kritiken hemeroteka

8.493 kritika

« | »

Katilinarenak / Amelie Nothomb (Joxan Elosegi) / Igela, 2006

Infernuaz Xabier Etxaniz Rojo / 111 aldizkaria, 2018-07

Mundu arraro batean bizi gara. Mundu arraro bat non, oro komunikazioa izan arren, inkomunikaturik sentitzen garen. Mundu arraro bat non harresiak eraikitzen ditugun gure inguruan.

Harresi gardenak, arrotzek ondo ikus gaitzaten.

Harresi sendoak, arrotzak hurbil ez daitezen.

Badirudi denok geureganatu dugula behinola Jean-Paul Sartrek idatzitako esaldi ospetsu hura, halako moldez non nahiago dugun Australian dagoen ezezagunarekin berriketan aritu, pareko bizilagunari atea zabaldu baino. Zer gerta ere.

Bai, ene lagunok, Sartrek arrazoi: infernua beti dira besteak.

“Pareko bizilagunari atea zabaldu” aipatu dut arestian eta ez alferrik. Izan ere,horixe baita Emilie eta Juliette senar-emazteen bekatua, Etxeko atea zabaldu izana. Zer egin behar zuten bestela? Norbaitek atea jo duela entzun eta, gizalegeak hala aginduta, xalo-xalo hurbildu dira Etxeko atea zabaltzera. Gainera, arratsaldeko laurak dira, gaueko ordu txikitan jo izan balute sikiera…

Baina ez, arratsaldeko laurak dira, eta badakigu gaizkileek ez dutela atea jotzen ordu horietan, badakigu gaizkileek aberaskiloen ondasunak irrikatzen dituztela eta ez zaizkiela erretiroa hartu berri duten bi irakaslek bildutako oroitzapenak interesatzen.

Kax-kax-kax.

Atea jo, eta Etxeko atea zabaltzera joan dira. Etxea, hizki larriz idatzita. Frantziako mapan nekez topatuko dugun herrixka batean isolatutakoa, bizitzako hondar-urteak pasatzeko propio aukeratua. Horrelakoak dira Emilie eta Juliette. Elkar ikusi zuten eskolako lehen egunean eta elkar maitatu zuten une hartan bertan. Eta orain, 60 urte pasa ostean, elkar maite dute. Ez dute besterik behar.

Eta orain, arratsaldeko laurak direlarik, atea jo dute eta Emiliek Etxeko atea zabaldu du.

Atearen beste aldean, gizon lodikote bat. Ibaiaren beste aldeko etxean bizi den auzokoa da, kortesiazko bisita bat egitera datorrena, noski.

Palamedes.

Palamedes Bernardin.

Pentsatzekoa da Emiliek —azken batean, hizkuntza klasikoen irakaslea da, pertsona jantzia eta asko irakurritakoa— Jean-Paul Sartreren lanak ezagutzen dituela. Jakin beharko luke infernua besteak direla. Eta hala ere, atea ireki dio auzokoari.

Pentsatzekoa da Sartrek —azken batean, idazle bikaina zen, idazlan mamitsuak idatzitakoa— bazekiela zein garrantzitsua den idazleontzat ahalik eta zehatzen idaztea, ahalik eta hitzik egokiena aukeratzea lerro bakoitzean. Eta hala ere, “infernua besteak dira” idatzi zuen.

Bernardin jauna naiz. Zure auzokoa.

Bai, Sartrek arrazoia zuen, baina zehatzago idatziko zukeen Palamedes ezagutzeko aukera izan balu.

“Infernua Palamedes Bernardin jauna da”.

Eta orain, infernua ezagutu nahi baduzue, etxeko atea ez, Amelie Nothomb idazle frantziarrak idatzi eta Igela argitaletxeak euskara ekarri zuen liburu zoragarri honen orriak zabaldu beharko dituzue…

Azken kritikak

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Zero
Aitor Zuberogoitia

Jon Jimenez

Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz

Paloma Rodriguez-Miñambres

Simulakro bat
Leire Ugadi

Mikel Asurmendi

Ezinezkoaren alde
Iñigo Martinez Peña

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak