kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Hotsa eta ardaila / William Faulkner (Asun Garikano) / Elkar, 2017

Bizitzaren narratzaile Joannes Jauregi / Berria, 2018-03-11

Ausarkeria litzateke zutabe xume batzuetan Hotsa eta ardaila-ren kritika bat egin nahi izatea, hitzaren zentzu hertsian bederen, bai eta nobelari buruz aurrez inork esan gabekorik idazten ahalegintzea ere. Hortaz, hala moduzko saiakera baldarrik egin baino, zutabeok Faulknerren maisulanaren inguruko zertzelada batzuk emango dituzte soilik, zeinak halabeharrez motz geratzen baitira, nobela osoa aztertu edo kritikatzeko garaian.

Argumentuaren funtsa soila da, hitz gutxitan laburtzeko modukoa: AEBetako hegoaldeko familia aberats baten gainbehera kontatzen digu nobelak. Haatik, argumentua bigarren mailakoa da guztiz; izan ere, Asun Garikano itzultzaileak hitzaurrean dioenez, “Hotsa eta ardaila-k, istorio baten aurrean baino areago, istorio bat kontatzeko ahaleginaren aurrean jartzen gaitu”. Hortaz, nobelaren egiazko funtsa kontaeran datza, kontatzen saiatze horretan, alegia, non Faulknerrek hainbat narratzaile txertatzen dituen, eta, are gehiago, narratzaile bakoitzaren izaerak eta berezitasunek erabat menderatzen duten kontaketa bera, harik eta testua haienera makurtzen duten arte. Horren adibidea da lehen narratzailea, Benjy, zeinak urritasun mental larri bat baitu. Benjyk inguruan gertatzen zaiona kontatzen du, ingurukoek esan eta egiten dutena, baina ez du ezer ulertzen, ez dauka interpretazio pertsonalaren iragazkirik. Lekuko erabat objektiboa da; hainbesteraino, ezen askotan kosta egiten baita zer gertatzen ari den jakitea. Benjy da ziurrenik Faulknerren pertsonaiarik ezagunena; hain zuzen, Joseba Sarrionandiaren Narrazioak-en bada ipuin bat —Mezurik gabeko heriotza— Benjyren tankerako narratzaile batek kontatua.

Hurrengo narratzaileen kontaera nolabait leunduz doa, Benjyren barne bakarrizketaren gandua desagertu ahala, harik eta, laugarren zatian, hirugarren pertsonako kontaera aski arrunt eta neutro batera iritsi arte. Halarik ere, amaiera aldera iristerako, ohartzen gara lanbroak ez zigula ikusmena guztiz galarazten, eta aurreko kontaera kaotikoen azpian ere bereizten genuela, sumatzen behintzat, gerora argitara datorrena.

Narratzaile bakoitzaren idiosinkrasiaz gain, denboraren haustura da nobelaren beste bereizgarri bat, zeinak are gehiago zailtzen duen irakurlearen lana. Lerro kronologikoan atzera eta aurrera egiten dugu etengabe, oroitzapenak, gertakariak eta ameskeriak narratzaileen kontzientzia jario berean urtzen diren bitartean, harik eta askotan ezin bereiz ditzakegun arte errealitatea eta ameskeria, benetan gertatuak eta eldarnio hutsetik jaioak, oro hots eta ardaila.

Nobelaren izenburua Shakespeareren Macbeth antzezlaneko bakarrizketa batetik hartua dago. Macbeth pertsonaiak berak esana da, emaztea hil berri duela eta erabateko porrotetik gertu, eta hark ere, Faulknerrek bezala, hiru denborak nahasten ditu monologoan: hasieran, Macbethek tomorrow hitza hiru bider errepikatzen du; hurrengo lerroan, tomorrow hori today-rekin josten du; bukaeran, yesterday hitzak garamatza gizakiok heriotzara. Shakespeareren monologoaren amaieran, Macbethek zera gogorarazten digu, Garikanok berak hitzaurrean itzuli duen bezala: “[bizitza] idiota batek kontatutako istorioa da, hots eta ardailaz betea, esanahirik gabea”. Eta Benjy da, agian, bizitzaren narratzailea.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak