« Berraldatzen | Ez da arrosa »
Alderantzira zamalka / Mckenzie Wark (Danele Sarriugarte) / Katakrak, 2026
Cowgirl boten ostean Irati Majuelo / Berria, 2026-05-24
“Hau gehiago da meme bat, memoria-liburu bat baino. Gehiago da uzkikeria pertsonal bat, saiakera pertsonal bat baino. (…) Ez da protagonistaren adin-nagusitasunari buruzko lan bat, ezpada korritzearen adinari buruzkoa”. Hala deskribatzen du liburu hau idazleak, McKenzie Wark australiarrak, testuan bertan. Eta bada memoria-liburu, saiakera, coming-of-age kontakizun bat, baina ez hori bakarrik edo ez ohiko eran.
Warkek berak azaltzen duenez, bere historiak ez du trans memoria klasikoekin bat egiten, ez kontakizuna eraikitzeko moduan, ez eta gorputza, identitatea eta memoria ulertzerako orduan ere. Hortaz, Katakrakek argitaratu duen Alderantzira zamalka honetan, bere bizitzako hainbat pasarte fikzionatzeaz gain, trans izateko beste era batzuez dihardu egileak, ziurtasunik ezean esploratzeaz; bizi-errelatoak sortzeko hizkera propioa bilatzeaz.
Estilo zorrotz eta bizia du Warkek, atal laburretan antolatutako kontakizunak berehala hartzen du abiadura, eta mundu desorekatu eta bidegabeari behatzerakoan, bere hitzetan gailentzen den umoreak eta gardentasunak irakurlea testua gertutik jarraitzera bultzatzen du. Era horretan, idazleak kontatzen digu 60-70eko hamarkadetan nerabe inuzenteegi batek nola hartzen duen bere gorputzaren kontzientzia modaren edo gainerakoen begiradaren bidez, baita unibertsitate garaian eskema binarioak apurtzen dizkioten lehen sexu enkontruak nolakoak izan ziren ere. Azaltzen digu 80ko hamarkada, harreman desorekatu bat, hiesaren beldurra eta drogen inpaktua, eta, batik bat, zer zen ez sentitzea, ez gizon heterosexual, ez gizon homosexual. Azkenik, idazten digu bere trantsizioari buruz, azken errebelazio baten gisara bainoago, opakutasunez estalitako zalantza eremu baten modura aurkeztuz.
Kontakizun honetan, baina, ez dago bakarrik. Warkek, bizialdian bidelagun izan dituenez gain, irakurraldietan sostengutzat baliatu dituenak aurkezten dizkigu liburu honetan, eta testuaren amaieran biltzen ditu Korua izenpean. Honenbestez, testu teoriko eta kritikoek laguntzen dute historia hau hasieratik amaierara, euren ahotsak historiaren parte bailiran, liburuaren tonu arinari sakontasun puntua emanez.
Amaitzeko, nabarmentzekoa da Danele Sarriugartek itzulpen jardunean egindako lana, ez direlako gutxi testu hau irakurterraz egiteko hartu behar izan dituen erabakiak, bai generoa (ez-)islatzeko, bai umorea eta hitz-jokoak euskaratzeko orduan.
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez