kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Bihotzero / Maider Agirre / egilea editore, 2015

Sormena eta egia, zuloak estaltzeko Danele Sarriugarte / Gara, 2015-07-18

Irakurtzen propio hasi aurretik topatzen dugu hausnarketarako lehen hari-muturra Maider Agirre Gurrutxagaren “Bihotzero” nobelan. Autoedizioa da, eta Idoia Beratarbideren ilustrazioekin elkarlotzen da testua. Idazleak bere ibilbidearen berri emateko paragrafo txikian, argi uzten du zergatik egin duen auto-edizioaren alde: “nola utzi beste inori nik egindakoari lazoa jartzen?”, dio. Musikarien alorrean ohikoago den aldarria, Agirreren asmoetan ere agertzen zaigu bere lana berak kontrolatzeko nahia. Bestalde, kontuan hartuta liburu berezia dela hau, sormen-lengoaia bat baino gehiago baliatzen dituena, zalantza ere sortzen da ea zer argitaletxe animatuko litzatekeen gisa horretako artefakto bat kaleratzera, ederra izanagatik, ekonomikoki ez baita bideragarria.

Eleberrira sartuta, zenbait ohar narrazio-estilo eta teknikez. Bi motatako kapituluen bidez harilkatzen da istorioa. Lehenik, kapitulu nagusiak daude, izenbururik gabeak, narratzaile eta protagonista izengabearen ahotsean iristen zaizkigunak. Horietako bakoitzaren amaieran, izenburudun pasarte motzak datoz, gehien-gehienetan oroitzapen edo hausnarketak direnak, izenburuak dakarren “gauza”ren bueltan. Gogoeta horietako bakoitzeko, Beratarbideren ilustrazio bat. Hizkera aldetik, esaldi oso laburrak, galderak eta interjekzioak erabiltzen ditu autoreak, narratzailea bere buruarekin ariko balitz bezala. Irakurketa arin doa horrela, hala ere, lehen kapituluetara engantxatzea zailtzen du.

Ordea, istorioko beste ahots nagusia (izeba) sartzen denean, bizitasun handia ematen dio kontakizunari. Izeba eta ilobaren arteko solasaldiak intriga pizteko eta kontatzen ari den istorioaren argi-ilunak azaleratzen joateko balio du, pertsonaiak eurak zehatzago taxutzeko, irakurleak bere buruari galderak eta zalantzak planteatzeko. Idazleak, gainera, aitortza egiten dio horrela istorioak tradizionalki trasmititu diren moduari, familiako zaharrenek (gehienetan andreek) umeei azalduak. Behin baino gehiagotan aipatzen du narratzaileak aparta dela izeba irudiak sortzen, erritmoari eusten… Ahozko kontakizun horiekiko errekonozimendua da, funtsean.

Eleberrian familiak eta tradizioaren zamak bai baitu pisurik. Esplika dezadan argumentua, labur: protagonistak lanean jai hartu eta eguna aprobetxatzen du izebari bisitan joateko, ospitalean baitago. 40 urteen bueltan irudikatzen dugu protagonista: larru-kontutan aritu den batekiko sentipenak zalantzagai ditu, eta pare bat lagunen egoera kezka-iturri (bata, ama dena, ezinean eta triste ikusten duelako; besteari minbizia diagnostikatu berri diotelako). Hasieratik susmoa dago protagonistak senitartekoekin eta batez ere amarekin arazoak dituela, sendiaren historia osorik argitzen da izebarekin igarotako arratsalde luzean.

Senitartekoen gertakizunei tiraka jorratzen dira hainbat gai: egia ezagutzeko premia; sormena askapenerako bide gisa (idazketa narratzailearentzat, margoa izebarentzat); gurasotasuna odolak ez ezik jardunak egiten duela; bakoitzak baduela bere zuloa (zauria) eta horri aurrez aurre begiratu beharra, sendatuko bada; herri txikia infernu handi gisa; Elizaren botere-egiturei kritika; emakumeen bizitzen askatze-bidea… Amatasunaren gaiari eta gaur egungo emakume askoren kezkei zintzo heltzen die narratzaileak, guztiarekin erabat bat etorri ez arren, solaserako esparru interesgarriak zabalduz.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak