kritiken hemeroteka

8.546 kritika

« | »

Hirira doan bidea / Natalia Ginzburg (Pello Lizarralde) / Igela, 2001

Patuaren bideetan Ibon Egaña / Euskaldunon Egunkaria, 2002-10-05

“Hiriak ez du izenik, baina II. Mundu Gerra aurreko edozein herrixkaren ondoan dagoen hiria izan daiteke”. Hala gaztigatzen digu liburuaren kontrazalak, eta, egia esan, ez digu askorik ardura zein hiritara doan izenburuko bidea. Hiria, letra larriz ere idatz genezakeen, Hiria ez delako kokaleku geografiko bat, edo ez hori bakarrik, behinik behin. Ginzburgen nobelan, hiria egoera pertsonal eta sozial bat da, hiria libertatea da, hiria helduaroa da, progresoa eta modernitatea. Bideak atzean uzten duen herrixka, berriz, nekazari giroko mundu itxi, atzerakoi eta txikia.

Biak lotzen dituen bidean, Delia, 17 urteko neskato nerabea, herritik eta hirirantz, etengabeko joan-etorrian, haurtzaroa atzean utzirik, helduarora iristeko bidean. Behaztopa-harriz, trabaz eta zailtasunez jositako bidean, sortu orduko urtzen diren elurrezko ametsez; frustrazio eta ezintasunez. Haurtzaroko babesa galdurik, helduaroari egotzi ohi zaion ziurtasunik atzeman ezinik. “Txikitxoak ginelarik, gure amak laguntzen zigun eskolara, bila joaten zitzaigun; orain bakarrik gaude lainopean, egiten dugun guztiaren arduradun gara ezin gehiagoan”, idatzi zuen behin Ginzburgek, eta ezin hobeto agertzen dute hitz horiek Delia nerabearen egoera, lainopean eta herrari, gizon-emakumeen azpijoko, iruzur eta itxurakeria ororen biktima, bestek beretzat erabakitzen duten etorkizunaren zain. Gizarteak egotzi eta opa dion etorkizun bakarra, Bigarren Mundu Gerraren atarian europar gizartean emakumeari opa zitzaiona, halabeharrez betetzera kondenatua: senargai egokia bilatu, eta, ezkondu ostean, haurrak munduratzea: “Baina ezkondu, ezkondu behar dugu; bestela, ibaira botako dut neure burua.”

“Gizonak ezin du bere berezko aurpegia onartu besterik egin, bere patua onartzea beste biderik ez duen bezalaxe”, zioen Ginzburgek Le piccole virtú saioan, eta patuak paper garrantzitsua jokatuko du bere literaturan, baita Hirira doan bidea-n ere. Bide hori, hirira doana, patuaren bidea ere badelako, eta, horregatik, Deliak onartu egingo ditu, ezinbestean, patuak jarritako bideak eta mugarriak, haien barnean herrari ibili besterik ezingo du egin. Baina Ginzburgen irudiko, patua ez dagokio norbanakoari soilik; haatik, patuak elkarri josita daudela eta baten zorigaitzak guztiena dakarrela erakusten digu liburuan. Hala, Deliaren zorigaitzek bere ingurukoen oinaze eta atsekabea ekarriko dituzte, edo alderantziz; inork itzuri egin ezin dion amaraun-sarea delako patua, hari ikusezinez ehundua.

Honelakoxe istorio txikiak, xumeak maite eta idazten zituen idazle italiarrak; familiarteko istorioak eta pertsonaia arruntak ziren bere narrazioen lehengai, eguneroko errealitatea baitzuen agortezineko literaturgai. Lagun baten erretratua deituriko testuan, bere idazle eta lagun bat —izenik eman gabe— kritikatzen zuen hark ez zuelako maite “existentziaren eguneroko jarioa, uniformeki eta, itxuraz, sekreturik gabe aurrera egiten duena”. Berak, Ginzburgek, ostera, existentzia kotidianoaren sekretuak (ikusi ez arren, izan badirenak) ezagutu nahi ditu, ikusten ez diren patuaren hariak arakatu. Eta horregatik, eta horretarako, zuzenean so egiten dio inguruko errealitateari, gertuen duen mundua literatura bilakatuz, begirada zorrotz eta aldi berean inuzentez. Istorio xumeetan, nobela txikietan, literatura handia kabitzen dela erakutsi baitzigun Ginzburgek.

Hitz zaurituak

Sufrimenduzko garaietan, idazleak fantasiarako tarte gutxi duela pentsatzen zuen palermoarrak. Halakoetan, egiak behar duela idazleen helburu utziezin. Oinazeak harrapatu gaituenean ezin zaiola egiari iruzur egin. Eta horregatik, II. Mundu Gerra hasita kaleratu zen nobela honetan, gupidarik eta kontzesiorik gabe idazten du Ginzburgek, amorruz. Hamazazpi urteko nerabearen begirada inuzenteak egia ikusteko duen gardentasun mingarriz.

Zauritzen duten labanak dira liburu honetako hitzak, errealitatearen diana zulatzen duten dardoak. Hizkuntza hotza, zehatza, apaindurarik gabea da Ginzburgena. Ez du irakurleak deskribapen luzerik, gogoeta mamitsurik aurkituko. Hitzak kontu handiz neurtzen ditu idazleak, eta, hala, kolore batek, objektu batek, ezaugarri batek sugeritzeko ahalmen neurtezina lortzen du narrazioan, non isiltzen denak esaten denaren adinako garrantzia hartzen baitu.

“Begiratzen ez dakienak, istorio ona izan arren, frakasatu” egiten duela irakurri genion nobela euskarara ekartzeaz arduratu den Pello Lizarralderi. Eta zorretan geratu gara harekin euskal irakurleok, hain begiratzeko modu berezia eta hain ahots berezkoa duen idazle bat eskueran jarri digulako.

Azken kritikak

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak