kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Berbondo / Jon Arego / Labayru, 2004

Munduaren behe-lainoa Igor Estankona / Deia, 2005-03-15

Ibilbide gora-beheratsua daukan arren, Labayru Ikastegiaren Galburua sorta haize freskoa izan ohi da, edo ur freskoa, udan sortzen den uhar baten antzera desagertzen da eta, gero. Bizkaieraren hezurdura sendoaren mami literarioa dira oraindik Galburu hauek, dena dela. Miren Agur Meabe edo Jon Arretxe eurak ere sakeleko liburuon bitartez ezagutu genituen askok. Oraingoan Jon Arego gaitzizen sentimenduzkoa —erroei lotutakoa, baserriari atxikitakoa— darabilen Andres Urrutiaren “Berbondo” sailkaezina iritsi zaigu bide beretsutik, euskalkiaren goroldioak ibilian kentzen direla frogatuz beste behin, baina baita mendebaldeko euskaran idatzita dagoela ahaztu araziz ere tarteka, hizkuntzaren korronte gozoetan nahasten baitira lekuan lekuko berbakuneak, zelan erabili jakinez gero.

Mitoa eta errealitatea batzen diren estadio batetik osteratxoa egin du Urrutiak liburu honetan. Hala gertatu ote zen ere ez dakigun haurtzaro lurruntsutik itzuli berria balitz bezala deskribatzen ditu kostaldeko bazterrak, eta Urdaibaia bezala igotzen da, apurka-apurka, giza kondizioaren inguruko gogoetetara: nor gara gu, zein da gure lurraldea, ze bide egin du hizkuntzak, nortzuk ari dira noren kontra gudan, zerk ematen ote du zoriona…

“Berbondo” ez da garai edo leku jakin batera doan bidea. Aroen oihartzunen gainean sortu eta birsortu ari den halako hari atenporal eta txirikordatu batek ematen die ipuinei batasun itxura, nahiz eta narrazio hauetako batzuk solte argitaratu ziren “Idatz & Mintz” aldizkarian. Nola umezaroan nahasten eta elkarrekin urtzen diren saiakuntza eta tabua, hala nahasten eta urtzen dira elkarrekin ezinezkoa eta izan zitekeena “Berbondo”ko lurralde literarioan. Urmael geldi batera ez hurbiltzeko haur bati kontatzen zaizkion irudipenezko ipuinen xalotasunaren atzean gordetzen baita beste galdera nagusi hori: kontalariak ere ez al du, zelanbait, mamarroan sinesten? Jakinminaren eta beldurraren gaineko narrazioak begitandu zizkigu liburuko gehienak hortaz, naif-ukitu batez emanak ia denak, artifizioz biluzik, eta modu primitiboan. Irudien eta pasarteen soiltasunak eta berezkotasunak, ordea, antinaturalismotik sano hur egonagatik, ez du deuseztatzen baizik eta sosegatzen, jabaltzen, kontakizun hauen bertuterik handiena den gauzen gaineko gogoeta sakona.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak