kritiken hemeroteka

8.625 kritika

« | »

Sukar ustelaren urtea / Edorta Jimenez / Txalaparta, 2004

Itsaso bat haratago Gotzon Hermosilla / Berria, 2005-01-15

Berba mordoiloa erabiltzea zilegi bazait, Edorta Jimenez idazle kaleidoskopikoa dela esango nuke: genero asko jorratu ditu (ipuinak, eleberria, saiakera, poesia Omar Nabarro ezizenaz mozorrotuta), bere testuetan gai anitz landu ditu (errealitatea eta fikzioa, gai historikoak eta gaur egungoak, giro urbanoak eta itsasaldekoak) baina, hala eta guztiz ere, bere ibilbide literario osoan koherentzia ikaragarria antzematen da eta, lan gogor eta saiatuaren poderioz, estilo berezko eta nahastezinaren jabe bilakatu da. Jimenezen prosa lan bat hartu eta azkar konturatuko gara berea dela atzean ezkutatzen den ahots literarioa. Ez da meritu makala; gure idazle guztiez ezin gauza bera esan.

Kasualitateak zer diren: aste honetan bertan Edorta Jimenezi buruz berbetan izan naiz hura nik baino hobeto ezagutzen duen lagun batekin, eta biok bat gentozen Jimenez gaurko euskal idazlerik onenetakotzat jotzean, bai eta orain arte merezi duen lekua ukatu izan zaiolako ustean ere.

Duela hamabost urte Atoiuntzia irakurri genuenetik Edortazale amorratu garenok umezurtz antzean ibili gara azken urteotan. Eta ez markinarrak behar gutxi egiten duelako, alajaina: liburu ugari kaleratu ditu aspaldi honetan, eta bestelako egitasmotan ere aritu da buru-belarri. Korrikak Andolin Eguzkitzaren omenez gaur zortzi egingo duen ekitaldiaren gidoia Jimenezena da, esaterako. Baina 1999an Baleen berbaroa argitaratu zuenetik bazter samarrean utzia du fikziozko narratiba. Kronikak idatzi ditu (Europako mugetan barrena), saiakerak (Heminway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan), baina fikzio hutsa ez du aurreko hamarkadan bezainbeste jorratu. Kilkerren hotsak azken eleberria ere Heminway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan idazteko bilduriko dokumentazioaren ondorioz sortu ei zen, eta zaila da liburu horretan istorioa eta historia argi desberdintzea. Beharbada, errealitatearenganako jaidura hori idazleak beren-beregi harturiko erabakiaren emaitza da: berrian 2003ko urrian argitaratutako elkarrizketa batean, Jimenezek aitortzen zuen fikzio hutsarekiko interes eza eta “beste egiazkotasun baten bila” hurreratu dela errealitatera.

Orain, Baleen berbaroa kaleratu zenetik bost urte betetzen direnean, eleberri harekin hasitako trilogiaren bigarren atala eskaintzen digu Jimenezek: Sukar ustelaren urtea. Hasteko eta behin, nabarmentzekoa da lan horren atzean sumatzen den dokumentazio lan ikaragarria: Jimenezek orduak eta orduak eman ditu XVI. mendeko itsas-gizonen ohitura, pentsamolde, teknika, ingurune historiko eta abarren berri ikasten, eta, alde horretatik, detaile aberasgarriz josita ageri zaigu eleberria. Horrelakoetan, irakurlea informazio uholdearen azpian harrapatzeko arriskua hartzen du idazleak, eta aitortu behar dugu pasarte batzuetan trinket, haga-gain, patatx eta karraken artean galdu samar ibili garela, baina, oro har, Jimenezek ederki saihestu du arrisku hori.

Nabarmendu beharreko bigarren kontua hizkuntzarena dugu: hor ere, atzean sekulako lana dagoela igartzen da argiro. Esfortzu horrek Joan Mari Irigoienek Lur bat haratago eleberri mardulean egindakoa dakarkigu akordura. Irigoienek bezala, Jimenezek neke handia hartu du idazkera garai eta giro jakin batera egokitzen, betiere estilo dotore eta jasoa sartaldeko euskararen kresal gozoaz zipriztinduz, idazleak ohitura duen legez.

Thriller historikoa ei da Sukar ustelaren urtea, kontrazalean esaten zaigunari kasu egitera. “Abenturazko nobela historikotzat” jo zuen Jimenezek berak liburua aurkeztu zuenean. Genero hori ez dut bereziki gustuko eta, hortaz, ez naiz ni egokiena istorioaz iritzi bat emateko. Esan dezadan, Sebastian Zubiletakoaren abenturez eta ibilerez harago, gorroto etnikoaren eta erlijioan oinarrituriko intolerantziaren kronika ere idatzi duela Jimenezek eleberri honetan. Izan ere, hori baita benetako sukar ustela.

Eleberri atsegina da Sukar ustelaren urtea, ondo girotua dago eta hobeto idatzia, pasarte batzuetan geldoegia den arren gustura irakurtzen den eleberria. Hala ere, atrebentzia handia ez bada, nik gurago nuen speed gauez eta hiriko galtzaileez idazten zuen Edorta Jimenez basati, krudel eta apurtzaile hura.

Manhattan gaurko euskal literaturaren libururik onenetakotzat dugunok badugu esperantza mundakarrak hari horri eutsi eta berriz ere ezustean harrapatuko gaituela. Kalekumeak gara eta zer egingo diogu, bada.

Azken kritikak

Silueta
Harkaitz Cano

Iraitz Urkulo

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Mikel Asurmendi

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak