kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Bizitza amets / Calderón de la Barca (Xabier Paya) / Alberdania-Erein-Igela, 2013

Ospelaren adierak Igor Estankona / Deia, 2013-07-27

Arriaga antzokian, orain dela urte asko, markaturik utzi ninduten hitzok entzun nituen: “¿Qué es la vida? Un frenesí. / ¿Qué es la vida? Una ilusión, / una sombra, una ficción, / y el mayor bien es pequeño: / que toda la vida es sueño, / y los sueños, sueños son”. Eta Xabier Payák sentitu arazi dit izu bera, plazer berbera, itzulpen sano natural batekin. Beharleku horretan emandako mila bueltek eta ezinbesteko zalantzek ez dute emaitza astundu. Arina da, pisurik bakoa, errimak eurak ere euskarara ekartzeko ahalegin ordainezina: “Zer da bizitza? Ospela. / Zer da bizitza? Desira, / isla, eromen, distira; / altxor oro da trakets, / oro da bizitza amets / eta ametsak amets dira”.

Izan ere, itzultzaileak berak dio hitzaurrean Valentín García Yebraren En torno a la traducción laneko oharra izan duela presente beti, alegia, prosazko itzulpen on bat bertsotan egindako itzulpen txar bat baino hobea dela, baina bertsotan egindako itzulpen on bat prosazko itzulpen on bat baino hobea. Eszeptiko xamar nintzen ni ere liburura hurreratu nintzelarik, eta duda oro kendu dit Payáren lorpenak: egin du klasiko bat itzuli eta berdetu, eta Espainiako Urrezko Aroko antzerkigintzaren bizitasun berezi hori gordetzea lortu du gainera. Ez da broma. Orain dela aste bete bukatu berri dut Seamus Heaneyren Cadena humana, gazteleraz, eta ingelesetik ekarri dute txarto, nekagarri, hain zuzen ere bertsotan itzultzearen obsesio zentzu bakoagatik.

La vida es sueño bizia da berez, sakona, bikaina erritmoan, gaur egungoa eta betikoa, eta idatzi zuteneko garai-garaikoa. Unibertsala, berba baten. Literatura Unibertsaleko gure euskal liburutegiak behar zuen osorik, behar zuenez, Payáren itzulpen hau. Uberan-en egindako elkarrizketan adierazten du ederto zergatik den hain itzela: “Antzezlanak gizabanakoen patuaren eta askatasunaren arteko talka du langai, Barrokoko beste hainbat lanen ildoari jarraiki: ameslariak zer amets egiten duen ez dakien bezalaxe, gizakiak ez du bere bizitza erabakitzen, baina Segismundo protagonistak aurre egingo dio patuari. Pertsonaiak pasioak eta sentimenduak dituzten gizakiak ez ezik, badira izaera unibertsaleko balioen eta ideien sinboloak ere: astroen iragarpenak ikaratuta semea giltzaperatzen duen erregea; bizi duena ametsa edo errealitatea den ez dakien printzea; gizonez mozorrotutako emakumea; zerbitzari barregarria… Nik uste dut obra irakurtzen edo ikusten duen orok topa dezakeela bere burua eszenetan. Azken batean, denok egin behar diogu aurre patuari; hori ez da aldatu azken laurehun urteetan, eta ez da aldatuko hurrengo laurehunetan ere”.

Segismundoren abenturak terribleak dira. Bere aita Basilio erregeak susmatu du patuak bihurtuko duela Segismundo agintari krudel, eta preso sartzen du jaio eta berehala. Bizi da sinestarazi dioten munduaren eta ametsen artean, benetan bizi barik bizitzen, eta pertsona ororen aurpegi biak erakusten ditu: presondegian malenkoniatsu eta otzan, sumindurik eta agintekeriaz gortean. Filosofikoki aberatsa da Bizitza amets, patua eta askatasunaren artean bere burua —eta bertutea, eta oreka— aurkitzen baititu Segismundok. Pertsonaia nagusi horrek eta inguruko guztiek era askotako lezioak ematen dituzte ordea: bizitzaren absurduaz, printzeek izan behar duten jendetasunaz, polisaren administrazioaz, botereaz, justiziaz… Ohartzen bazarete, atzoko, gaurko eta biharko dilemak dira guztiak ere.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak