kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Ispilu hautsia / Merce Rodoreda (Antton Olano) / Alberdania-Erein-Igela, 2013

Ispilu hautsia Pruden Gartzia / unibertsitatea.net, 2013-09-18

Uda honetan irakurri dut liburu hori, poliki, aste pare batean akaso, ez baita ri-rau irentsi daitekeen ogitartekoa. Irakurketa mantsoa eskatzen du, niri behintzat. Eta miretsita geratu naiz. Nobela klasiko bat da, ia-ia hemeretzigarren mendetiarra ere esaten tentatuta nago, baina izan da hogeigarrenean ere horrelako franko. Familia katalan baten historia, belaunaldiz belaunaldi. Familia katalan aberats bat. Nahikoa tipikoa, ezta? Nork ez du tankera horretakorik irakurri edo aipatua ikusi, erran nahi baita, saga familiar horietakoren bat.

Berezitasunak bi alderditatik aurkitu dizkiot nik. Lehena, estiloa. Egilea, Mercé Rodoreda (1908-1983) katalan literaturako autore famatuenetarikoa da, idazle nazional horietakoa, nahi bada. Dirudienez (nik hari buruz dakidan guztia liburu honen hitzaurrean dago) bere lana II. Errepublikaren garaian abiatu bazuen ere, batez ere erbesteko lanekin kontsakratu zen. Horietako bat, famatuena, euskaraz ere badugu (Diamantearen plaza, 1962an katalanez argitaratua eta Maite Gonzalez Esnalek euskaratua, 1994an), baina badirudi aipagai dugun Ispilu hautsia (1974) zela berak bere lanen gailurtzat zeukana. Eta hizkuntzari eta narrazioaren ehunari dagokionez esango nuke baldintza guztiak betetzen dituela lan handitzat hartua izateko: hitz batean esateko, harrigarria da bere kapituluei darien literaturtasuneztia.

Baina beherago ere esango dugu beste zerbait horretaz, orain aurreko paragrafoan airean utzi dugun bigarren ezaugarria aipatu behar baita: nobela honen bitartez Kataluniako historiaren kapitulu bereziki interesgarri batean murgilduko gara zuzenean, nazionalismo katalan klasikoaren sorrera eta garapena, hau da, 1876-1939 bitarteko garaia, gutxi gorabehera. Denok dakigun bezala, nazionalismo hori euskal abertzaletasunaren garaikidea da ia-ia estriktoki, baina ezaugarri desberdin batzuk biltzen dituena, labur eta baldar esanda: aberatsen nazionalismoa da funtsean, burgesena, eta ez da independentista, autonomista baizik; hala ere, guztiz konprometituta dago katalan hizkuntza eta kulturarekin. Zerikusi gutxi dauka garai berean hemen zebilenarekin.

Zeren hemen, aldiz, garai berean oso-oso gutxi dira nazionalista gisa agertzen diren aberatsak (Sotatarrak, funtsean, eta ez zait beste inor bururatzen), abertzaletasunaren sostengu nagusia beti beheko klaseetatik datorrelarik: langileak, arrantzaleak, dendari eta antzekoak, asko jota tailer eta negozio txikien jabeak (ez pobreak, baina ezta ere bereziki aberatsak). Eta, bigarrenik, elite intelektual mehar (oso mehar) bat alde batera utzita, buruzagi nazionalisten engaiamendua euskararekin oso epela da (erretorikaz haraindi). Aldeaz jabe gaitezen aipa dezagun kasu enblematiko bat: Francesc Cambók (1876-1947), nazionalismo katalan burges, autonomista eta eskuindarraren lider nagusiak, beti-beti hitz egiten eta idazten zuen katalanez, aukera zeukan guztietan; bere burkideekin daukan gutuneria guztia sistematikoki da katalanez, hil ondoren argitaratu zizkioten Oroitzapen mardulak ere (Mémories, Meditacions, Dietari, 1876-1946) katalanez daude, hiru tomoak. Eta hori, gehiena 1936tik aurrera idatzia dela, hots, Francori laguntza ekonomiko oparoa eman ondoren gurutzadak aurrera egin zezan. Ez, benetan, ez gaitezen bide horretatik abiatu, mingarriegi suertatuko zaigu agian konparaketetan hastea ; itzul gaitezen Rodoredarengana.

Rodoredak erbestera jo zuen 1939an eta hantxe bizi izan zen ia-ia diktadorea hil zen arte. Diferentzia politikoak gora behera (katalanen artean ere oso latzak izan omen ziren), katalan guztiek beren hizkuntza eta kulturarekiko zeukaten konpromiso esplizituaren erakusgarria izan omen zen. Liburu hau bera gerraurreko gizarte horren ispilu izateko idatzi omen zuen, baina ispilu hautsia. Izan ere, katalanismo burges horrek erreka jo zuen guztiz gerran eta badirudi gure autorearen asmoa izan dela joandako garai haien erretratua berregitea, 1900-1936 bitartean urrezko aro moduko bat bizi zuen klase sozial baten gomuta gogora ekartzea, ahanzturatik erreskatatzea. Burges katalanak, burges katalanistak.

Nobelan bertan, dena den, erreferentzia politiko zuzenak minimoak dira. Giro soziala da nagusitzen dena, pertsona horien, klase horren, egunerokotasuna. Eta ez dezadan ezkuta, nire begietan liburuaren orrietan barna aurkituko ditugun pertsonaiak, funtsean, inpresentable koadrila bat dira, aberaskume negargarri batzuk, niri, behintzat, antipatia natural bat sortzen dizkidatenak. Nahi nuke pentsatu, gainera, Rodoredak berariaz aukeratzen duela bere koadroa klase sozial horri mugatzea, berez askoz ere interesgarriagoa izan zitekeen katalanismo populista, langile, errepublikano eta anarkiazalea baztertuz (zeren hori ere egon zen Katalunian katalanismo burgesaren alboan), baina edonola ere liburuan ez duzu horrelako ia ezer aurkituko. Aberatsak, beren pribilegioez gozatzen eta beren miseriak ezkutatzen, horra liburuaren hari nagusia.

Azken paragrafo batean itzul gaitezen Rodoredaren estilora. Poza, benetako poza ematen du Antton Olano Irurtiaren euskarazko bertsioa irakurtzea. Poza ematen du ikustea katalanak gai izan diren bezala beren hizkuntzarekin goi-literatura moderno bat sortzeko (liburu hau, adibidez) euskaldunok gai garela hori bera euskara txukun, aberats eta atsegin batean emateko. Euskara batuan. Euskara batua ez baita bakarrik (garai batean oker esaten zen bezala) eskola, komunikabide eta administraziorako, baizik eta baita ere goi-mailako kultura bat behikulatzeko, egungo ezein euskalki garatu ez bezala. Izan ere garrantzitsua izan daiteke, adibidez, liburu honetan euskalki usainik ez egotea. Baina azken baieztapen horrek urrun eramango gintuzke, gera gaitezen hemen.

Eta agian, puntu honetan, Lizardiren poema hura gogoratuz buka dezagun (baina nik, hizkuntza larrekoa, nahi haunat ere noranahikoa), Lizardi bera garai horretan bizi izan baitzen eta bere ametsa, estrainioki, Rodoredaren bidez ikusi baitu gauzatua. Paradoxak.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak