aski eskuartean darabilen hurrengo literatur lanaren esperoan.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak