kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Kearen truke / Aritz Gorrotxategi / Alberdania, 2005

Kearen truke Iñigo Roque / Gara, 2005-09-03

Aspaldiko urteotan badirudi euskal idazle asko abiatu direla eleberri beltzaren bideetatik barrena. Emaitzak, oro har, txukunak eta heterogeneoak izan dira: “Non dago Stalin?” (Xabier Montoia), “Esker mila, Marlowe” (Miguel Angel Mintegi), “Camembert helburu” (Jon Alonso), “Eulien bazka” (Hasier Etxeberria), bakar batzuk aipatzearren. Joanak dira Gotzon Garateren Bidarte ikerlariaren garaiak edo Agatha Christie-ren liburu horixkak irensten genituen udak.

Itzulingururik gabe hasten da liburua: lehenbiziko orrialdean bertan ageri da gorpua, hilotza. Adineko gizona da hila, Fermin Rostegi, liburuzalea eta Axularren kontuetan aditua. Ordutik aurrera abiatzen da ikerketa: nork hil zuen bildumatzailea, non dagoen hilak gordeta ei zeukan “Geroko gero”-ren bigarren partea.

Pertsonaiak guztiz arketipikoak dira. Pertsonaia nagusia, Samuel Elizalde, ikerlaria da polizian, eta baztertuta dute bulego-lanetan. Zurruteroa eta erretzaile ohia da, banaturik dago. Lankideek polizien betiko ahoberokeria darabilte: “Ongi etorri betiko ipurtzulora, Samuel!” eta antzeko gangarkeriak arruntak dira ikertaldeko kideen artean. Liburu-tratulariek ere, liburuko gaiztoek, betiko ezaugarriak dituzte. Emakume fatala ere ez du falta kontakizunak; sagar-usainekoa, gainera, Eva legez (sagarra, beste sinbolo errepikakor bat). Gertakarien liburua da, sekretuena, ustekabeena. Hortaz, pertsonaiak azal-azalak dira. Gainera, hala komeni da, istorioaren marapiloa errazago askatzeko.

Idazleak oso egoki uztartu ditu kontakizuneko urrats guztiak. Elementu batzuk txitean-pitean ageri dira; tabakoa, esaterako. Erretzaile ohiez beteriko eszenak marrazten dira liburuan. Hilketaren lekuan ere tabako lits batzuk aurkitzen dituzte, eta inkestako aztarnarik garrantzizkoenetako bat izango da, nahasgarria baina. Baietz igarri zerk substantziak hil zuen liburuzale zaharra! Horratx.

Bitxia da ez aipatzea inon ere zer polizia ari den ikerketa egiten, Donostiako paisaiak hauteman daitezkeen arren. Irakurlearen eta idazlearen arteko hitzarmena da: poliziek euskaraz egiten dute; beraz, ez dio ardura zer poliziaz ari garen, halakorik ez dago eta. Irrigarria da, gisa berean, autonomiako politikarien parodia.

Hala eta guztiz ere, liburuaren osagai nagusia obra galduaren bilaketa da. Nahitaez heldu behar zen gurera best-seller literaturaren joera hori: ezkutuko kodexen eta agiri zaharren xerkatzea. “Da Vinci-ren kodea”, Axularren “Geroko gero”-ren gerokoa… Jon Alonsok saioa egin zuen “Katebegi galdua” eleberrian, Etxepareren liburuaren aurretiko bat asmatuz. Arestian, gainera, sukar horrek benetako fruitu bat izan du: Lazarragaren eskuizkribua, ezerezetik sortua. Beharleku handia dute euskal idazleek arlo horretan, liburu galduen zerrenda amaigabea da eta: Antso Eltso-ren katixima galdua, Etxegarairen “Artzain gorria” pastorala, Dominika Bidegarairen hiztegia… Izan zirela jakin arren, beste paper zahar batzuetan aipatu zirelako, ez dira inondik ere azaltzen.

Nabarmentzekoa da, sinesgarritasunaren fabore, Aritzek egindako ahalegina, Axularri buruzko artikuluak testura ekarriz eta Axularren liburu galduko pasarteak txertatuz.

Aritz Gorrotxategik ofizioa duela erakutsi du. Idazle iaioa da, trebea, eta hizkuntza eta kontatzeko teknikak eroso eta dotore darabiltza. Zinez gomendatzeko moduko liburua da, freskagarria, gerizpeko mundura garamatzalako, zuri-beltzekora, sargoria arintzeko berdinik gabea. Pertsonaietako batek dioenez: “Keak mendetasun eragiten du”.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak