« Gureko berbeta | Bizitza eta bidaia »
Ezinezko maletak / Juanjo Olasagarre / Susa, 2004
Koadrila (ez) alegera Aingeru Epaltza / Nabarra, 2004-11
Literaturaren lelo maiztua: nobela, idazlearen heldutasunaren marka. Zuzena ala okerra, Juanjo Olasagarre arbizuarrak, bertze generoetan aritu ondoan —poesian gehien bat— narratibaren neurri luzera egin digu jauzi, aurten “Ezinezko maletak” plazaratuz.
Leku bat eta denbora bat. Horra non finkatzen duen begia Olasagarrek. Lekua, Lekunberri-Aranaz, barnealdeko herri tiki euskaldunaren paradigma. Idazlearen sorlekutik hurbil, Nafarroako Sakanan dago, Beriain mendiaren magalean. Denbora, berriz, 80. hamarkada, zenbaiten oroiminak heroikotzat jotzen duen aroa; euskal jende frankorentzat, iraultza eta independentzia, kontzeptu urrunak gabe, errealitate egingarriak, ia-ia ukigarriak izan ziren urteak.
Kontakizuna, alabaina, geroago abiarazi digu Osalagarrek. 90. hamarkadaren bukaeran, alegiazko herri horretako hiru semek —Harakin, Jexux Mari eta Fermin— ezustea izan dute albiste: behialako koadrilako laugarrena —Bazter— zendu berria da Londresen. Ezker abertzaleko iragan militante eta engaiatu baten ondotik, aspaldi barreiaturik daude lau lagunak, geografiaz, ideologiaz eta bizieraz. Erresuma Batuko hiribururaino elkarrekin bidaia eginda, hango ibilera eta ustekabeekin tartekatzen diren atzera begirakoek hezurmamitzen dute “Ezinezko maletak”.
Osagai horiekin, argazki-liburu hutsa aski zezakeen Olasagarrek, “lehen hala, orain honela”. Idazleak, ordea, azalean dagoenaren portretan bertan goxo egin barik, erraiak jarri nahi izan dizkigu agerian, hondeamakina gupidarik gabe erabiliz. Azpian dagoena ez baita urrea. Lehenik, koadrilak zornaturiko harreman bat, koadrila izanik “euskaldunen banakakotasun gabeziak sortutako talde arma zorrotz bezain irentzailea”. Bigarrenik, botere harreman bat, “batzuek… lege idatzi barikoen bidez, haien mesedetarako ezarri ohituren bidez, lerrotik ateratzen zenarekiko erdeinu bidez, artasuna eta iraultza nahia nahasten zituen jarrera haren bidez, baldarki erabilitako boterea”.
Halako giro itogarrian, ezinezkoa da norberaren nortasuna agertzea, homosexual itatea, konparaziorako, liburu honetako protagonista nagusi Bazterren kasuan bezala. Ez bakarrik hori, halako giroan, ezinezkoa da heltzea ere. “Lekunberri puta honek nerabe egin hau betiko”, diotso pertsonaietariko batek bere buruari.
Izan ere, nobelaren gainean hegaldaka dabilen auzia sorlekuak gure bizia baldintzapetzeko eta trabatzeko duen ahalmena da. “Euskalduna izatea batzuendako, edo batzuetan, izaera bainoago patua da, eta izorra hadi, patuak egiten dik nahi duena, hik nahi ala ez”. Patu horixe da liburuko pertsonaia ezberdinek, nobelaren pasarte batean ez bada bertzean, aldean daramaten maleta pisua. “Ez duzu sekula zure herri hori zerorren baitatik deserrotuko”, Kavafisen oihartzun bilakatuz erraten dio Fermini bere emazte Aliziak.
Baina maletak, garraiatzeko bezainbat, galtzeko ere dira. “Ez duk hain inportantea independienteak izatea”, Ferminek Bazterri. “Ez duk hain inportantea euskalduna izatea”, ihardetsi Bazterrek.
Zoko honetan berean erran izan dugu: orainarekin muga ikusezina egiten duen gure iragan hurbilaren bibisekzio gupidagabeari lotu zaio aspaldi honetan euskal literatura eta, ezin kasualitatea izan, Nafarroako idazleak gailentzen zaizkigu bisturia erabiltzen. Olasagarre azkena dugu gurpilari lotzen. Geroa asmatzen ez dugun bitartean, literaturak lagunduko digu agian iragan horrekin kito egiten. Betoz liburu gehiago, “Ezinezko maletak” bezalakoak badira.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi