« Jon Arretxeren alderik serioena | Idazlearen mundua »
Akordatzen / Joseba Sarrionandia / Txalaparta, 2004
Testuak makulua behar duenean Ibon Egaña / Berria, 2005-02-08
Uste dut Barthes izan zela esan zuena idazle baten izena haren obra bibliotekan lokalizatzeko balio duen kodea dela, ez besterik. Literatur lan bat interpretatzerakoan klabe guztiak testuaren baitan bilatu behar direla. Mutur horretara iritsi gabe ere, uste dut baietz, obra literario bat ulertzeko (eta zer esanik ez, kritika literarioa egiteko) gako nagusiak liburuaren mugen barruan aurkitu behar direla. Baina hartzen duzu Akordatzen, eta nahitaez testuaz kanpo geratzen den horretaz hasi behar duzu mintzatzen.
Marketinaz eta salmentez, esaterako. Iazko Durangoko Azokan izan zirenek diote Sarrionandiaren argazkia serigrafiaturik zuten poltsak banatu zituela liburu honen editorialak. Eta bati irish pub-etako posterretako Joyce, Wilde eta enparauen erretratu dekoraziozkoak etortzen zaizkio gogora, idazle hilenak. Hartzen duzu otsaileko Nabarra aldizkaria, eta harri eta zur geratzen zara: azalean Sarrionandia Supermanekin (!?!) alderatzen dute, eta barruan, laudoriozko bost artikulu eskaintzen. Eta hartzen duzu Akordatzen, eta liburuaren diseinuak ematen dizu arreta: azal gogorra, formatu berezia, ilustrazioz eder hornitutako orriak. Ia fetitxismoraino iristen den joera mitozale batekin, liburuari inoiz baino gehiago kontsumorako produktuaren traza hartzen diozu, Durangoko souvenir-arena.
Eta mintzatu behar duzu ideologiaz eta mitifikazioaz ere. Jakina da Sarrionandiaren biografia erakargarriak eta harekiko kidetasun ideologikoak irakurle zabalaren baldintzarik gabeko babesa eman diola iurretarrari. Zilegitasunik ukatu gabe, ideologiaren betaurrekoekin soilik egindako irakurketa murrizgarria eta bigarren mailakoa izango da beti, nire uste merkean. Azkenean, testuaz kanpoko osagai ideologiko, mitifikatzaile horiek denak nahastu eta halako aureola moduko batean bildua dugu Sarrionandia, ukiezinen balizko zerrenda batean, kasik idazle hilekin egiten den gisa berean. Horregatik idazten dut beldurrez eta urduri iruzkin hau, ez delako komeni izaten idazle hilen hautsak harrotzea. Baina horrek guztiak, beste inori baino gehiago, Sarrionandiari berari egiten dio kalte, haren literaturari bizitasunerako, eraginkortasunerako, arriskurako aukera oro trabatuz. Literatura izatekotan zerbait bizia eta aldakorra dela uste dudan neurrian, baina, eta Sarrionandiaren zale eta irakurle naizen aldetik, Sarrionandia bizi bat aldarrikatu nahi dut: edozein idazle bezain laudagarria eta kritikagarria, edozein idazle bezala irrist egiteko bezain humanoa.
Mintza gaitezen, bada, testuaz. Akordu poetikoak aurkituko ditugu liburuan, apunte laburrez, bizitza-atalak oroituz egindako autobiografia saio labur bat. Sarrionandiaren ohiko gaiak azaleratuz doaz, beraz: haurtzaroaren oroimina, kartzelaren garratza, erbestearen gazia. Sarrionandiaren zaleek gozatuko dute haren ohiko estiloaren printzez: haurrarena dirudien begirada xaloa, kontrasterako joera, jolasa edo ironia. Nolanahi ere, elaborazio poetikoaren falta sumatzen zaie akordu poetiko zenbaiti, eta liburua kaxkarra ez den arren, narratiba laburreko beste obretan (Hitzen ondoeza-n, kasu) lortu izan duen maisutasunetik urrun geratu da egilea; baita antzeko generoetan euskaraz publikatu diren beste lan batzuen azpitik ere (oihartzun laurdenik izan ez duen Karlos Linazasororen Isiltasunaren adabakiak, kasu).
Finean, emaitza, gorago aipaturiko elementu testuz kanpokorik gabe (biografia, ideologia, mitifikazioa…), nekez funtzionatzen duen testua da, irakurlearen a prioriz-ko konplizitatearekin jokatzen duena hunkidura sortzeko. Horiek horrela, galderak arrapaladan datozkio bati burura: Nolako harrera luke liburuak egilearen izena beste bat balitz? Iragango ote luke itzulpenaren froga? Eta, hala ez balitz, jarrai ote dezakegu liburua eta egilea euskal literaturaren gailurrean kokatzen? Noiz hasiko gara egiaz testuaz, alegia literaturaz, mintzatzen?
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez