kritiken hemeroteka

8.417 kritika

« | »

Aldjezairia askatuta / Txomin Peillen / Txalaparta, 2013

Ikasi des-ikasteko Mikel Asurmendi / Berria, 2013-07-28

“Baliteke beste itsukeria handiagoak gertatu izana gerra hartan, baina ezagutzen ditudanaz mintzo naiz”. Hitzok liburu hibrido honen egile Txomin Peillen Karrikabururenak dira. Bejondeizula Parisen sortu —arraioa, 1932an sortu ere— Zuberoako Santa Graziko seme hori. Hibridoa baiki: historia, ipuinak, lekukotasunak biltzen baititu, baita poema bat ere. Poema Abd El Kader-i eskainia. Lehen aljeriar musulman estatuaren eraikitzailea.

Aldjezairia askatuta edota Euskadi askatuta, horra historiaren bilakaeran soinu bakarreko bi oihu agian —agian, zuberotarren gisara—. Lehena Estatu izana, kolonizatua eta okupatua, eta berriz ere, halaxe bilakatua. Bigarrena, artean oihu ozena baino ez, historiaren nondik norakoan bere lekuaren xerka dabilena. Gurea, hots.

Hiru atal, epilogoa eta hitzaurrea. Hitzaurrea Joseba Sarrionandiarena. Peillen “lekuz kanpo zebilen”-eko garaia oroitarazi digu iurretarrak. Arabiar kulturaren zalea zen Peillen, baita kultura amazigharen zalea ere. Iurretakoak hitzaurrea izkiriatzea ez da kasualitatea. Kausalitatea ote den pentsu dut lipar batez. Honelaxe diosku Moroak gara laino artean? saioaren egileak: “Aljeriarekiko bere afektuaren eta bere enpatiaren froga da bost ipuinetako narratzailea afrikarra dela, europarra hiru ipuinetakoa den artean. Gero, egiaren bilaketa bat dago testu guztietan”.

1958. urte aldean sortu ginenok ez geunden orduko Aljerian, prefosta. Peillen gazte hura bai. Frantziako armadan erizain lanetan ari zen. Aditua izatea ez da aski, aritua izan behar da, mundua eta bizitza zer diren ezagutuko badugu. Merezi du liburuak, merezi duenez. Garai hartan idatzia duzu berau.

“Estatua eta ordena batetik, eta terrorismoa eta gaiztakeria bestetik”. Horra berba zurrunetan gizateria deskribatzeko lerro-buru bat. Lerroburuek errealitatea desitxuratu ohi dute —kazetariok badakigu horretaz zerbait—; alta, adierazten dute errealitatearen partea ere. Nahiz zenbaitetan, bestera irakurtzea ere komeni den: “Estatua eta terrorismoa batuta daude eta ordena —zuzentasuna— ezarri nahiak gaiztakeria ekartzen du”.

Aldjezairia askatuta-k “legez kanpokotasuna” ezagutzera ematen digu, ederki eman ere. Izan ere, ba ote askatzaile izan, justiziaren xerka injustiziaren partitzaile bilakaturik? Galderak ez du erantzun errazik. Hara zer dioskun Gilabert Narioo biarnesak: “Lo patriota que resisteish a una armada d’ocupacion tant que n’a pas ganhat qu’ei un terrorista”.

Galdetu frantziarrei De Gaulleren berri: askatzailea! Hots, frantziarren askatzailea nazien okupazio garaian. Galdetu Mitterrandez: berdin. Galdetu aldiz aljeriarrei? Frantziako justiziaren buru zen Mitterrand: “Etiam innocenti cogit mentiri dolor / Minak errugabeak gezurti bihurtzen ditu”. Haiek, aljeriarrak, Felaga hasi ziren frantziar okupatzaileen aurkako gerran eta garaile jalgi. Terrorismoa hitza ere garaitu zuten. Eta gu? Horra ikasgaia. Eta gu? Zer gara gu? Erantzuna, erantzun ofiziala, historiaren bilakaerak ekarri digu.

Bizkitartean, Aljeriako basamortuan aurkituko duzu Peillen: erizainaren lana egiteaz gain, ur-bilatzearen lana egin zuen zuberotarra. Gu jaio ginenerako zer ez zuen ikasia santagraztarrak. Euskararen iturri oparoak kausitua zituen ordurako. Arabiar hizkuntzen hamaika eleen ezagule eta ekarle bilakatu zen. Zer ez zuen bizitua, alajainkoa!

Haiek vascos/basques euskaldunak garela ikasi behar dute eta guk berbereak amazighak direla ikasi ere. Ikasi ere felaga, smala, harki, rumi hitzen bestaldeko munduaren berri, besteak beste. Hots, ikasi baita des-ikasi ere.

Azken kritikak

Hetero
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Nagore Fernandez

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Asier Urkiza

Itzulpena-Traducción
Angel Erro

Jon Martin-Etxebeste

Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak