kritiken hemeroteka

8.341 kritika

« | »

Markos Gimenoren 101 letrakartel / Joseba Sarrionandia / Pamiela, 2023

(Eu)skizopoziks Jon Jimenez / Gara, 2024-06-16

“Esanik erruz egi bat ta bi gezurrekin ase”. “Kaosaren erasoak”. “Iker, bi letra esan ase arte, libreki”. “Lau gizato jo dezakete kaz, edo jotaz igual”. “Igel izan ezinez ia, / ni naizena onar. / Eta beti martziano naiz. / Tramite batera noanez, / ia ni naizen izen / zilegi”. “A ze kirola lorik eza!”. Markos Gimeno Vesga ermuarra da palindromo hauen eta Joseba Sarrionandiak “Markos Gimenoren 101 letrakartel” (Pamiela) artefaktu literario-artistikoan bildu dituen hamaika gehiagoren egilea. Bizitza laburra bezain mingarri eta sortzailea izan zuen Gimenok, 1974an jaio eta, 44 urte zituelarik, 2018an egin zuen bere buruaz bertze, depresioaldiak eta bipolaritate gaixotasunak jorik. Militantea —Eguzki talde ekologistan, mugimendu antimilitarista eta intsumituan, euskalgintzan—, artista, musikaria —The Pepes eta Julio Kageta punkietan edo Dantzut eta PAMen—, diseinatzailea, muralista, grafiteroa, aktorea… 80-90eko hamarkadak gazte zelarik igaro zituen, eta “egin ezank hik heuk” punk jarrera jarraikiz, Ermuako Zuloa gaztetxe alokatuan “mahai, errotulagailu, paper eta zinta-erroilu eta lagun artean, artefaktu ludoaktiboak egiten” hasi zen. Hortik palindromogintzara, urrats ttipi bat baino ez, eta horri eman zion bere bizitzaren onena.

Honen guziaren berri ematen digu Joseba Sarrionandiak liburuaren aitzineko partean. Gimenoren bizitzaz eta testuinguruaz dihardu bertan, haren idazkien eta ezagutu zutenen ahotik hurbiltzen gaituela haren gorabehera bitaletara eta ekarpen artistikoetara, kazetaritza kronika baten moldean. Bigarren atalean, aldiz, Esteban Montorioren edizio grafikoaz eta bere eta bertze hainbat lagunek berariaz sorturiko irudi eta artelanez lagundurik, Gimenoren palindromoei marko dotore bat ematen zaie. Inguraketa literario eta intelektuala, zeinetan Euskal Herriko zein bertze herrialdeetako idazle eta pentsalarirekin batera palindromoen muinera sarrarazten gaituen. Eta huraxe da, preseski, liburu-omenaldi honen ernamuina: Gimenoren euskararen aldeko kemena, palindromoetan hezurmamiturik zela, hizkuntza guttitu baten bizitasuna jarri zuen agerian, non eta Ermuan. Egoera diglosikoak badu, gainera, loturarik bipolaritate eta eskizofreniarekin, halako moldez bizi behar baitu euskal hiztunak. Ez da harritzekoa, hala, Markos Gimenok berak “Skizopoziks” izendatu izana bere errezitaldi hizperimentala. Gaixotasun edota bazterkeriaren aurrean, Sarrionandiak erraten digun eran, “jarduera zaila eta alferrikakoa” baina, aldiberean, “jolas liluragarri bat” baita palindromogintza, “euskal komunitate duin, alai eta sortzaile baten parte sentiarazten gaituena”. Bizi-grinaren seinalea.

Azken kritikak

Biharraren hegietan
Maddi Sarasua Laskarai

Maddi Galdos Areta

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Aiora Sampedro

Aingeruak eta neskameak
June Fernandez

Ibon Egaña

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Nagore Fernandez

Nekropolia
Boris Pahor

Asier Urkiza

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia

Jon Jimenez

Horma
Marlen Haushofer

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Joxe Aldasoro

Zoo
Goiatz Labandibar

Paloma Rodriguez-Miñambres

Xomorroak
Julia Guillamon

Nagore Fernandez

Monogamoak
Iñigo Astiz

Asier Urkiza

Metamorfosia
Franz Kafka

Aritz Galarraga

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Jon Jimenez

Nazionalismoaren alde eta aurka
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

Hedabideak