« Egarria(k) | Nor da munstroa? »
Maskara baten aitortza / Yukio Mishima (Iker Alvarez) / Igela, 2023
Maskaren tolesduretan Asier Urkiza / Berria, 2023-10-22
Yukio Mishima —jatorrizko izen-deiturez Kimitake Hiraoka— XX. mendeko japoniar artearen erreferente nagusietako bat da. Idazle ez ezik, aktore eta zinema zuzendari ere izan zen. Igela argitaletxeak bere hirugarren eleberriaren itzulpena kaleratu zuen iragan ekainean, Maskara baten aitortza, Iker Alvarezek japonieratik ekarria. Aurretik, egilearen lan bakarra zegoen euskaratuta, Arratsaldeko atoiuntzia bere estreinako nobela. Eleberri honetan, bere ibilbidean ohikoak diren hainbat gai topa ditzakegu, esaterako, norbere identitatearekiko gatazka —sexualitateak garrantzi handia izanik—, heriotzaren obsesioa zein japoniar kultura eta gizartearen kontraesanak.
Esan liteke Bildungsroman baten aurrean gaudela, liburuak Kotchan izeneko gaztearen bizitza kontatzen baitu, haurtzarotik helduarora arte. Hori bai, protagonistak berak iraganera begira jarriz egina da kontakizuna, eta horrek erabat baldintzatzen du narrazioa, gerora egindako gogoetez betea ageri denez. Barrua erretzen dion desira baten jabe da Ko, ezkutuko antsia batek erasaten dio. Gizartearen molde itogarrien barruan bizi asmoz, sexu berekoenganako irrits horri izkin egiteko maskara bat taxutzeari ekingo dio. Maskara horren haragitzearen, maskara horren plegu, toles eta zirrikituen azterketa zorrotza da nobela. Denbora narratiboa aski modu sinplez jorratua dago, tarteka narratzailearen esku hartzeak dauden arren, kontatzen denari buruzko hausnarketak egiteko.
Lau kapitulutan banatuta dago liburua, bakoitza protagonistaren bizitzaren garai bati dagokiola. Mishimaren idazkera zehatza eta zuzena da, gupidagabea. Ez zakarra, halere, ezta lehorregia ere. Paisaien deskribapenek, esaterako, narrazioaren iluntasunari kontrapuntu ederra ematen diote. Eszena girotzeetarako dohaina izateaz gain —har bitez adibidetzat, besteak beste, dantzaldiko eszena edota Omi eta Ko eskola elurtuan topo egiten dutenekoa—, autoreak gaitasun handia erakusten du protagonistaren kontzientzian arakatzeko. Sentimenduen, esan nahi baita, Ko-ren maskararen geruza horiek xehe-xehe ematen ditu, sarritan konklusio kontraesankorretara iritsiz, irteerarik gabeko kalezuloetara. Gogoaren bide faltsuak agerrarazten ditu, adimenaren lasterbideak salatzen. Borborka dabilen Kochanen barru horren disekzioa egiten du Mishimak, desiraren eta maitasunaren zimurduretan ebazten den maskara hori berreraikitzen saiatzen da. Maskararen barruan punpaka dabiltzanak agertuz, bidenabar.
Eleberria identitatearen bilaketaren kontaketa da, finean. Haztamuka, zalantzati, bilatzen denaren ziurtasunik gabe egiten den bilaketa batena. Bilaketa horretan zeresan handia izango du gizarteak, hark finkaturiko moldeetan mugitu beharko baitu Koren desirak, hark moldatutako arrazoian dantzatu. Oihartzun gisa ageri dira gerrak Japonian utzitako ondorioak. Garai hartan ebatzitako gerra intimoa edonon gerta zitekeen, ordea. Oihu lazgarri bezain eder baten itxura du nobelak. Literatura bezalako baliabide gutxi maskarez aritzeko, maskarak jantziz maskarak eranzteko.
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi
Odola kantari
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins
Nagore Fernandez
Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Mikel Asurmendi