kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Winesburg, Ohio / Sherwood Anderson (Joannes Jauregi) / Igela / Erein, 2022

Groteskoen (ipuin) liburua Nagore Fernandez / Berria, 2023-01-22

Sherwood Anderson idazle estatubatuarraren Winesburg, Ohio obra dugu EIZIEk, Ereinek eta Igelak elkarlanean argitaratu duten Literatura Unibertsala bildumako azken obra. Eta esaten den bezala: last but not least, alegia, azkena bai, baina, beste guztiak bezain garrantzitsua bildumarako. Joannes Jauregik euskaratutako nobela itxurako ipuin-liburuak (edo ipuin-liburu itxurako nobelak, nondik begiratzen zaion), landa-eremuko herrixka batera garamatza, Clyde herrian oinarritutako fikziozko batera, eta, pertsonaiaz pertsonaia, baserri-paisaia horren argazkia osatzen digu.

Andersonen lana hainbat alderditatik iruditu zait interesgarria: batetik, genero literario bezala, erronka bat delako literatur sistema osoarentzat. Askok nobela bezala definitu dute; beste hainbatek, ordea, ipuin-liburu bezala. Izan ere, bi aldeek dute arrazoia, obrak bateko eta besteko ezaugarriak baititu: begiratu huts-hutsean irakurleak 22 kontakizun buruaski aurkituko ditu konposizioan, hortaz, fisikoki ipuin-liburuaren itxurako lana da. Irakurtzerakoan, ostera, aise ohartuko gara euren artean lotuta daudela guzti-guztiak, eta Winesburg bera da lotura figura nagusia. Badira, hala ere, lotura sendoagoa eraikitzeko balio dituzten hariak; esate baterako, George Willard pertsonaia, idazlearen beraren alter egoa izan daitekeena, hain zuzen. Guztiek ere, independenteak izan arren, ipuinek eraikitzen duten unitate literarioa baino askoz zabalagoa den unibertsora garamatzate, nobelatik oso hurbilekora, bain, azken horien lausotasunera iritsi gabe. Ez bata, ez bestea, baina biak aldi berean, alegia, tradizio anglosaxoian short story cycle deritzotena.

Bestetik, errepertorioari ez ezik, literaturaren poetikei ere egiten die argi obrak; literatura ulertzeko eta sortzeko modu bat dakar, ikuspuntu zehatz bat, eta asko estimatu dudan alderdia izan da hori. Goian aipatu dudanez, 22 kontakizun daude guztira, bada, hobeto legoke esatea 21 eta erdi direla osotara, euretako bat, lehenengoa, fikzionalizatutako poetika bat baita. Bertan biltzen da idazleak obran zehar darabilen ikuspuntuaren azalpena eta asmoen adierazpena (justifikazio moduan edo?), ipuinaren izenburuak iragartzen duenez, Groteskoen liburua baita Winesburg, Ohio. Ez ditu pertsonaien bizitzak diren-direnean ekartzen, ez dira erretratu errealistak, desitxuratuak baizik, sarritan irrigarriak, beste hainbatetan are absurdoak ere. Iruditu zait lehen ipuinak baduela indarrik teorikoki, eta idazleak, gainera, jakin duela begirada grotesko hori praktikara eramaten.

Azkenik, espero ez nuen sentsibilitatea aurkitu dut autorearen hitzetan, sentsibilitatea ez gaiak tratatzeko moduan, ezpada xehetasunetan begia jarri eta horiek testuratzeko duen trebetasunean. Espero ez nuena, baina asko gustatu zaidana, aldi berean. Pertsonaiak ere hala hezurmamitu ditu: euren baitara bilduta, baina, sakontasun psikologiko handiarekin eta ertzez beteta. Ertzak direlako protagonista nagusiak obran, xehetasunak eta pertsonaiak, ertzak direlako ipuinak, eta guztiek ere Winesburgeko paisaia poliedrikoa osatzen dute.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak