kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Frankenstein / Mary Shelley (Iñigo Errasti) / Erein-Igela, 2014

Frankenstein: mito ilunak azaleratzen Amaia Alvarez Uria / Argia, 2015-01-04

Boris Karloff-ek eman zion izaki beldurgarri honi irudia zinemako pantailetan, 1935ean, XX. mendean hainbeste hedatu zen munstroari aurpegia ipiniz, eta euskaraz iaz argitaratu zen liburuko azalerako hartu dute denok ezagutzen dugun argazkia. Lehen plano bat agertzen zaigu aurrez aurre, bi irudi gainjarrirekin, batean beherantz eta bestean zuzen begiratzen gaituela, nolabaiteko ezinegona piztuz irakurlearengan. Era berean, bizitza eman zion elektrizitateak gurutzatzen du bere lepo zabala alderik alde.

Baina, Iñigo Errasti itzultzaileak dioskun moduan, Frankensteini ospea antzezlanek eta pelikulek eman badiote ere, Mary Shelleyk idatzitako liburu bat da bere jatorria. John Polidori, Lord Byron, Percy Shelley eta Mary Shelleyk elkarri egindako erronka izan zuen oinarri: beldurrezko istoriorik onena zeinek idatziko zuen? Mary Shelley 18 urte zituela hasi zen lana idazten eta handik bi urtera argitaratu zuen. Lau urte geroago taularatu zuten lehenbizikoz gaur egunera heldu den mitoa sortzen lagunduz.

Jainkoen modura jokatu nahi izatea eta sortu duzunarekiko ardurarik ez hartzea daude narrazio honen muinean. Anbizioak eta handinahiak bultzatu zuten protagonista izaki bat sortzeko grina sentitzera eta “kreazioaren misterioak” argitzeko asmoak bultzatu zuen bilaketan. Baina behin egitasmoa lortuta, abandonatu eta arbuiatu egin zuen, eta horrek ezbeharrak eta min handiak ekarri zizkien batari zein besteari. Azpititulua “Prometeo modernoa” da, sua jainkoei lapurtu zien izaki mitologikoa, XIX. mendean oso erabilia izan zen irudia (Goethe, Byron, Shelley…), elektrizitatearen laguntzaz gorpua bizitzara bueltatzen duen gizakia delako, jainkoen boterearen ebaslea.

Sortutako izaki honek ez du izenik eleberrian, gerora bere sortzaileari lapurtu zion antzezlan eta pelikuletan: Victor Frankenstein. Liburuan Adanekin eta Satanekin konparatzen du bere burua, eta aingeru eroria, deabrua, munstroa eta sorkaria dira bera izendatzeko bertan agertzen direnak. “Onbera eta zintzoa nintzen; zorigaitzak bihurtu nau deabru”. Nobela gotiko, erromantiko eta zientzia-fikziozkotzat jo izan da, izaki beldurgarri honek bere bakardadeaz gogoeta egiten du eta zoriontasuna desio du, eta hori lortu ezin duela ulertzean bere sortzailearengana doa justizia edo mendeku bila.

S. T. Coleridgeren Marinel zaharraren balada eta egilearen ama izan zen Mary Wollstonecraft-en A Vindication of the rights of woman lanen erreferentziak topa daitezke, besteak beste, zorigaiztoko bidaiariaren bakardade mingarria edota emakumeen heziketaren aldeko aldarria eta etxekoandrea familiaren sostengu emozionala izan beharraren pisua eta sakrifizioa dakartzatela. Horrekin lotuta, oso interesgarria da lan hau ikuspegi feministatik aztertzea, amatasunaren eta “bizia sortzea”ren gaiari beste modu batean begiratzeko proposamen gisa. Misoginia literarioaren eredu argia ere bada, egilea bere garaian ospetsua izan zen arren, gerora ahazturan utzi baitzen, eta egun ere badaudelako literatur irakasle, kritikari eta ikerlariak Mary Shelleyren izena ezkutatu eta mito garaikide honen meritu eta itzala beste batzuei aitortzen dietenak.

Irakurle, El jovencito Frankenstein edo La familia Monster badira Frankenstein mitoari buruz ezagutzen dituzun lanak, jatorrizko lana ezagutzera gonbidatzen zaitut, negu gorrian sutondoan kontatzen diren beldurrezko ipuinak gustoko badituzu, honekin gozatu ahal izango duzulako eta sorpresa atsegina hartu.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak